Link castellano

2023(e)ko abenduaren 14(a), osteguna

Jaietako zorion-mezua (2023)


EGUBERRI JAI ZORIONTSUAK ETA URTE BERRI ON!



Gabonetako Euskadiko Itsasargien Lagunen I. Christmas Lehiaketa irabazi duen postala, Maider Garcíak egina


2023(e)ko azaroaren 7(a), asteartea

EUSKADIKO ITSASARGIEN LAGUNEN I. CHRISTMAS LEHIAKETA

Lehenengo aldiz, Gabonak direla eta, Christmas Lehiaketa bat antolatu dugu.

Aukeratutako Christmas izango da Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkartearen aurtengo Gabonetako zorion-mezua.

Gainera, sari ekonomiko bat eta itsasargiei buruzko hainbat artikulu izango ditu.

2023ko azaroaren 13tik abenduaren 10era bitartean bidali ahal izango dira gure helbide elektronikora: amigosfaroseuskadi@gmail.com.

Kontsultatu lehiaketaren oinarriak hemen hemen sakatuz.

Zuen Christmen zain gaude.



2023(e)ko urriaren 23(a), astelehena

ONLINE HITZALDIA: LA RUTA POR 2+1 FAROS DE GIPUZKOA

Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultur Elkarteak, itsasargien mundua hurbiltzeko eta hainbat elkarterekin elkarlanean aritzeko asmoz, "LA RUTA POR 2+1 FAROS DE GIPUZKOA" izeneko hitzaldia emango du 2023ko urriaren 24an (asteartea).

Hitzaldi hau Sabadellgo Unió Excursionista mendiari aplikagarri zaizkion teknologiei eta mendiko gaiei buruzko hitzaldi irekien zikloaren barruan kokatzen da.

Hondarribia eta Mutrikuko Saturraran hondartzaren artean doan Ibilbide Handiko (GR 121) bidezidorretik bisita egingo dugu. GR "Talaia ibilbidea"-ren 2. etapak baleontziak zaintzeko talaia zaharrak zeharkatzen ditu, eta hortik datorkio izena ibilbideari. Itsasoari begira dagoen bidezidor honetan 2+1 itsasargi ikus ditzakegu (Senokozulua, La Plata eta Santa Klara); baita hainbat hondartza, kala, herri eta auzo ere. Azken finean, Gipuzkoako natura eta kultura ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Informazio gehiago hemen.




2023(e)ko urriaren 3(a), asteartea

2023ko haurrentzako marrazki lehiaketako irabazleak

Baditugu 2023ko marrazki lehiaketako hiru irabazleak!

- A kategorian: Iratxe Sánchez (5 urte).



 - B kategorian: Ane Bergara (7 urte).



- C kategorian: Ainara Domínguez (11 urte).



Zorionak irabazle guztiei!

Eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Benetako artistak zarete. 




2023(e)ko irailaren 24(a), igandea

Haurrentzako marrazki lehiaketa (2023)

Sasoi honetan ohikoa den bezala, Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkarteak haurrentzako marrazki lehiaketa antolatzen du.

Datorren larunbatean, irailak 30, 11:00etan, Irungo Alberto Anguera enparantzan izango da.

Hiru kategoria izango dira:
A) 3-5 urte bitartekoak
B) 6-8 urte bitartekoak
C) 9-12 urte bitartekoak

Haurrek nahi duten teknika erabili ahal izango dute, alegia, pinturak, akuarelak, argizariak, arkatzak…

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da.




2023(e)ko irailaren 6(a), asteazkena

#farodeverano2023-ko irabazleak

Baditugu #farodeverano2023 lehiaketako hiru irabazleak!

¡Zorionak Fernando Barbadillo (eta familia), Fernando Bueno eta Edurne Peñari!

Ederrak zuen argazkiak Galizia, Kantabria eta Asturiasen, hurrenez hurren.

Aurki itsasargien kontuak jasotzen dituzten opari bana jasoko duzue.

Eskerrik asko guztioi, parte hartzeagatik.








2023(e)ko uztailaren 7(a), ostirala

#farodeverano2023

Beste uda batez, eta bostgarren urtez jarraian, #farodeverano argazki lehiaketa aurkezten dugu gure Elkartetik.

Bidali uda honetan ateratako zure argazkirik onenak! Lagunekin, familiarekin … zuk nahi duzun bezala, baina hori bai, itsasargi batean egon eta argazkian atera behar zarete.

Nahi dituzun argazki guztiak bidal ditzakezu edo sare sozialetara igo eta gu izendatu (@faroseuskadi) #farodeverano2023 hashtag-a idatziz, irailaren 3 arte.

Jasotzen ditugun argazki guztien artean itsasargien kontuak jasotzen dituzten 3 opari zozkatuko ditugu.




2023(e)ko maiatzaren 6(a), larunbata

Kantabriako itsasargiak - Argazki erakusketa

Itsasargiek mistizismoa, misterioa eta erromantizismoa ekartzen digute gogora, lasaitasunera, hausnartzera eta barneko bakea bilatzera gonbidatzen gaituzten tokiak dira.

Egia da itsasargiek beren silueta erakargarriaren bitartez iman indartsu bat bezala jokatzen dutela eta ez haiek bakarrik, baizik eta haiek kokatzen diren lekuak ere badute indar hori. Kostaldean, itsas ertzean, itsaslabarretan, muinoetan edo hondartzetan, itsasoko zeruertzari begira daude. Leku dotoreak dira, edertasun natural handiko paisaia ikusgarriak, batzuetan bare daudelako eta beste batzuetan olatu handiengatik, ekaitz bortitzetan harrapatuta.

Etengabeko erreferentzia-puntuak dira. Egunez, bere siluetaren edertasun eta presentziarekin, distantzia handitik eta lau puntu kardinaletatik ikusteko modukoak; gauez, bere argi berezi eta salbagarriarekin, beste edozein argiren gainetik nabarmentzen eta argitzen dute.

Baina itsasargi bakoitzak bere mezu propioa igortzen du, bere argi propioa, beti bera, bere magia galdu gabe, horrek egiten baitu haietan arreta jartzea. Gidari lanak egiten ditu eta laguntza ematen die hala behar duten nabigatzaile guztiei.

Guk Kantabriako hainbat itsasargiren argazkiak erakutsi nahi ditugu, non haien inguruan ñabardura aldakor ugari ikusiko dugun, zeruan, argian, itsasoaren tonalitatean… Gure Elkarteak aukera izan du Santanderko Portuko Agintaritzak probintzia osoan zehar kudeatzen dituen itsasargi batzuk bisitatzeko, eraikin horiei argazkiak ateratzeko helburuarekin.

Argazki bidez jasotako materialaren selekzio bat eginda, Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultur Elkarteak argazki erakusketa antolatu du "Kantabriako itsasargiak" izenburupean, 2023ko maiatzaren 29tik ekainaren 18ra bitartean, Irungo Palmera Montero gunean (Leandro Agirretxe, 1) sarrera doan. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 08:00-22:00; larunbat eta igandeetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00. Jai egunetan itxita.





2023(e)ko apirilaren 10(a), astelehena

Portzic-eko itsasargia

Bretainiako itsasargietan barrena jarraituko dugu Petit Minou itsasargian utzi genuen ibilbidea.

Portzic-eko itsasargia da Brest hiritik gertuen dagoena, Finisterre departamentu bretoian (48º21.495'N - 04º32.041'W). Harri bistako dorre oktogonaleko eta guztira 58 metroko altuerako itsasargi honek eraikin angeluzuzen bat du lur aldetik, eta Armada frantziarraren begiratoki bat itsas aldetik.

Militarren lurretan eraikia, lehen aldiz 1848an piztu zen. Itsasargi hau 1953an elektrifikatu zen, 1984an automatizatu zen eta 2000 urtean Creac'h-eko itsasargiaren kontrol-estaziotik urruneko kontrola eramaten hasi ziren. Portzic-eko muturrean kokatua, "Espainiarren muturra" deiturikoaren parean, itsasargia Brest-eko itsasadarraren eta Atlantikoaren artean kokatzen da, "Goulet de Brest" bezala ezagutzen den itsas sarbidea irudikatuz.

Zaintza dorrea, 1987an "Pointe du Minou"-tik eraman zutelarik, orain haren oinetan kokatuta dago. Funtsezko postu bat da Brest-eko badiatik sartu eta irteten den itsas trafiko guztia erregulatzeko.

Argi zuria eta gorria egiten du, 12 segundoan behin 2 okultazio-taldetan, hurrenez hurren 13 miliako (argi zuria) eta 17 miliako (argi gorria) irismenarekin. Argi keinukari auxiliar bat ere badu, Minou-ko itsasargiarekin lerrokatuta eta 22 miliako irismena duena; eta bigarren argi zuri auxiliar bat ere badu, 6 distirekin, gehi bat luzeagoa, 35 km-ko irismenarekin.


Faro de Portzic-eko Itsasargia


2023(e)ko martxoaren 22(a), asteazkena

Mikrokontakizunen lehiaketa 2023

Istorio bat, pertsonaia bat, itsasargi bat… gehienez 120 hitzetan. Mikrokontakizun bat idazteak gutxirekin asko esatera behartzen zaituen erronka bat da.

Aurtengo liburuaren eguna ospatzeko, zure asmamen eta sormen guztia ateratzea proposatzen dizugu, eta mikroipuin bat idaztea, non itsasargi batek protagonismo handia izango duen.

Parte hartzeko, zure mikroipuina helbide elektroniko honetara bidali: amigosfaroseuskadi@gmail.com, apirilaren 20 baino lehen.

Mikrokontakizun guztien artean epaimahaiak hiru irabazle aukeratuko ditu eta itsasargien kontuak jasotzen dituzten liburuekin eta gure elkarteko artikuluekin sarituko dira.

Mikroipuina euskaraz edo gaztelaniaz bidali ahal izango da, eta jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan beharko du.

Lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, ezinbestekoa da honako Oinarri hauek erabat onartzea.

Pentsatu desberdin, ihesi topikoetatik eta animatu!


Iturria: Love and a Cat

2023(e)ko urtarrilaren 28(a), larunbata

Istorio txiki bat, nire birraitona farozainari eta Punta Galeako Itsasargiari buruz

Gaur Narciso Díaz Martín-en istorio liluragarria ezagutuko dugu. Eskerrik asko Oscar Pérez Barriori ondorengo idatzian informazio guztia jasotzeagatik eta gurekin partekatzeagatik:


Txikitatik entzun izan nion amonari beti itsasargietan bizi izan zela bere aita, nire birraitona zena, farozaina izan zelako. 1925ean hartu zuen erretiroa. Beraz, egun batean, kontatu zidaten guztia egia ote zen jakiteko, datuak, argazkiak edo beste edozein dokumentu aurkitzeko lan zailari ekin nion.

Horren emaitza, honako istorio hau izan zen.

Nire birraitonak Narciso Díaz Martín izena zuen eta Granadan jaio zen 1860an.


1885ean Itsasargien Dorrezain izateko oposizioetara aurkeztu zen eta 208 hautagaietatik 28. postua lortu zuen. Itsasargien Dorrezain zerbitzuan sartzeko izendapena eman zioten 1887an, Eloísa Jiménez de la Torre-rekin Granadako Alpujarran dagoen Sorvilán herrian ezkondu baino justu bi egun lehenago.

Eman zioten lehenengo destinoa Santoñako (Kantabria) Faro del Pescador izan zen. 1890ean iritsi zen, eta bertan bizi eta lan egin zuen 6 urtez. Garai hartan lau alaba zituzten, haietako bat nire amona.

1896an Faro del Caballo-ra aldatu ziren, Santoñan bertan, baina itsasargi horretara joatea zeharo konplikatua da: altuera handi samarretik 700 eskailera-maila baino gehiago jaitsi behar izaten zen eta gaur egun ere hala egin behar da bertaraino iristeko. Bestela, itsasotik iritsi liteke.

1898an, Santoñako Faro del Caballon bi urte luzez bizi eta lan egin ondoren, Punta Galea itsasargira iritsi zen. Garai hartan han zegoen itsasargia Antonio Etxanobe ingeniariak proiektatutako lehenengoa izan zen eta Escarpe gotorlekuaren hondakinetan eraiki zen.

Punta Galeako "Gotorlekuko itsasargia". Egungo egoera

1901ean Gaceta de Madrid aldizkarian (gaur egungo Estatuko Aldizkari Ofizialaren baliokidea) Espainia osoko itsasargi eta farozainen zerrenda argitaratu zen eta guztira 344 zeuden. Punta Galeakoa laugarren mailakotzat jotzen zen eta farozain bakar batek zaintzen zuen.

Nire birraitona eta bere familia (7 seme-alaba izatera iritsi zen; bost neska eta bi mutil) han bizi izan ziren Punta Galean 1905ean bigarren itsasargi bat eraiki zuten arte. Hara aldatu ziren eta hango argazkiak dauzkagu gure familian.

1905eko Gaceta de Madrid aldizkarian honela deskribatu zuten itsasargia: “Galea lurmuturreko itsaslabar grisen gainean dago itsasargia, eta solairu bakarreko eraikina da. Dorrea irtengune bat da, fatxadatik irteten den gorputz batean, itsasoari begira. Gorputz horretan, dorrearen alde banatan leiho bat irekitzen da eta fatxada beraren albo simetrikoetan beste hiru, erdikoa estuagoa. Eraikina eta dorrea adreilu-kolore gorriz margotuta daude, zokaloa, erlaitzak eta hareharri zuri horixkako harlandu-kateak dituzte, eta dorrearen gainean harri bereko baranda dago. Baranda horren gainean zuriz margotutako dorrea nabarmentzen da eta kupula eta bola zuridun linterna, eta haien gainean haize-orratza eta tximistorratza.”

1905eko maiatzaren 1ean piztu zen lehen aldiz, 600 m N35ºW-era zegoen gotorlekua ordezkatuz.

Punta Galeako bigarren itsasargia, 1905ean inauguratua

1905ean inauguratutako bigarren itsasargia bi farozainek zaintzen zuten: bat nire birraitona, Narciso Díaz Martín zen (1905etik 1925 arte egon zena) eta bigarren farozaina José Calballo Tenorio (A Coruñakoa) zen, 1907 eta 1914 bitartean egon zena eta bost seme-alaba izan zituena. Ez nuen aurkitu 1914 eta 1924 bitartean zein izan zen bigarren farozaina, baina 1925ean bigarren farozaina Enrique Gerona Alarcón izan zen, Sevillakoa, hiru seme-alabekin.

1925a izan zen, hain zuzen ere, nire birraitonak erretiroa hartu zuen urtea, eta Bilbora joan zen bizitzera bere alabekin, 1937an hil zen arte.

Gero, hirugarren itsasargi bat eraiki zen, gaur egun funtzionatzen jarraitzen duen bera, eta bigarren itsasargiaren instalazioak, jada dorrerik gabe, egokitu egin ziren Itsas Salbamendu eta Segurtasun Elkartea bertan kokatzeko.

Bigarren itsasargiaren etxea, birmoldatua, Itsas Salbamenduko instalazioak bertan kokatzeko