Link castellano

2016(e)ko azaroaren 26(a), larunbata

Argiztapen Sistemen Bilakaera (I)

Itsasargiak irismen luzeko argiak dira eta dorre gainetan kokatzen dira kostako puntu jakin eta esanguratsuetan, edo irla eta arrezifeetan, izan ere, nabigatzaileek ezagutzen dituztenean, haiekiko eta itsasoko mapa nautikoen arabera kokapena zehaztu dezakete. Behin itsasargia ikusita indibidualki identifikatuak izatea posible izan dadin, itxura argitsu bat ematen zaie, alegia, aldia deitzen zaion denbora tarte batean egiten diren argi eta iluntasun faseen multzoa da.


ERREGAIAK ETA LANPARAK
Erregai desberdinen erabilera bi baldintzen arabera ematen zen: haiek lortzeko erraztasuna eta deskubrimendu berriak.

Egurra
XVIII. mende amaiera arte itsasargi guztiak sua piztuta argiztatzen ziren, egurra erabiliz eta dorreen goiko aldean jarrita.
Egurren karga gora igotzeko lan nekezagatik, behar izaten ziren kopuru handiagatik eta euri eta elementu naturaletatik babesteko zeukaten zailtasunagatik kasu askotan ordezko gisa oliozko lanparatxoak erabiltzea ekarri zuen, azken hauek irismen askoz txikiagokoak.

Kandelak
Kandelak ere Erdi Arotik erabili ziren. Ondorengo bilakaeretan, kobrezko islagailuak erantsi zitzaizkien baina horren emaitza ez zen oso ona, izan ere garra fokuaren erdigunetik mugitu egiten zen, argiaren intentsitatean oszilazio nabariak eraginez.

Ikatza
Ikatza gero eta gehiago erabiltzen hasi zirenean, erregai konpaktuagoa eta iraupen luzeagokoa lortu zen. Nahiz eta egurrak zeuzkan funtsezko desabantailak mantentzen zituen, meategietatik garraiatu beharrak arazoak areagotuta gainera, ikatza erretzen zuten itsasargiak dezente onartuagoak ziren marinelen aldetik, distantzia luzera ikusten zirelako.

Olioa
Olioaren konbustioa ez zen ona. Airea dispertsatu egiten zen eta behar zen tokian, justu garrean, urria zen, eta ezin zuen ikatzarekin lehiatu, islagailuen bitartez indartzen zen arren. Arazo hau konpontzeko hobetze sistema desberdinak aplikatu ziren, Argand lanparak adibidez, korronte bikoitzekoa, edo metxa askotako lanparak.
Herrialde bakoitzean zeukan kostuaren eta lortzeko erraztasunaren arabera, olio mota desberdinak zabaldu ziren. Horien artean zeuden begetalak, koltzakoa, kakahuetearena, oliba, liho eta kokoarena eta animaliena, balea eta urdaia.

Petrolioa
1859an petrolioa iritsi zenean, olioak kolpe handia jaso zuen eta erabiltzeari utzi zitzaion. Hasiera batean errezeloa izan bazen petrolioa erabiltzeko, sukoitasun handikoa izateagatik eta ke handia sortzen zuelako, denborarekin egin ziren hobekuntzen bitartez gainditzen joan ziren.

Gasa
Itsasargien argiztapenerako egurra destilatzetik sortutako gasa erabiltzeko lehenengo esperientziak XIX. mende hasierakoak dira.
Erregai honek hiru eragozpen garrantzitsu zituen: fabrikatzeko beharra, presioan itxitako ontzi hermetikoetan garraiatzea eta manipulazioa.
Azetilenoa izan zen erabilitako guztien artean unibertsalena, butanoa eta propanoaren oso gainetik.

Elektrizitatea
1853an hasi ziren erabiltzen Holmes irakasleak eginiko deskubrimenduekin, sorgailu elektriko bat diseinatu eta eraiki baitzuen lurrinezko makinen bitartez mugituta, zeinek bi ikatzek bereizitako distantzian eratutako arku elektriko bat elikatzen zuten, haren poloetara konektatuta.
1870ean agertu ziren Gramme sorgailuak,ordura arte erabiltzen zirenak baino indartsuagoak, txikiagoak, fidagarriagoak eta askoz ere kostu txikiagokoak. Aplikatzen hasi eta gero elektrizitatearen erabilera zabaldu eta orokortu zen eta berehala bihurtu zen ordezkaezin.



Energia olatuek sustatuta


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina