Link castellano

2020(e)ko abenduaren 1(a), asteartea

Gabonetako itsasargia

Imajinatzen duzu zure burua itsasargi batean bizitzen? Eta egun berezi hauetarako… nola apainduko zenuke?

Ez dugu nahi imajina dezazun soilik, errealitate bihurtzea nahi dugu. Marraztu itsasargi bat Gabonetarako apainduta.

Askatu zure irudimena, margotu nahi duzun bezala eta parte hartu gure lehiaketan.

Urte amaiera arte daukazu gure posta elektronikora bidaltzeko epea: (amigosfaroseuskadi@gmail.com) edo sare sozialetara igo eta guri etiketatzeko: (@faroseuskadi).

Zure proposamenak jasotzeko zain geratzen gara, adinak ez du axola. Denon artean gure elkarteko merchandising produktu berrien sorta zozkatuko dugu.

Animatu!.



2020(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Haurrentzako Marrazki Lehiaketako irabazleak

Baditugu aurtengo marrazki lehiaketako hiru irabazleak!

- A kategorian: Ane Tellechea Sánchez (5 urte).
- B kategorian: Aimar Beraza Pérez (7 urte).
- C kategorian: Ekaitz Balda (10 urte).

A kategorian epaimahaiari asko gustatu zaio trazua, minimalismoa eta energia.


Estetika eta kolorea dira epaimahaiak B kategoriako irabazlearen marrazkian baloratu dituen alderdiak. 


Eta C kategorian epaimahaiak dio marrazkiak historia bat duela atzean eta trazuan eta gidaritzan dinamismo handia dagoela.


Zorionak irabazle guztiei! Laster jasoko dituzue zuen sariak.

Eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Zuen marrazkiak igoko ditugu, denek ikus dezaten benetako artistak zaretela. 

2020(e)ko irailaren 24(a), osteguna

Haurrentzako marrazki lehiaketa

Sasoi honetan ohikoa den bezala, Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkarteak haurrentzako marrazki lehiaketa antolatzen du.

Hain berezia den urte honetan ere ez genuen antolatu gabe utzi nahi, beraz, moldatu egin behar izan dugu on line egin ahal izateko.

Horretarako, hiru kategoria izango dira:
A) 3 - 5 urte
B) 6 - 8 urte
C) 9 - 12 urte

Gaia itsasargiak eta itsasontziak izango da. Haurrek nahi duten teknika erabili ahal izango dute, alegia, pinturak, akuarelak, argizariak, arkatzak…

Marrazkiei argazkia aterata edo eskaneatuta (izena eta adina jarrita) bidali beharko dizkiguzue amigosfaroseuskadi@gmail.com helbide elektronikora, edo @faroseuskadi gure sare sozialetara bidali.

Epea, 2020ko irailaren 27tik urriaren 4ra bitartekoa izango da.

Kategoria bakoitzean sari bat emango da.

Zuen marrazkiak jasotzea espero dugu.




2020(e)ko irailaren 11(a), ostirala

#farodeverano -ren irabazleak

Argazki pila bat jaso dugunez gero, erabaki dugu bi irabazle egotea #farodeverano lehiaketan:

Zorionak Iñaki Goikoetxeari eta Elena Fernándezi!

Ederrak zuen argazkiak Vila eta Matxitxako lurmuturretan, hurrenez hurren.

Aurki jarriko gara zuekin harremanetan, eta Elkartearen produktu-sorta bana jasoko duzue.

Eskerrik asko guztioi, parte hartzeagatik.





2020(e)ko uztailaren 22(a), asteazkena

#farodeverano

Bidali uda honetan ateratako zure argazkirik onenak! Lagunekin, familiarekin … zuk nahi duzun bezala, baina hori bai, itsasargi batean egon behar zarete.

Nahi dituzun argazki guztiak bidal ditzakezu edo sare sozialetara igo eta gu izendatu (@faroseuskadi) #farodeverano hashtag-a idatziz, irailaren 1 arte.

Jasotzen ditugun argazki guztien artean Elkarteko produktuen lote bat zozkatuko dugu.


2020(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Pentsatu munduko itsasargi altuenean zaudela...

Bizitzen ari garen egoera hau errazteko, zerbait proposatu nahi dizuegu...

Irudikatu edo pentsatu munduko itsasargi altuenean zaudela. Zer ikusiko zenuke? Zer nahiko zenuke ikusi? Hau kontuan izanda, marrazki koloretsu bat egin, sare sozialetara igo eta gu izendatu (@faroseuskadi). Jasotako marrazki guztien artean, gure merchandaising-eko produktuak zozketatuko ditugu.

Marrazki guztiak sare sozialetan igoko ditugu eta ez ezazu ahaz leihoan edo balkoian jartzea.

Zure adina edozein dela ere, anima zaitez! Igandeko gauerdira arte daukazu parte hartzeko.


Mayor Lurmuturreko itsasargitik...

2020(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

Adra-ko Itsasargia

Eraikitzeko lehenengo proiektua 1861ean egin zen. Ibaia bideratzeko lanak noiz amaituko zain egon gabe 8 metroko burdinazko behin-behineko dorre bat eraikitzea proposatu zen. Azkenean, egurrezko dorre bat eraikitzeko proiektua egin zen 1883an.

Antzinako ibaiaren bokalean kokatua, gris koloreko dorre koniko bat zen, eta 5. mailako aparatu bat zeukan petroliozko lanpara batekin. Argi zuria egiten zuen, 12 miliatako irismenarekin. Urteen poderioz, kostaldearen atzerakada gertatzean, desagertu egin zen itsasertzetik bereizten zuen 120 metroko distantzia, eta 1896ko urrian suntsitu zen.

Bere aurrekoaren antzeko ezaugarriekin eta lehengo linterna, optika eta lanpara aprobetxatuz, 1899ko urriaren 15ean bigarren itsasargia martxan jarri zen. 1922an, hiru ezkutatzeen multzo batek daukan ezaugarri hori lortzearren pantaila birakari batzuk jarri zitzaizkion aparatuari. Gainera, linterna haren ordez beste bat jarri zen eta elektrifikatu egin zen. Gerra garaian, beste itsasargi askok bezala, zerbitzu emateari utzi zion; tropek okupatu zuten eta abiazioak metrailadoraz eraso zuen.

1974an, horizonteko optika dioptrikoa zeukan instalazio elektriko-gasezko bat jarri zen martxan.

Itsasargiaren antzinatasunagatik eta dagoen tokian egoteagatik herriak bere egin duelako, izan ere herriko argiekin nahasten da, 1985ean proiektu bat idazteko baimena eman zen itsas mailatik 23 metrora itsasargi berri bat altxatzeko, instalazio zaharreko argi bera linterna berri batean kokatuta.

Almeriatik Malagara doan errepide nagusitik ikus daiteke, herriaren irteeran, azken herri horretara joateko norabidean.


Faro de Adra-ko Itsasargia


2020(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

Punta de los Baños-eko itsasargia

Duela gutxi eraikitako argi hori Punta de los Baños-en dago (36°41'45.7"N - 2°50'50.9"W), Punta Culo de Perros izeneko hondartza-eremuan eta Guardias Viejas-eko gaztelua izan zen hartatik gertu. Gazteluaren hondakinek kostako nabigazioarentzat eguneko marka gisa balio dute.

Hormigoi armatuz egina, ordura arte erabilitako diseinu klasiko edo funtzionaletatik aldentzen da haren estetika. 1992an inauguratu zen.

22 metro altuerako angeluzuzeneko dorre zuri bat dauka. 4 distirako multzotan argi zuria egiten du, 11 miliatako irismena dauka eta 3400 kandelako argi-intentsitatea.

Eguzki plakaz hornitua dago, energia iturri alternatibo bezala.


Faro de Punta de los Baños-eko Itsasargia


2020(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

Sabinal-eko Itsasargia

Punta Entinas-en itsasargi bat eraikitzeko zenbait proiektu egin ondoren, azkenean 1600 metro ekialderago eraikitzea erabaki zen, Gallardo punta edo Elena punta izen okerrez ezagutzen den tokian, izan ere Punta del Sabinal izena du toki horrek (36°41'13.7"N - 2°42'04.9"W).

Hirugarren mailako aparatu birakari bat eta bi dorrezainek atenditzen zuten oliba-oliozko lanpara bat zituen. Bere argi finkoa, 2 segundoz behineko distira zuriekin, 18 miliatara iristen zen, eta lehen aldiz 1863ko abenduaren 31n piztu zen. Ondoren, lanparari erregailu bat gehitu zioten,, parafinara eta petroliora egokitzeko.

Kostaldearen pixkanakako atzerakadaren eta denborale gogorren ondorioz, 1915ean 4. mailako behin-behineko itsasargi bat jarri zen martxan, jatorrizko itsasargia harriz harri lurrean 400 metro barrurago eramaten zen bitartean. Itsasargi berria 1926ko ekainaren 28ko gauean inauguratu zen, 3. mailako optikarekin, eta goritasunezko petrolio-instalazio batekin. Haren itxura zen 10 segundoz behin distira zuri bat eta biko multzotan argi egitea, eta batez beste 26 miliako irismenarekin.

1937an, gerra betean, itsasargia metrailatu egin zen, eta torreoia, errotazio-makina, linterna eta optikaren prisma batzuk kaltetu ziren eta erregailua suntsitu egin zen. 1956an lurrikara batek flotagailuaren merkurioa isuri zuen, errotazioa geldituz, eta dorrearen egituran kalte larriak eragin zituen, eraikina osorik konpontzera behartuz.

Lehen Mundu Gerraren urteetan, eta beharbada behin-behineko itsasargi hark oso zerbitzu txarrak ematen zituelako, toki horretan hondoratze batzuk gertatu ziren. Horiek saihesteko buia argitsu bat jarri zuten itsasargitik 12 kilometro mendebaldera, baina mendebaldetik etorritako lehenengo denborale handira arte iraun zuen: 14 egun.

Behin elektrifikatuta, 1982an dorrea altxatu egin zen eta linterna, optika eta lanpara aldatu ziren.

Roquetas herriarekin 15 kilometroko errepide asfaltatu estu batez komunikatua, bertara iristeko antzinako Union Salinera de España-ren padurak zeharkatu behar dira.


Faro de Sabinal-eko itsasargia


2020(e)ko otsailaren 26(a), asteazkena

Roquetas de Mar-eko itsasargi zaharra

Antzinako itsasargi hori herriko argia izateko eraiki zen, portua non zegoen adierazteko. Roquetas-eko hondartzan dago, herriaren hego aldera, Santa Ana gazteluaren hondakinen ondoan (36°45'11.9"N - 2°36'22.5"W). 1863ko abenduaren 31n inauguratu zen argi zuri finkoaren itxura eta 9 miliatako irismenarekin, eta lur gainetik 17,5 metroko altueran eta itsas gainetik 9.5 metrotara kokatuta.

Eraikina solairu errektangular bakarrekoa da, itsas aldera ematen duen aldeko horman erdi-sartutako kono-enbor formako dorrearekin eta 12 aurpegiko linterna poligonalaz errematatua, zuriz margotuta.

Urte batzuk baziren itsasargi horren efikazia zalantzan jarrita zegoena, izan ere haren lanpararen argi finkoa herriko argiekin nahasten zen eta, bestalde, portuko kai muturra luzatzeko obrak zirela eta balizamendu bat jarri beharra egon zen hura markatzeko. Beraz, 1945 urtean kentzea erabaki zen eta haren ordez portuan kolore gorriko argi bat jarri zen, dikearen muturrean. Maiatzaren 10a izan zen zerbitzuan egon zeneko azken eguna.

Eraikin hori azkeneko urteetan etxebizitza bezala erabili izan da herriko portu barrutiko arduradunarentzat, instalazio berriak eraiki ziren arte. Orduan, eraikin horren inguruan berritzeko proiektu bat egin zen eta horrek ahalbidetu zuen eraikin eder hori berreskuratzea hasierako itxura bikainarekin.

Behin obrak amaituta, eraikin hori Roquetas de Mar-eko Udalari utzi zitzaion helburu kulturaletarako erabiltzeko. Ordutik itsasargi horretan era guztietako erakusketak eta jarduerak egiten dira. Horretarako bi areto desberdin dauzka erabilgarri.


Antiguo faro de Roquetas de Mar-eko itsasargi zaharra


2020(e)ko otsailaren 18(a), asteartea

San Telmo Gazteluko Itsasargia

Torrejon punta izeneko harkaitzezko malkar baten gainean kokatuta, Almeriatik Malagara doan errepide nagusian dago, San Telmo gazteluaren gainean (36°49'42.8"N - 2°29'31.2"W). Bere dorre almenaduna, 7 metroko altuerakoa, linterna zilindriko bat hartzeko egokitu zen. Bere barnean optika bat dago, prisma hexagonal bat dena.

Amildegitik ia zintzilik, 1976an hasi zen lanean, eta itsasotik 77 metrora igo zuen bere foku-planoa, 12 segundoan behin bi distira dituen ezaugarria emanez eta 19 miliako irismenenarekin.

Harkaitz berean nolabait zizelkatuta dagoen eskailera batek errepidearen mailatik sarrerako ateraino eramaten du.


Faro del Castillo de San Telmo Gazteluko Itsasargia


2020(e)ko otsailaren 12(a), asteazkena

Almeriako itsasargia

Almeriako itsasargia (36° 49' 33.11'' N - 2° 27' 52.136'' W) 1925eko uztailaren 22an inauguratu zen. Bere dorre zuriak, gorriz margotutako linternarekin, 12 metroko altuera du eta Almeriako portuko mendebaldeko dikearen gainean dago, itsas mailatik 19 metroko altuera fokala lortuz.

Itsasargia, kolore zuriko dorre hexagonal polit bat da, hiru gorputzez osatua: erlaitz hegaldatua balkoi txikiarekin, dorre zilindrikoa eta muntatzaile helikoidalen linterna. Lehen gorputzean azulejuz egindako apaingarriak daude, Andaluziako farorik originalenetako bat bihurtzen dutenak.

Itsasargi honen aurrekariak 1861. urtetik datoz eta lehenengo proiektua argi probisional bat kokatzea zen kaiaren muturrean eta 1865eko maiatzaren 15ean inauguratu zen. Kaiko lanak aurrera zihoazenez, argia atzean geratzen zen eta laster ordezkatu behar izan zen. Irtenbidea, zaindariaren gela barne hartzen zuen itsasargi mugikor bitxi bat eraikitzea izan zen. 1922ko maiatzean egin zen egungo itsasargiari dagokion behin betiko proiektua.

Gaur gaurkoz, portuko ababorreko argi gisa jarduten du.


Faro de Almería-ko Itsasargia


2020(e)ko otsailaren 4(a), asteartea

Gata Lurmuturreko Itsasargia

2. ordenako itsasargi hau lurmuturraren puntarik irtenenean dago, San Frantzisko Paulakoaren gaztelu zaharra egon zen lekuan (38º 43 'N – 2º 11' 2 '' W).

Militarren, itsas armadaren eta obra publikoen arteko 10 urteko eztabaiden ondoren, itsasertzeko bateria bat hondakin haietan eta itsasargian jartzeko, eta hasierako eraikuntza lanak hutsean geratu ondoren (muinoak eta gazteluak nabarmen baitzuten argia), 1861ean behin betiko proiektua onartu zen, itsasargia 1863ko apirilaren 30ean piztuz. Optika birakari bat eta oliba oliozko lanpara bat zeukan eta argi finkoaren itxura ematen zuen, 30 segundoan behin eklipseak ezarriz eta 19 miliatako irismena zeukan. 1882ko abuztutik aurrera itsasargiko lanpara parafinaz elikatu zen eta 1902az geroztik petrolioz. 1914ko azaroan argi mota horren ordez, presiopeko petrolio-lurrunezko goritasun-lanpara jarri zen. 1917an distira distantziakide azkarretan finkatu zen behin betiko itxura. Hori lortzeko, aparatua eta biraketa-mekanismoa eraberritu ziren.

1973ko azaroan irrati bidezko itsasargia martxan jarri zen eta bi urte geroago argi-instalazio berri bat estreinatu zen 30 miliatarainoko argi-distira zuriak emateko. Itsas mailatik 51 metroko altueran dago argi-fokua, eta lur mailatik 18 metrora. Laguntza sistemak osatzeko, 1978an hasi zen martxan 7 miliako irismena zuen sirena bat.

Almeriatik 27 kilometrora, kostaldea inguratzen duen errepidetik iristen da, San Migeleraino eta La Fabriquillaraino, eta asfaltatutako errepide estu batetik jarraitzen du, itsaslabarraren gainetik inguratzen duena, lurmuturraren eta bere inguruen ikuspegi bikaina deskubritu arte. Itsasargia itsasoaren zatirik irtenenean dago, mendi idorren eta ur kristalinoen esparruan.

Bere historian zehar gertatutako gertakarien artean, aipatzekoa da 1917ko abenduan gertatu zen gertaera bitxi bat. Lanpararen eiektoreen garbiketak (sarri egiten zen lan hori eta bitartean argia une batez murriztu egiten zen) zerbitzu sekretu britainiarrei susmarazi zien Alemaniako itsaspekoei seinaleak helarazteko erabiltzen zela itsasargia.

Era berean, 1937ko uztailean izandako aireko eraso baten ondorioz, hainbat kalte gertatu ziren, eta dorrezainek bonbardaketen aurkako babesleku bat eraikitzea eskatu zuten. Onartu ere egin zen, baina ez zen gauzatu.


Faro de Cabo de Gata Lurmuturreko Itsasargia


2020(e)ko urtarrilaren 30(a), osteguna

Polacrako itsasargia

Polacra lurmuturra –urrutitik bela polakra baten antza duelako du izena horrela– Níjarko udal barrutian dago, Almerían. Ipar-ekialdean, Mesa Roldángo itsasargia du bizilagunik gertukoena, eta, hego-mendebaldean, Gata lurmuturrekoa.

Bi itsasargi horiek argitzen ez zuten itzalgunea argitzeko eta kostaldeko arriskuak gainditzeko, Itsas Seinaleen 1985-1989ko Planak haiek osatzeko beste itsasargi bat eraikitzea xedatzen zuen.

Horretarako, XVI. mendeko zelata dorre baten hondarrak birgaitu eta konpondu ziren. Oinarri mailakatu baten gainean dago dorrea, eta harlangaitzezkoa da, oinplano zirkularrekoa, eta kono-enbor formakoa. 14,5 m luze da, eta adreilu txantiloituzko gailurra eta goleta ditu errematetzat. Lehen, bazuen sarrera goratu bat, haizebean, zeinetara barrurantz biltzen zen sokazko eskailera bat igota iristen zen, etsaien erasoak oztopatzeko.

2º W eta 36º 50,5’ N dira itsasargiaren koordenatuak, eta datu nagusiak, hauek: 13.000 kandelako argi intentsitatea, 14 miliako irismena, plano fokalaren 14,55 metroko altuera lurraren gainean eta 280,55 metroko altuera itsas mailaren gainean. 1991ko irailaren 9an jarri zen martxan itsasargia, eta 14 segundoan behin errepikatzen diren argi zuriko hiru argi keinuko multzoen itxura du.

Panoramika zabal baten gaineko bistak ditu, eta Almeríako Ingurune Fisikoa Babesteko Planak eta Almeríako Gune eta Ondasun Babestuen Katalogoak babesten dute kokalekua.


Faro de la Polacra-ko Itsasargia


2020(e)ko urtarrilaren 22(a), asteazkena

Mesa de Roldángo Itsasargia

1857an, Mesa Roldánen (36º 56.503' N, 1º 54.397' W) itsasargi bat eraikitzea erabaki zen, Gata eta Tiñoso lurmuturren arteko kosta tarteko iluntasuna arintzeko.

1861ean aurkeztu zen proiektua: 3. ordenako aparatua, argi finko naturala, 2 minutuan behingo hiru argi keinu, olio lanpara, argi fokuaren 198 metroko altuera itsas mailaren gainean, 11,90 metroko altuera lurraren gainean eta 22 miliako irismena.

1863an, itsasargia argitu zen; ordura arte, suak pizten ziren zelata dorrearen gainean. Atal finko batek eta kanpoko atal birakari batek osatzen zuten aparatu optikoa. Gerora, bi metxako erregailu bat egokitu zitzaion lanparari, parafina eta petrolioa kontsumitzeko.

Itsasargiaren itxura modernizatzeko eta egungo itxura emateko, argi finko zuriarena (22 miliako irismena duten lau argi keinuko multzoak), 1923an, erloju makina batek eragindako merkurio flotagailu baten gainean pantailekin txandakatutako lau leiar bertikal jarri ziren atal birakariaren ordez, eta presiopeko petrolio bidezko lurrun lanpara bat zaharraren ordez.

1973an, itsasargia elektrifikatu zen, goritasun lanpara batekin, eta ekipamendu osoa instalatu zen (optika, merkurio flotagailudun oinarria eta erloju makina) jatorrizko aparatuaren ordez.

Eraikina ederra da, baina lekua babesgabea da, eta, altuera dela-eta, ez dago itsasora zuzenean jaisterik. Inguruan bada harrobi bat, eta bertako leherketek itsasargia ukitu dute inoiz edo behin. Errepidea malkarra eta estua da, malda handikoa, eta kaitik Carboneras izeneko herrira daraman errepidearekin elkartzen da –7 km-ra dago Carboneras–.

Egungo farozaina Mario Sanz Cruz da. Duela urte batzuk, ezagutzeko aukera izan genuen, eta, haren biografiari buruz zertxobait jakin nahi izanez gero, esteka honetan kontsultatu daiteke.


Faro de Mesa de Roldán-eko Itsasargia