Link castellano

2015(e)ko uztailaren 29(a), asteazkena

Ortegal lurmuturreko itsasargia

Concello de Cariño-n kokatzen da itsasargi hau (43º46’3’’N-07º52’2’’W) eta 1982an egin zen proiektua. Urte horretan onartu zen Ministerioko Agindu bat eta 1983an amaitu zuten eraikitzen.

Bere dorre zirkularra, tipologia normalizatukoa, hormigoiz eraikita dago eta 3 metroko diametroa eta 10 metroko altuera du. Zuria da, zerrenda gorri bat margotuta, eta bi balkoi ditu kanpo aldera 4,70 metro diametrokoak.

Optika dioptrikoa da eta barnean goritasun-lanpara bat dauka. Foku planoaren altuera 124 metrokoa da. Argia 8 segundoan behin ezkutatze-multzoka egiten du eta 18 itsas miliataraino iristen da.

Itsasargiaren parean Os Tres Aguillóns ikus daitezke, hiru haitz zorrotz dira, bi itsasoren indarrari desafio egiten dietenak. Multzo ikusgarri honen aipamena egin zuen jada duela mende batzuk Ptolomeo greziarrak Hiru Zuriak izenez, agian irlatxo hauetan atsedenik gabe lehertzen diren uhinek sortzen dituzten aparrak aipatuz, edo agian han zegoen martin hegaztiaren kolonia handiak sortzen zuen guanoagatik.

Puntu hau Erdi Aroko Senderismoaren Ibilbide Luzearen (GR50) abiapuntua da. Rias Altas eremuan era honetako bakarra da eta toki hau eta Betanzos-eko kasko historikoa lotzen ditu. Horrela beraz, paraje honetan aurkitzen dira Galiziako harkaitzik antzinakoenak.

Mendebaldera, labarrek poliki-poliki altuera handiagoa hartzen dute Atlantikoaren gainetik. Lehenik eta behin Punta do Limo ikusgarria topatzen da. Horren atzean, itsas gainetik 613 metroko gehienezko kota Vixía Herbeira izenekoak finkatzen du. Kokapen hau itsaslabarrik altuena da Europa erdialde eta hegoaldean, Norvegiako fiordo batzuek soilik gaindituta.

Lurmuturra ekialdetik Kantauriko lehen itsasadarrak mugatzen du, Cariño eta Ortigueira herriak partekatzen dutena. Europako estuariorik garrantzitsuenetako bat da. Harago Estaca de Bares lurmuturra ageri da, askotan lanbroak ezkutatuta geratzen dena.




2015(e)ko uztailaren 22(a), asteazkena

Elkarrizketa "Hoy por Hoy Gipuzkoa" saioan

Gure elkarteko presidenteari eta idazkariari egindako elkarrizketa Cadena SER irratian, Hoy por Hoy Gipuzkoa saioan.



2015(e)ko uztailaren 4(a), larunbata

Estaca de Bares Muturreko itsasargia

Hurbileneko itsasargiak ezagutu eta gero, bisitatu ditugun beste itsasargietako batzuk deskubrituko ditugu.

Galiziako iparraldean kokatuta dago, O Barqueiro-ko itsasadarraren sarrera egiten duen lurmuturraren gainean, penintsula osoan iparraldeen dagoen itsasargia da (43º47’3’’N - 7º41’0’’W). Ventueiro izeneko mesetan dago, gain batean, eta horren luzapenak "Estaca de Baresko Muturra" izenekoa eratzen du. Hortik dator bere izena eta Atlantiar ozeanoa eta Kantauri itsasoaren arteko muga imaginarioa da.

Aurrekari historikoak 1846an hasten dira, bi itsasargi berri egiteko proposamena egin zenean, bat Fisterran eta bestea Ortegal lurmuturrean eraikitzeko. Marinel eta praktikoen iritzia eskatuta, Ortegal-en egin nahi zenaren kokapena aldatu egin zen, Estaca de Baresko lehen mailako itsasargi bat egiteko, eta proiektua lantzeko agindua eman zen, Espainiako Kostetan Argiteria jartzeko Lehenengo Planean sartuz. Proiektua Felix Uhagón ingeniariak egin zuen eta 1849ko abenduan hasi ziren lanean, etengabeko denborale bortitzaren erdian. 131830 erreal kostatu zen. Hurrengo ekainean eta uztailean ekipo optikoa jarri zen eta beharrezko probak egiteko argiak piztu ondoren, 1850eko irailaren 1ean piztu zen behin betiko, argi zuri birakariaren forman, minuturo eklipseak eginez.

Hiru dorrezain aritzen ziren, lehena edo nagusia, bigarrena eta hirugarrena. Sautter lanpara mekaniko bat zeukan, erlojuek erabiltzen zutenaren antzekoa, hainbat zatiz osatua: makina, olio depositua, bonbaren gorputza, igotzeko tutuak eta metxeroa. Azken hau bost metxakoa zen eta denbora askoan erregai gisa erabili zituzten oliba olioa, parafina eta petrolioa. Era horretan funtzionatu zuen 1905eko abuztuaren 20ra arte. 1861ean karro zirkularrean eginiko aldaketa izan ezik, Lucio del Valle-ren proiektuaren arabera, errodamenduko pisten desgastea murrizteko, apenas egin zitzaion berrikuntzarik. 1948ko irailaren 16an erloju-makina berri bat jarri zuten eta horren bitartez abiadura handitu zen, 10 segundoan behin distirazko argi desberdinen itxura emateko. 1939ko Herri Lanetako Plan Nagusiaren bitartez elektrifikatzea onartu zen eta linterna aeromaritimoa eta sirena bat jartzea ere bai, eta horrek funtsezko aldaketa ekarriko zuen bai bizigarritasunean eta bai kanpoko itxuran. Proiektua 1949ko maiatzekoa da eta gauzatu ondoren gaur egun itsasargiak daukan itxura hartu zuen.

1993an Ferrol-San Cibraoko Portuko Agintaritzak itsasargia bere egin ondoren, argi-ekipo erabat berria jarri zen. Gainera oso-osorik monitorizatu zen Ferrol-eko portuan dagoen Kontrol Zentrotik gainbegiratu ahal izateko. 1998an itsasargiko LB-100 irratia kendu eta Datum WGS84-erako erreferentziazko DGPS estazio bat jarri zen, gaur egun ere funtzionatzen ari dena. 2003an kanpoko itxura berritu eta hobetzeko lan garrantzitsuak egin ziren. 2005ean, Estatuko Portuak erakundeak AIS (Automatic Identification System) oinarrizko estazioa instalatu zuen eta berorren egiteko nagusia da zonalde horretatik nabigatzen duten ontziei buruzko informazioa ematea kontrol zentro bati. Argia bi distirako multzoetan egiten du zazpi segundo eta erdian behin, eta 25 itsas miliatako irismen nominala du.