Link castellano

2015(e)ko abenduaren 12(a), larunbata

Infografia: kostaldeko itsasargiak

Antzinako garaietatik, itsasargiek nabigatzaileentzat gidari lanak bete izan dituzte kostaldetik gertuko zeharkaldietan. Beranduago, teknologia berriak sortu diren arren, radarra eta GPSa adibidez, nabigaziorako erreferentzia-puntu garrantzitsuak izaten jarraitzen dute.

Jarraian, infografia bat erakutsiko dugu, non elementuak, ezaugarriak eta berorien funtzionamendua zehazten diren.




2015(e)ko abenduaren 2(a), asteazkena

2015eko Euskal Kostaldeko Gabonetako Azoka

Aurten ere Eguberriak ospatuko ditugu Euskal Kostaldeko Gabonetako Azokarekin. Irunen (Gipuzkoa) egingo da abenduaren 5etik 8ra.

10. edizio honetan gure Elkartea bertan izango da ELKARTUZ izeneko espazioan. Hemen aukera izango dugu gure jardueraren hedapena egiteko, informazioa eman eta gure itsasargi kuttunekin zerikusia duten baliabide desberdinak erakusteko. Gainera, bazkide egin nahi baduzu, nola egin azalduko dizugu.

Hilaren 6an, igandea, eta 7an, astelehena, goizeko 11:00etan hasi eta gaueko 21:00ak arte egongo da gure Elkartearen standa FICOBA-ko 3. pabilioian egokitutako lekuan. Etortzera animatzen zaitugu, eta albiste honen hedapena egitea ere bai. Azkenik, jakinarazten dizugu aparkalekua dohain dela.

Zatoz! Laster arte!




2015(e)ko azaroaren 27(a), ostirala

La Lande itsasargia

La Lande itsasargia (48°38’207’’N - 3°53’120’’W) Morlaix badiaren behe aldean kokatzen da. Harlangaitzezko dorrea da, etxebizitza gisa erabiltzen den eraikinaren ondoan. 20.35 metroko altuera du.

Itsasargi hau 1840ko hamarkadan eraiki zen Frantziako kostaldeko argiztapen programa garrantzitsu baten barnean. Lehen aldiz 1845eko abenduaren 1ean piztu zen.

1993an automatizatu zen eta instalazioa Créac'h estaziotik (Ouessant) kontrolatzen da. Gaur egun ez da inor bizi bertan, eta bisitatu ere ezin da egin.

Argiak 5 segundoan behin distira zuriak egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko azaroaren 20(a), ostirala

Beg Leger itsasargia

Beg Leger itsasargia (48º44’4’’N - 3º32’9’’W) Lannion ibaiaren bokaletik iparraldera kokatzen da eta izen bereko hiriko portura sartzea ahalbidetzen du.

Itsasargi hau 1883 eta 1884 artean eraiki zen Lasné eta Guillemoto ingeniarien ardurapean, eta 8 metroko altuera du. Hasierako linterna argi finko zuri, gorri eta berdedunaz ekipatuta zegoen eta 1885eko urtarrilaren 1ean piztu zen lehen aldiz. Gero, 1946an, argia aldatu egin zen eta 12 segundoan behingo hiru sektore eta lau ezkutaldidun beste bat jarri zen.

Gaur egun ez dago inor bertan, baina automatizatuta dago.




2015(e)ko azaroaren 14(a), larunbata

Min Ruz itsasargia

Min Ruz edo Ploumanac'h itsasargiak (48º50'3"N - 03º29'0"W) babes porturako sarrera seinaleztatzen du eta, bide batez, Sept-Îles kanaletik bideratzen ditu nabigatzaileak, lurraren eta izen bereko artxipelagoaren artean dagoen pasabide estu bat.

Inguru apartan kokatzen da eta bertara iristea nahiko erraza da. Granito arrosazko dorre piramidal bat da, 15 metroko altuera duena.

Lehenengo itsasargia 1859 eta 1860 urte bitartean eraiki zen eta 8.90 metroko altuera zuen. Eskailera batetik igotzen zen linternara, argi gorri finko batez ekipatua, 8 itsas miliatatik ikus zitekeena. 1860ko abuztuaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1944ko abuztuaren 4an tropa alemaniarrek suntsitu zuten.

Egungo itsasargia 1948an amaitu zen eraikitzen eta urte bereko urrian piztu zen. Argia, 4 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta gehienez 12 itsas miliataraino iristen da.




2015(e)ko azaroaren 4(a), asteazkena

Les Héaux de Bréhat itsasargia

Les Héaux de Bréhat itsasargia (48°54’505’’ N – 03°05’177’’ W) Épées de Tréguier arrezifeetan aurkitzen da. Saint-Brieuc badiaren mendebaldeko ertza seinaleztatzen du.

Harri taillatuzko harlangaitzezko dorre zilindrikoa da.

Itsasargi honen historia 1832ko abenduan hasi zen, egurrezko aldamio batean behin behineko sua piztu zenean, baina urtebete beranduago ekaitz denborale batek bota egin zuen.

1837 eta 1840 artean dorre zilindrikoa eraiki zen eta urte batzuetan osatzen eta hobetzen joan ziren.

1944ko abuztuan alemaniarrek dorrearen goi aldea dinamitatu zuten. 1947 eta 1949 bitartean berreraiki zen eta egun daukan 56.60 metroko altuera eman zioten.

1979an itsasargia elektrifikatu egin zen eta aerosorgailu bat jarri zuten. Jada automatizatuta, azkeneko zaintzaileak 1982ko uztailaren 9an joan ziren bertatik.

Argia sektoreka egiten du, hamabost segundoan behin lau distira eginez.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.




2015(e)ko urriaren 27(a), asteartea

2015(e)ko urriaren 22(a), osteguna

Bodic-eko itsasargia

Bodic-eko itsasargia (48°48'746'' N – 03°05'462'' W) Trieux ibaiaren estuarioan dago, Lézardrieux eskualde bretoian.

Egungo eraikina Condemine eta Grattesat ingeniarien proiektu bat da. Honek ordezkatu zuen 1867ko urriaren 15ean piztutako itsasargia, Bigarren Mundu Gerran alemaniar tropek suntsitua, 1944ko abuztuan.

Harri leuneko harlangaitzezko dorre zilindrikoak, horma trapezoidal baten ondoan kokatua, 23 metroko altuera du.

Argi zuria egiten du, tarte erregularretan distira eginez, minutuko 50 distira hain zuzen, eta 21 itsas miliataraino iristen da.

Itsasargia automatizatuta dago.




2015(e)ko urriaren 21(a), asteazkena

2015(e)ko urriaren 16(a), ostirala

Fréhel lurmuturreko itsasargia

Fréhel lurmuturreko itsasargiak (48°41’046’’ N - 02°19’127’’ W) Saint-Brieuc eta Saint-Malo badien arteko pasabidea argiztatu eta ziurtatzen du, eguraldi txarra denean igarobide zailekoa baita.

Egungo itsasargia baino lehen beste bi izan ziren. Lehenengoa 1702koa zen eta dorrea biribila zuen, kiribil-eskailerekin. 1844ko irailean 22 metro altuerako dorre oktogonal bat eraikitzeko proiektua onartu zen.

Azkenean, 1947an, berreraikitzen hasi ziren. Eraikin berriaren arkitektura ez da aurrekoaren desberdina, baina instalazio funtzionalagoak ditu. Argia 1950eko uztailaren 1ean piztu zen, aldi berean elektrifikatuz.

Harlangaitzezko hormadun lauki formako dorreak 33 metro ditu eta U formako eraikin batean kokatuta dago. Harri angeluar handiengatik nabarmentzen da eta igogailua du.

Gela deigarrienetako bat saloi handia da, lau metro luze eta bi metro zabaleko fresko batez dekoratua, Armor Kostaldeko departamendu bretoiko itsasargiei dedikatua.

Argia bi distira zuriko multzoetan egiten du hamabi segundoan behin, eta 29 itsas miliatako irismen nominala du.

Itsasargia automatizatuta dago eta Saint-Malo hiriko itsasargi eta balizen azpisailetik kontrolatzen da instalazio hau.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.




2015(e)ko irailaren 30(a), asteazkena

Grand Jardin itsasargia

Grand Jardin itsasargia (48°40’201’’N - 02°04’971’’W) harkaitz baten gainean eraikita dago Bretainiako kostan. Bere egitura zirkularrak 10.70 metroko diametroa du oinarrian eta 6 metro goi aldean. Behetik gora honela banatzen da: sotoa, atondoa, logela, sukaldea, bigarren logela, zainketa gela zodiakoaren zeinuez apainduta, eta azkenik, linterna 24.46 metrora. Dorreak 32.71 metroko altuera du.

Lehenengo itsasargia 1865ean eraiki zen eta hiru urte beranduago piztu zen lehen aldiz. Itsasargia alemaniarrek suntsitu zuten 1944an, sotoan 400 kiloko dinamita jarriz.

Itsasargia berriz eraikitzeko lanak 1949ko apirilaren 20an amaitu ziren eta 1950eko udan piztu zen. 1978an hasi zen elektrifikatzen eta 1979an amaitu. Argi nagusia egiteko 90 watteko lanpara erabiltzen zuen eta 40 watteko beste bat erreserbarako.

Itsasargia automatizatuta dago eta Saint-Malo hiriko itsasargi eta balizen azpisailetik kontrolatzen da instalazio hau.

Argiak 10 segundoan behin bi distira egiten ditu eta 15 itsas miliatara iristen da.

Egun, 35 watteko halogenuro metalikodun lanpara batekin funtzionatzen du argi nagusirako, eta 40 watteko lanpara halogenoa du erreserbarako.

2012ko urriaren 3tik monumentu historiko izendapena dauka.




2015(e)ko irailaren 21(a), astelehena

Pierre de Herpin itsasargia

Udako oporraldiak igarota, blog honetako zereginei berrekingo diegu. Horretarako, urte batzuetan bisitatu izan ditugun itsasargi bretoi desberdinak erakutsiko dizkizuegu.

Pierre de Herpin itsasargiak (48°43’766’’ N - 01°48’904’’ W) Mont Saint-Michel badiako sarrera erakusten du. Pierre de Herpin harkaitzaren gainean eraikita dago, Grouin muturretik ipar ekialdera, Cancale herrian. Dorrea zilindrikoa da eta 23.77 metro ditu. Oinarri biribilak olatuei aurre egiteko sendotasun handia ematen dio.

Itsasargi hau eraikitzea 1864ko urriaren 25ean onartu zen baina 1876 arte ez ziren hasi eraikitzen. Grand Jardin (Saint-Malo) itsasargiaren estilo berekoa da, desberdintasun batekin, Bigarren Mundu Gerran ez zutela suntsitu. Itsasargia 1882an piztu zen.

1909an lainoa zenerako sirena bat jarri zen eta 1932an berritu zen. 1940an, okupazio garaian, itsasargia itxi egin zen baina hamabostean behin mantentze-lanak egiten jarraitu zuten. 1954an Itsasargien Komiteak soinu bidezko seinalea kendu egin zuen energia kontsumoa murriztearren. Gorabehera ugariren ondotik 1964an sirena berriz ere funtzionatzen hasi zen. 1970ean elektrifikatu egin zen.

Argia, 6 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 13.6 itsas miliataraino iristen da.

Gaur egun, 90 watteko lanpara halogenoaz funtzionatzen du argi nagusia egiteko eta 40 wattekoaz erreserbako argirako.

Itsasargi hau automatizatuta dago eta Saint-Malo eskualdetik kontrolatzen da.




2015(e)ko uztailaren 29(a), asteazkena

Ortegal lurmuturreko itsasargia

Concello de Cariño-n kokatzen da itsasargi hau (43º46’3’’N-07º52’2’’W) eta 1982an egin zen proiektua. Urte horretan onartu zen Ministerioko Agindu bat eta 1983an amaitu zuten eraikitzen.

Bere dorre zirkularra, tipologia normalizatukoa, hormigoiz eraikita dago eta 3 metroko diametroa eta 10 metroko altuera du. Zuria da, zerrenda gorri bat margotuta, eta bi balkoi ditu kanpo aldera 4,70 metro diametrokoak.

Optika dioptrikoa da eta barnean goritasun-lanpara bat dauka. Foku planoaren altuera 124 metrokoa da. Argia 8 segundoan behin ezkutatze-multzoka egiten du eta 18 itsas miliataraino iristen da.

Itsasargiaren parean Os Tres Aguillóns ikus daitezke, hiru haitz zorrotz dira, bi itsasoren indarrari desafio egiten dietenak. Multzo ikusgarri honen aipamena egin zuen jada duela mende batzuk Ptolomeo greziarrak Hiru Zuriak izenez, agian irlatxo hauetan atsedenik gabe lehertzen diren uhinek sortzen dituzten aparrak aipatuz, edo agian han zegoen martin hegaztiaren kolonia handiak sortzen zuen guanoagatik.

Puntu hau Erdi Aroko Senderismoaren Ibilbide Luzearen (GR50) abiapuntua da. Rias Altas eremuan era honetako bakarra da eta toki hau eta Betanzos-eko kasko historikoa lotzen ditu. Horrela beraz, paraje honetan aurkitzen dira Galiziako harkaitzik antzinakoenak.

Mendebaldera, labarrek poliki-poliki altuera handiagoa hartzen dute Atlantikoaren gainetik. Lehenik eta behin Punta do Limo ikusgarria topatzen da. Horren atzean, itsas gainetik 613 metroko gehienezko kota Vixía Herbeira izenekoak finkatzen du. Kokapen hau itsaslabarrik altuena da Europa erdialde eta hegoaldean, Norvegiako fiordo batzuek soilik gaindituta.

Lurmuturra ekialdetik Kantauriko lehen itsasadarrak mugatzen du, Cariño eta Ortigueira herriak partekatzen dutena. Europako estuariorik garrantzitsuenetako bat da. Harago Estaca de Bares lurmuturra ageri da, askotan lanbroak ezkutatuta geratzen dena.




2015(e)ko uztailaren 22(a), asteazkena

Elkarrizketa "Hoy por Hoy Gipuzkoa" saioan

Gure elkarteko presidenteari eta idazkariari egindako elkarrizketa Cadena SER irratian, Hoy por Hoy Gipuzkoa saioan.



2015(e)ko uztailaren 4(a), larunbata

Estaca de Bares Muturreko itsasargia

Hurbileneko itsasargiak ezagutu eta gero, bisitatu ditugun beste itsasargietako batzuk deskubrituko ditugu.

Galiziako iparraldean kokatuta dago, O Barqueiro-ko itsasadarraren sarrera egiten duen lurmuturraren gainean, penintsula osoan iparraldeen dagoen itsasargia da (43º47’3’’N - 7º41’0’’W). Ventueiro izeneko mesetan dago, gain batean, eta horren luzapenak "Estaca de Baresko Muturra" izenekoa eratzen du. Hortik dator bere izena eta Atlantiar ozeanoa eta Kantauri itsasoaren arteko muga imaginarioa da.

Aurrekari historikoak 1846an hasten dira, bi itsasargi berri egiteko proposamena egin zenean, bat Fisterran eta bestea Ortegal lurmuturrean eraikitzeko. Marinel eta praktikoen iritzia eskatuta, Ortegal-en egin nahi zenaren kokapena aldatu egin zen, Estaca de Baresko lehen mailako itsasargi bat egiteko, eta proiektua lantzeko agindua eman zen, Espainiako Kostetan Argiteria jartzeko Lehenengo Planean sartuz. Proiektua Felix Uhagón ingeniariak egin zuen eta 1849ko abenduan hasi ziren lanean, etengabeko denborale bortitzaren erdian. 131830 erreal kostatu zen. Hurrengo ekainean eta uztailean ekipo optikoa jarri zen eta beharrezko probak egiteko argiak piztu ondoren, 1850eko irailaren 1ean piztu zen behin betiko, argi zuri birakariaren forman, minuturo eklipseak eginez.

Hiru dorrezain aritzen ziren, lehena edo nagusia, bigarrena eta hirugarrena. Sautter lanpara mekaniko bat zeukan, erlojuek erabiltzen zutenaren antzekoa, hainbat zatiz osatua: makina, olio depositua, bonbaren gorputza, igotzeko tutuak eta metxeroa. Azken hau bost metxakoa zen eta denbora askoan erregai gisa erabili zituzten oliba olioa, parafina eta petrolioa. Era horretan funtzionatu zuen 1905eko abuztuaren 20ra arte. 1861ean karro zirkularrean eginiko aldaketa izan ezik, Lucio del Valle-ren proiektuaren arabera, errodamenduko pisten desgastea murrizteko, apenas egin zitzaion berrikuntzarik. 1948ko irailaren 16an erloju-makina berri bat jarri zuten eta horren bitartez abiadura handitu zen, 10 segundoan behin distirazko argi desberdinen itxura emateko. 1939ko Herri Lanetako Plan Nagusiaren bitartez elektrifikatzea onartu zen eta linterna aeromaritimoa eta sirena bat jartzea ere bai, eta horrek funtsezko aldaketa ekarriko zuen bai bizigarritasunean eta bai kanpoko itxuran. Proiektua 1949ko maiatzekoa da eta gauzatu ondoren gaur egun itsasargiak daukan itxura hartu zuen.

1993an Ferrol-San Cibraoko Portuko Agintaritzak itsasargia bere egin ondoren, argi-ekipo erabat berria jarri zen. Gainera oso-osorik monitorizatu zen Ferrol-eko portuan dagoen Kontrol Zentrotik gainbegiratu ahal izateko. 1998an itsasargiko LB-100 irratia kendu eta Datum WGS84-erako erreferentziazko DGPS estazio bat jarri zen, gaur egun ere funtzionatzen ari dena. 2003an kanpoko itxura berritu eta hobetzeko lan garrantzitsuak egin ziren. 2005ean, Estatuko Portuak erakundeak AIS (Automatic Identification System) oinarrizko estazioa instalatu zuen eta berorren egiteko nagusia da zonalde horretatik nabigatzen duten ontziei buruzko informazioa ematea kontrol zentro bati. Argia bi distirako multzoetan egiten du zazpi segundo eta erdian behin, eta 25 itsas miliatako irismen nominala du.




2015(e)ko maiatzaren 28(a), osteguna

Ondasun publikoa enkantera

Balearretan, Valentzian, Andaluzian, Galizian... Estatuko portuetan helburu bat daukate: Espainiako itsasargiekin negozioa egitea. Beraiei berdin zaie itsasargia non dagoen edo zer nolako balio arkitektonikoa duen, begiratzen duten gauza bakarra da ea horrekin negozioa egin dezaketen.

Itsasargiez hitz egitea historiaz hitz egitea da: eraiki zen urtea, dorrearen altuera, argiaren irismena, distiraren erritmoa... Hala ere, Estatuko Portuak erakundea ez da gai horiek daukaten historia eta kultura ikusteko, izan ere, Estatuko Portuak erakundearentzat, gaur, itsasargiak, negozio on bat egiteko aukera bat baino ez dira. Bere dorreak duen altueraren metroek ez dute inporta: ez dira euroak. Bere argiaren erritmoak ez du baliorik: ez da eurotan idazten. Zerbitzuan egondako denborak ez du axola: ez dira jasotzeko euroak.

Galizia, Asturias, Kantabria, Katalunia, Balear, Valentzia, Murtzia, Kanariak eta Andaluziako jendeak, Erkidego bakoitzean, elkarte bat sor dezakegu eta gero horiek guztiak federazio batean elkartu, itsasargiak defendatzeko plataforma batean. Irabazteko aukera bakarra dago: elkartzea. Elkartzen ez bagara, elkarrekin egiten ez badugu, ez daukagu ezer egiterik gatazka honetan. Ezin da itxaron besteek bideak ireki ditzaten gero haietatik paseoan ibiltzeko: guk ireki behar ditugu. Elkarrekin lan egin behar dugu; bestela, hemendik denbora batera Espainiako itsasargi asko eta asko luxuzko jatetxe eta hotel bihurtuta ikusiko ditugu. Estatuko Portuak erakundeari errua botako diogu historiarekin, kulturarekin negozioa egin zuelako, baina denok izango gara horren erantzule, ez genuelako ezer egin hori ez gertatzeko.

Ekintza txarrak ez dira soilik egiten dituzten haien erantzukizuna; jakinaren gainean egonik, ez gertatzeko ezer egin ez duten haien erantzukizuna ere bada.




2015(e)ko maiatzaren 6(a), asteazkena

Biarrizko itsasargia

Biarrizko itsasargia 1830 eta 1834 bitartean eraiki zen eta San Martin muturreko (43º29´38´´N - 1º33´14´´W) itsaslabarraren gaineko koba batean kokatzen da.

Bere dorrea kono-enbor formakoa da, 47 metroko altuera du eta itsas gainetik 76 metrotara dago.

248 eskailera-maila igotzean, balkoitik, Landetara eta Pirinio hegoaldera dagoen ikuspegia izugarria da.

Itsasargi honek duen berezitasuna da bi kostalde desberdinen artean muga egiten duela. Alde batetik Landetako hareazko kostaldea dago eta, bestetik, Euskadiko kostaldeko harkaitzak eta harrobiak.

Itsasargia handitu eta elektrifikatu egin zen 1953an. 2009ko azaroan monumentu historiko deklaratu zen.

Argi zuria bi distirako multzoetan egiten du hamar segundoan behin, eta 26 itsas miliatara iristen da. Egungo optika 1904koa da eta lente zentrokidedun 4 panel ditu.

Gaur egun automatizatuta dago eta Baionatik gidatzen da, eta bisita daiteke.




Le phare de Biarritz a été construit entre 1830 et 1834, sur une grotte en la cime de la falaise de la Pointe de Saint Martin (43º29´38´´N - 1º33´14´´W).

Sa tour, légèrement troncoconique, a 47 mètres de hauteur et se trouve à 76 mètres au-dessus du niveau de la mer.

Quand on monte les 248 marches, la vue depuis le balcon du sud des Landes et des Pyrénées est impressionnante.

Ce phare a la particularité de marquer la frontière entre les deux côtes. D'un côté, on trouve la côte de sable des Landes, de l'autre les roches et falaises de la côte du Pays Basque.

Le phare est agrandi et electrifié en 1953. En novembre de 2009, il a été inscrit comme monument Historique.

De lumière blanche, Gp. 2D., 10sg, lui donne une portée de 26 m. L'optique actuelle date de 1904 et est de 4 panneaux de lentilles concentriques.

Automatisé et dirigé depuis Baiona, il est ouvert à la visite.


2015(e)ko apirilaren 15(a), asteazkena

Itsasargia odolean

Gaur Marinaren historia liluragarria ezagutuko dugu. Eskerrik asko gure adiskide Iriari (@irirarara) ondorengo idatzian bere sentimendu guztia jasotzeagatik eta Marinari, bere bizipenak gurekin partekatzeagatik:


Itsasoaren soinua. Bakardadea. Naturako bakea. Asfaltoaren urruntasuna. Itsasargiak misterioz, erromantizismoz eta nostalgiaz inguraturik izan ohi dira. Itsasargi batean bizitzea izan liteke bizitza idilikoa, nobeletakoa, ametsetakoa. Nahiz eta Marinak esaten digun berarentzat beti izan dela "oso bizimodu normala". Bere genetan itsasargiak daramatzan batek esaten du: "Historia nire ama aldeko birraitonatik dator eta, gero, nire ama eta aita aldeko aitona-amonetatik" dio. Itsasargiei lotutako zuhaitz genealogiko oso bat.

23 urte zituela, Bartzelonara bizitzera joan zenean hasi zen benetan baloratzen "paradisuzko tokietan bizitzeagatik eduki zuen zorte handia, eta ez eguna nolakoa den ikusteko leihotik burua atera behar izaten den etxebizitza batean". Ordura arte estatu osoan zehar banatutako bost itsasargitan bizi izan zen. Bere ama ere Almeriako itsasargi batean hazitakoa zen eta bere aitak Kanariar eta Balearretako itsasargietan igaro zuen haurtzaroa. "Heldu izan zirenean erabaki zuten horixe zela beraiek nahi zuten bizimodua eta Madrilera joan ziren beraiek ere farozain izateko oposizioak egitera. Han ezagutu eta maitemindu ziren".

Elkarrekin hastera zihoazen bizitza berri horretan lehenengo destinoa Vigo-ko itsasadarraren erdian zegoen uharte urrun bat izan zen, itsasgoran isolatuta geratzen zena. Han bizi izan zen Marina bere lehen urteetan, gero, hiru urte zituela, Almeriako itsasargi batera joan ziren arte. "Nire gurasoek egunero 80 kilometro egiten zituzten ni haurtzaindegira eraman eta beste haurrekin egon nendin" esaten du. Izan ere, ezer baino lehen, bere gurasoek nahi izan zuten haurtzaro "normala" izan zezala.

Hiru urte beranduago Tarragonara aldatu zuten bere aita. Bi urtez bizi izan ziren herrian bertan kokatuta zegoen itsasargi batean "beraz, han farozain baten bizimodua ez zen bakardade eta isolamenduzkoa" azaltzen du. Eta bi urte beranduago hirugarren aldaketa. Oraingo honetan Mallorcara joango ziren, bere aitaren sorlekua.

"Han bizi izan nintzen inoiz egon naizen itsasargirik ikaragarrienean, Pollença-ko portuko badian, ziurtatzen du. Itsasargi isolatua, hara joateko Guardia Zibilaren kontrol bat pasa behar zen". Bere aita zer enkargatua, zonalde hartako beste itsasargiena ere bai, horien artean Formentor-eko itsasargi mitikoa "uharteko bigarren ezagunena, gaur egun jatetxea dena" gaineratzen du.

Marinak bere haurtzaroaren normaltasunaz hitz egiten duenean azpimarratzen du bere gurasoek ahal zuten guztia egin zutela bere egunerokotasuna bere adineko beste edozein haurrena bezalakoa izateko. Baina eskola eta jolasteko arratsaldeak, denbora-pasa nolabait bitxiekin partekatzen zituen: "garai hartatik maitasunez gogoratzen dudana da nire aitona eta aitarekin arrantzan orduak igarotzen nituela itsasargi inguruko arroketan, soka eta egur taulez pinuetan eginiko zabuetan kulunkatuz, makilekin jolasten, harriekin eta espazio ontzian joango banintz bezala gurpilekin jolasten, inork joaten ez zekien kala zoragarrietan igeri eginez, mendian beste aldera zegoen eta inork joaten ez zekien erromatar garaiko hondakinetatik paseatuz, maskota bezala geneukan ahuntza zainduz (hondakinetan abandonatuta aurkitu genuen eta etxera eraman genuen), leihoan eserita irakurtzen…"

Bere haurtzarotik zerbait negatiboa azpimarratzekotan etxe aldaketak izan ziren. Oraindik beste bat geratzen zen: "Gogoratzen dut nire amak, kurtso erdian, esan zidala berriz mugitu behar genuela. Negar asko egin nuen, ez soilik itsasargi hartan oso zoriontsu nintzelako eta eskolan ere integratuta sentitzen nintzelako, baizik eta itsasargiko etxe batera bizitzera gindoazelako". Hau da: kasu honetan itsasargiaren dorrea bera etxebizitzatik metro batzuetara kokatzen da, kai-mutur batean: bitartean, etxea bereizita dago eta etxe normal baten antzekoa da. Familiaren azkeneko etxe-aldaketa izan zen.

Aldaketak Marinaren integrazioa erraztu zuen. Orain, toki berezi batean bizitzeko zortea zeukan eta bide batez bere lagunengandik gertu egoteko, eta horrek erraztu zion lagunak eta bestelako jarduerak egiten distantziaren oztoporik gabe. "Han igaro dut nire bizitzaren erdia baino gehiago eta inoiz ez naiz oso desberdina sentitu eramaten nuen bizimoduagatik, justu nire gurasoak saiatu zirelako egoera ahalik eta gehien normalizatzen eta edozein haurrek bezalako bizitza izango zuen pertsona izan nendin" azpimarratzen du.

Baina egia dena da bere bizitzeko moduak bai irakatsi zizkiola balore desberdinak: Marinak onartzen du toki pribilegiatutan bizi ahal izan duela, bere aita etxean lanean eduki duela bederatzi urte bere zituen arte eta horrek asko erraztu zuela bien arteko harremana eta arreta ("orduan automatizatu ziren Balearretako itsasargi gehienak eta bulegora joaten hasi behar izan zuen" azaltzen du) eta, gainera, naturari lotuta bizitzeko zortea ere izan du. Gorabehera horiek eraman dute ezaugarri eta gaitasun batzuk garatzera, bere ustez, hiriko haur batek hain erraz garatzen ez dituenak: "orduak ematen ditut izarrei begira nire aitarekin, jolas sinbolikoa eta irudimena asko garatu nituen, irakurtzeko eta idazteko denbora asko izan dut, eguneko zein ordu den jakin dezaket zeruaren koloreagatik, badakit noiz egingo duen euria lainoen itxuragatik, arroketan erraz ibiltzen naiz, naturari errespetu osoa diot eta haren parte sentitzen naiz…"

Eta nola ez, itsasoarekiko mendekotasuna. Ez zen erabat konturatzen behar hori zeukala 23 urte zituela Bartzelonara bizitzera joan zen arte, orduan ez baitzeukan hain eskura bere egunerokotasunean. Hondartzatik egun batzuetan urruntzen bada bere aldartean eragina du, izan ere, beretzat itsasoa terapeutikoa da "nahiz gehiegizkoa eman dezakeen, pentsatzen dut niretzat daukan garrantziagatik dela".

Itsasargiei lotuta dagoen mitoa, hausnartzen du, bere gurasoek eta aitona-amonek eraman zuten bizimoduari gehiago dago lotuta. "Haiek bai bizi izan zirela erabat isolatutako tokietan eta lurrera (uharteetan bizi zirenean) edo hirira joaten ziren hilabete edo bi-hilabetean behin. Haiek bai bizi izan zirela elektrizitate eta ur edangarririk gabe 80. hamarkadara arte, eta kinkeez argia egiten zuten, arrantza egiten zuten gainsoldata bat ateratzeko eta beren seme-alaben ikasketak ordaindu ahal izateko. Haiek bai kontatzen dizkidatela inoiz nekatzen ez nauten istorioak" amaitzen du.

Marinaren bizitza beti egongo da itsasoari lotuta, kresalaren usainari, haizearen soinu eta itsasargien argiari. Ezin du saihestu, bere bi abizenak itsasargiei lotuta daude. Berak harro hitz egiten digu bere familiaz eta esaten digu bere izeba izan zela Espainiako lehen farozain emakumezkoa. "Batzuen eta besteen artean estatuko ia itsasargirik garrantzitsuenak igaro dituzte."




2015(e)ko martxoaren 31(a), asteartea

Sokoako itsasargia

Euskadiko itsasargiak ezagutu eta gero, beste oso interesgarri batzuk deskubrituko ditugu. Sokoako itsasargiarekin hasiko gara, Ziburu herrian kokatua (Pirinio Atlantikoak, Akitania, Frantzia).

Sokoako itsasargia (43º23´42´´N - 1º41´11´´W) 1844an eraiki eta 1970ean automatizatu zen. Dorreak oinplano karratua du, 12 metroko altuera eta itsas gainetik 37 metrotara dago. Ez da inor bizi eta ezin da bisitatu.

Itsasargi berri hau 1816ko antzinako egurrezkoaren ordezkoa da eta Ziburuko arrantzaleek eskatu zuten.

Optika, kristal tailatuan eraikita dago, 270º-ko horizontea eta 0.1875 metroko foku-distantzia du. 24 volt eta 90 watteko lanpara halogenoa dauka.

Argia zuria da, 1.2 segundoko sektore gorri distiratsuarekin eta 10 itsas miliatara iristen da.




Le phare de Sokoa (43º23'42''N - 1º41'11''W), construit en 1844 et automatisé en 1970, a une tourà base carrée. Il a 12 mètres de hauteur et se trouve à 37 mètres au-dessus du niveau de la mer. Il n'est pas habité et il n'est pas ouvert à la visite.

À la demande des pêcheurs de Ciboure, ce nouveau phare a remplacé à l'antérieur, qui avait été construit en bois en 1816.

Il a une optique en verre taillé, horizon 270º de 0.1875 m. de distance focale avec une lampe halogène de 24 V et 90 W.

Sa lumière blanche avec 1 secteur rouge, feu scintillant en 1.2 sg, a une portée de 10 milles.


2015(e)ko martxoaren 20(a), ostirala

2015(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

Getxoko itsasargiak

Euskadiko itsasargiei amaiera emango diegu Getxori buruzko sarrera bikoitz honekin. Zehazki, esan beharra dago, lerrokatzeko baliza batekin eta ababorraren alboko marka batekin aurkitzen garela.


Arriluzeko itsasargia eta naufragoen etxea

Eraikin hau 1920an eraiki zen Ignacio Mª de Smith arkitektoaren proiektuan oinarrituta. Euskal estiloko eraikina da eta bi solairutako baserri handi baten ezaugarriak ditu. Izkina batean, itsasotik ateratzen diren arku handien gainean, sekzio zirkularreko itsasargiaren dorrea altxatzen da (43º20´370’’N - 03º00´814’’W). Zuriz margotuta dago, harrizko apaingarriak ditu eta linternaren sabaia gris metalikoa da. Egun ez dago martxan.

Etxea, salbamenduko egoitza ere deitzen zaio, naufragoei laguntzeko erabili zen eta arrantzaleen kofradia ere izan zen. Gaur egun, Itsas Gurutze Gorriaren eta Arraun Elkartearen egoitzak daude bertan.




Algortako kontradikea

Berez ez da itsasargi bat, ababorraren albokoa markatzen duen baliza baizik. Zuriz margotutako granitozko dorre biribilean dago linterna.

1904an eraiki zen, Getxoko eta Bilboko portuak babesten dituen harri-lubetaren bukaeran (43º20´500’’N - 03º01´700’’W).

Argia gorria da, distira bakarrekoa, bost segundoan behin egiten du eta 3 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 26(a), osteguna

Punta Galeako itsasargia

Punta Galeako itsasargia (43º22’306’’N – 03º02’122’’W) hiru gorputz errektangular eta mailakatu dituen eraikina da. Dorrea, iparraldeko fatxadari lotua, zilindrikoa da, harria bistan du eta ondoko lur zabala dominatzen du.

Aspaldi toki honetan su handiak egiten ziren portuko sarrera seinalatzeko, eta talaiariaren zaintzako tokia zen.

Lur honetan hiru itsasargik funtzionatu dute. Lehena, Antonio Etxanobey ingeniariaren proiektua, Escarpe gotorraren hondakinetan eraiki zen. Dorrea harlanduzkoa zen eta balkoi txiki bat zeukan. Horren gainean linterna oktogonal bat finkatuta zegoen. Argi zuri jarraitua egiten zuen, 1852an piztu zen lehen aldiz eta 10 miliatara iristen zen.

Bigarrenak, lehenengoa baino hobea izanik ere, arazo bat zeukan: itsasotik igotzen zen lainoak askotan estaltzen zuela. Hori dela eta, soinu bidezko seinale bat ipini zen, alegia, bost minutuz behin lehergai bat zartarazten zuten. Sistema hau garestia zen eta askotan huts egiten zuen. Itsasargi hau 1933an elektrifikatu zen. Zoritxarrez, urte horretan bertan, dorrea kokatzen zeneko lurra pitzatzen hasi zen.

Azkenekoa, aurrekotik 180 metrotara eraikia, 1950ean inauguratu zen. Fokua lur gainetik 8,5 metrotara dago eta itsas gainetik 83,5 metrotara. Gaur egun antzinako erlojuzko makinaria baten bitartez bira egiten du eta motor elektriko batez automatikoki martxan jartzen da.

Argia hiru distirako multzoetan egiten du zortzi segundoan behin, eta 27 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 17(a), asteartea

Gorlizko itsasargia

Itsasargiek, geografikoki kokatuta dauden lurmuturraren izena eraman ohi dute. Hala ere, Gorlizko itsasargia (43º26´00’’N - 02º56´60’’W) salbuespena da, izan ere Galizian badago Villano lurmuturra, hau baino lehen eraikitako itsasargia duena, beraz, Gorlizkoak bere udalerriaren izena hartu zuen.

1990ean eraiki zen zonalde horretan dagoen kostako bateria militarretako baten gainean, Mariano Navas eta Enrique Martinezen proiektuan oinarrituta.

Dorrea, elkarri atxikitako bi elementuk osatzen dute. Aurre aldea itsasora begira duenak kupula eta argia dauka, oinplano primatikoa du eta instalazioa eta makinaria kokatzen da bertan. Hego aldera dagoenak forma zilindrikoa du eta eskailera kiribil bat dago.

21 metroko altuera du eta 165 metroko itsaslabar baten gainean kokatuta egotean Kantauri aldeko itsasargietan altuena da.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamasei segundoan behin, eta 22 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 12(a), osteguna

Matxitxako itsasargia

Matxitxako izena daramaten bi itsasargietatik lehena, dorrea soilik geratzen da zutik, 1852ko abuztuaren 21ean inauguratu zen eta 1909an utzi zion funtzionatzeari. Obra horien aparejadorea Juan Martinez Aparicio izan zen. Egun, lainoa denean abisatzeko sirena dago bertan. 1854 eta 1863 bitartean "farozain" eskola egon zen, garai hartan "dorrezain" izenez ezagutzen zirenak. Bertan jubilatu zen Bizkaiko azken farozaina.

110 metro hego aldera egungo Matxitxako itsasargia dago (43º27’255’’N – 02º45’171’’W), hau ere lehen mailakoa eta 1909an inauguratua. Rafael de la Cerda ingeniari ospetsuaren lana izan zen. Eraikinak planta laukizuzena du eta bi solairutako gorputz zentralaz eta altuera bakarreko alboetako bi gorputzez osatuta dago. Ipar mendebaldean harlangaitzezko dorre prismatiko oktogonala nabarmentzen da, burdin urtu laminatuzko kupula ederrarekin, elementu optikoa gordetzen duena.

Foku planoa itsas gainetik 122 metrotara eta lur gainetik 20,6 metrotara dago. Castro Urdialesetik Deba ibaira arte dagoen zonalde osoan egiten du argia. Eraikin beretik Mayor eta Ferret lurmuturrekoekin konjugatutako irrati-faroa emititzen du, 100 miliatako irispidearekin.

Distira zuria egiten du 7 segundoan behin, eta 35 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 4(a), asteazkena

Santa Katalina itsasargia

1862an inauguratu zen itsasargi hau, Lekeitioko Santa Katalina lurmuturrean kokatzen da (43º22’36’’N – 02º30’37’’W) eta itsas gainetik 46 metroko altuera du.

Armando de Lázaro y Figueras ingeniariak eraiki zuen, eta dorrea harlanduz egina da eta gainontzeko eraikina harlangaitzez.

Jatorrian argi gorri finkoa egiten zuen, olioz funtzionatzen zuen 5. ordenako aparatu optiko batez hornitua. 1935ean azetilenozko lanpara batek ordezkatu zuen eta argia zurira aldatu zen.

1957an erabat elektrifikatu zen itsasargia, optika eta linterna aldatu ziren eta dorrea handitu egin zen irismen handiagoa lortzeko.

80 maila dituen eskailera batetik joaten da itsasargira. Egun, nabigazioaren interpretazio zentro bat dago martxan bertan, Lekeitioko Udalak bultzatuta.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hogei segundoan behin, eta 17 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 31(a), larunbata

Ospatzeko moduan gara!

Kaixo denoi:

Ospatzeko moduan gara. 1000 bisitari baino gehiago izan dugu gure blogean!

Jaso dugun elkartasuna eta babesa eskertu nahi dugu, bereziki ondorengoei: Paco, Amigos de los Faros de Andalucía Elkarteko presidentea; Nathalie, Miarritzeko turismo bulegokoa; Stephane, bere laguntza jatorragatik; Francesc, Katalunian beste elkarte bat sortzeko asmo sendoa duena; Ana, bermeotarra, itsasargiez maiteminduta dagoena; Maria, Argentinako faros del mar web guneko zuzendaria; Klaus, kantabriar lurretatik estimu handia erakutsi diguna; arreta eskaini diguten erakunde ofizialei; eta gu ikusteko zuen denboran tarte bat hartzen duzuen guztioi.

Zuen bisitak espero ditugu, blog hau elikatzen jarraitzeko indarra ematen dute eta.

2015(e)ko urtarrilaren 28(a), asteazkena

Zumaiako itsasargia

Itsasargi hau San Telmo mendiaren beheko talaian kokatzen da, antzina talaiaria egoten zen toki berean (43º18´6’’N - 02º15´6’’W).

Laukizuzen formako eraikinak hiru solairu ditu: sotoa, behe solairua eta solairu nagusia. Forma oktogonaleko dorrea eraikinaren iparraldeko fatxadari erantsita dago eta foku planoak itsas gainetik 41 metrotako altuera du.

1882an eraiki zuen Francisco Lafarga ingeniariak, eta harlangaitzezko hormak ditu; pareta zuriak eta zokaloak, teilatu-hegalak eta kupula kolore urdin bizikoak ditu (zonaldeko arrantzontziek erabiltzen duten kolore bera).

Kupula, kupuliñoa, haize-arrosa, haize-orratza, tximistorratza eta muntaga helikoidalak ditu.

Optika 500 mm diametrokoa du, erdian eraztun dioptrikoa eta alde bakoitzean hamar eraztun-erdi dioptriko.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabi segundoan behin, eta 14 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 22(a), osteguna

Getariako itsasargia

Itsasargi hau arratoiaren burua deitzen zaion horren gainean kokatzen da, San Anton ermita egon zen tokitik gertu (43º18´36’’N - 02º12´06’’W).

Manuel Estibaus ingeniariak eraiki zuen 1863an. Bigarren Karlistadan bonbardatua izan zen eta, gero, 1878an berreraiki egin zuten.

Eraikinak bi solairu ditu. Dorre oktogonala, harlandu urdinez eraikia, mendebaldeko fatxadari atxikita dago, eta foku planoak itsas gainetik 93 metrotako altuera du.

Idulki gaineko ekipoak zortzi lanpara ditu argi nagusi bezala eta beste zortzi dauzka. Bi txartel fluxu-neurgailuek kontrolatzen dute biraketa.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabost segundoan behin, eta 21 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 15(a), osteguna

Igeldoko itsasargia

Donostiako itsasargi nagusiak hiru kokapen desberdin eduki ditu. Lehena, lastargizko itsasargia, Urgull mendian egon zen 1778 urtera arte. Bigarrena Igeldo mendian, dorre batean, 1855 urtera arte. Esaten da bederatzi legoataraino iristen zela, Europako onenetako bat zela. Egungoa toki berri batean aurkitzen da: Igeldo mendiaren iparraldeko maldan (43º19’40’’N - 02º00’60’’W). Azkeneko hau 1855ean eraiki zuen Manuel Peironcely ingeniariak eta neoklasiko estilokoa da.

Eraikuntza laukizuzena da. Bi solairu ditu, baina bigarrena ez da jatorrizkoa, joan den mendean eraiki zen eta. Dorrea eraikinaren iparraldeko fatxadari erantsita dago eta foku planoak itsas gainetik 130 metrotako altuera du.

Kupula, kupuliñoa, haize-arrosa, haize-orratza eta tximistorratza ditu.

Optika sei panel dioptriko eta katadioptrikoz osatuta dago. Biraketa egitea bi motorren bitartez lortzen da eta beste bat dauka erreserban.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabost segundoan behin, eta 26 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 8(a), osteguna

Santa Clara itsasargia

Diotenez, San Bartolome ermita egon zen toki berean eraiki zen itsasargi hau, Santa Clara uharteko aldapa gutxieneko zonaldean, Donostiako Kontxako hondartza parean (43º19´30’’N - 001º59´90’’W).

1864an eraiki zuen Manuel Estibaus ingeniariak. Harlangaitzez egina dago eta izkinak eta apaingarriak harlanduzkoak ditu. XX. mendean bigarren solairua erantsi zitzaion, beharra zegoelako. Bere dorre zilindrikoa iparraldeko fatxadari lotuta doa.

Kupula, kupulatxoa eta tximistorratza ditu.

Optika danbor itxurakoa da, 300 mm diametro du eta barnean filamentu bikoitzeko lanpara bat sartuta dauka. Foku-planoaren altuera 53 metrokoa da. Argiaren erritmoa 4,5 segundoko distira batekoa da eta 9 itsas miliataraino iristen da.