Link castellano

2016(e)ko azaroaren 30(a), asteazkena

12 egun geratzen dira...

Aurreratu genizuen bezala, proiektu bat egitekotan gara Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren "energia olatuak" programaren barnean. "Gaueko ziklopeak" izeneko proiektu hau abenduaren 12tik 17ra bitartean egingo da Donostiako Casares-Tomasene Kultur Zentroan. Hemen proiektuko kartela:




Alde batetik hitzaldi-solasaldi bat edukiko dugu itsasargien historia eta bilakaerari buruz 12an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Bestalde, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara bitartean, argazki erakusketa bat egongo da eta panel informatibo desberdinak ere bai, itsasargien historia eta bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digutenak: gaueko ziklopeak.

Espero dugu gure artean izango zaituztegula ekintza hauetakoren batean.


Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 28(a), astelehena

Argiztapen Sistemen Bilakaera (II)

SISTEMA OPTIKOAK ETA IDENTIFIKATZEKO ERAK
Argi iturriak ahalik eta gehien aprobetxatzerakoan planteatzen ziren arazoak ez zeuden soilik lanparen diseinuari edo erregai motari lotuta. Funtsezko faktoreak izan ziren ea nola lortu zitekeen erradiazio eskas hori erabat ez galtzea eta nabigatzailearen begietara ahalik eta gehien iristea.

Bestalde, argien kopurua handitzean behartu zituzten bata bestetik bereizi ahal izateko metodoren bat ikertzera, marinelari adierazteko bere kokapena gutxi gora behera zein zen.

Islagailuak
Arazoa konpontzeko lehenengo ideia izan zen garraren atzean ispilu islagailu bat jartzea. Horrek sortzen zuen ikusmen-angelu mugatuaren eragozpena lehenengo argi birakariarekin konpondu zen, Carlsten (Suedia) itsasargian instalatua.

Islatzearen bitartez lortutako izpiak aprobetxatzeko modu hau katoptriko izenez ezagutzen da.

Lenteak
Argi iturri bateko izpiak islatu eta sorta paralelo batean kontzentratzeko lenteak aplikatzea lehen aldiz itsasargi ingelesetan egin zen. Lanparetako keagatik eta kristal lodiek zeukaten xurgatzeko ahalmen handiagatik ideia hori baztertu egin zen. Eragozpen hori saihesteko, 1748an, Buffon-ek iradoki zuen xaflatan ebakitzea, aldeak leunduz. Bost urte beranduago, Condorcet-ek proposatu zuen lenteak aparteko piezetan egitea. Dena den, Fresnal-ek 1819an aparatu lentikularrak deskubritu zituen arte, ez zen aitortu sistema honek zeukan garrantzia, ia esklusiboa izatera iritsi da eta.

Eraginkortasunik ez zuen kristalaren partea ezabatzean oinarrituta, aberrazioak eta distortsioak sortzen baitzituen, Fresnel iritsi zen bila zebilen soluziora lente mailakatuarekin, dioptrio izenez ezagutzen dena.

Itsasargiak bereizteko beharrak metodo desberdinak aplikatzera eraman zituzten eta gero eboluzionatzen eta hobetzen joan ziren. Oinarri orokorrak, gaur egun funtsean indarrean daudenak, ondorengoak ziren: erabilitako itxurak izan behar zuen kolore zuriko distira oso azkarrak, kopuru txikiko multzoetan eta konbinazio sinpleduna, horrela, argi bat ezagutzeko ez zedin minutu bat baino denbora gehiago behar izan. Itxurak desberdina izan behar zuen 100 miliatako erradio batean porturatzeko itsasargientzat, eta 50 miliakoa izan behar zuen kostakoentzat, eta argi finkoak saihestu ziren eta haien ordez multzokako ezkutatzeak jarri, lentearen inguruan pantailak bira eginez, eta argi gorriak eta berdeak saihestuz, tokiko argientzako soilik gordetzen baitziren, esaterako, portuetako balizatzeak egiteko.


LINTERNAK
Argia babesten duen elementua da, itsasargi baten funtsa horixe baita. Linternaren tamaina sistema optikoa eta argi iturria gordetzeko beharrezko neurrien araberakoa da, manipulatu, konpondu eta begiratu ahal izateko behar besteko espazioa emanez.

Egur edo ikatzezko itsasargietan irekiak izaten ziren eta euskarri bertikalek eutsitako kupula babesgarri bat izaten zen.

Oliozkoak kalitate baxuko eta tamaina txikiko kristalez babestuta egoten ziren.

XIX. mendearen erdialdera forma poligonala edo zilindrikoa zeukaten, zutoin bertikalekin. Aldeen kopurua itsasargiaren kategoriaren araberakoa izaten zen. Zilindrikoetan kristal kurbatuak erabiltzen ziren.

Hurrengo hobekuntza zutoin helikoidalak erabiltzea izan zen, iluntasuneko zonak saihestearren.

Argiztapen sistema gero eta indartsuagoak erabiltzean jada ez ziren beharrezkoak diametro handiko optikoak.

Aplikatzen hasi ziren beste berrikuntzetako bat kupula gardena izan zen. Bere helburua aireko nabigazioa orientatzeko ere balio izatea zen.

Horiek fabrikatzeko erabilitako materialei dagokienez, urtutako brontzea edo burdina erabili zen zutoinetarako, kobrea kupularako eta urtutako palastroa edo burdina basamenturako.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 26(a), larunbata

Argiztapen Sistemen Bilakaera (I)

Itsasargiak irismen luzeko argiak dira eta dorre gainetan kokatzen dira kostako puntu jakin eta esanguratsuetan, edo irla eta arrezifeetan, izan ere, nabigatzaileek ezagutzen dituztenean, haiekiko eta itsasoko mapa nautikoen arabera kokapena zehaztu dezakete. Behin itsasargia ikusita indibidualki identifikatuak izatea posible izan dadin, itxura argitsu bat ematen zaie, alegia, aldia deitzen zaion denbora tarte batean egiten diren argi eta iluntasun faseen multzoa da.


ERREGAIAK ETA LANPARAK
Erregai desberdinen erabilera bi baldintzen arabera ematen zen: haiek lortzeko erraztasuna eta deskubrimendu berriak.

Egurra
XVIII. mende amaiera arte itsasargi guztiak sua piztuta argiztatzen ziren, egurra erabiliz eta dorreen goiko aldean jarrita.
Egurren karga gora igotzeko lan nekezagatik, behar izaten ziren kopuru handiagatik eta euri eta elementu naturaletatik babesteko zeukaten zailtasunagatik kasu askotan ordezko gisa oliozko lanparatxoak erabiltzea ekarri zuen, azken hauek irismen askoz txikiagokoak.

Kandelak
Kandelak ere Erdi Arotik erabili ziren. Ondorengo bilakaeretan, kobrezko islagailuak erantsi zitzaizkien baina horren emaitza ez zen oso ona, izan ere garra fokuaren erdigunetik mugitu egiten zen, argiaren intentsitatean oszilazio nabariak eraginez.

Ikatza
Ikatza gero eta gehiago erabiltzen hasi zirenean, erregai konpaktuagoa eta iraupen luzeagokoa lortu zen. Nahiz eta egurrak zeuzkan funtsezko desabantailak mantentzen zituen, meategietatik garraiatu beharrak arazoak areagotuta gainera, ikatza erretzen zuten itsasargiak dezente onartuagoak ziren marinelen aldetik, distantzia luzera ikusten zirelako.

Olioa
Olioaren konbustioa ez zen ona. Airea dispertsatu egiten zen eta behar zen tokian, justu garrean, urria zen, eta ezin zuen ikatzarekin lehiatu, islagailuen bitartez indartzen zen arren. Arazo hau konpontzeko hobetze sistema desberdinak aplikatu ziren, Argand lanparak adibidez, korronte bikoitzekoa, edo metxa askotako lanparak.
Herrialde bakoitzean zeukan kostuaren eta lortzeko erraztasunaren arabera, olio mota desberdinak zabaldu ziren. Horien artean zeuden begetalak, koltzakoa, kakahuetearena, oliba, liho eta kokoarena eta animaliena, balea eta urdaia.

Petrolioa
1859an petrolioa iritsi zenean, olioak kolpe handia jaso zuen eta erabiltzeari utzi zitzaion. Hasiera batean errezeloa izan bazen petrolioa erabiltzeko, sukoitasun handikoa izateagatik eta ke handia sortzen zuelako, denborarekin egin ziren hobekuntzen bitartez gainditzen joan ziren.

Gasa
Itsasargien argiztapenerako egurra destilatzetik sortutako gasa erabiltzeko lehenengo esperientziak XIX. mende hasierakoak dira.
Erregai honek hiru eragozpen garrantzitsu zituen: fabrikatzeko beharra, presioan itxitako ontzi hermetikoetan garraiatzea eta manipulazioa.
Azetilenoa izan zen erabilitako guztien artean unibertsalena, butanoa eta propanoaren oso gainetik.

Elektrizitatea
1853an hasi ziren erabiltzen Holmes irakasleak eginiko deskubrimenduekin, sorgailu elektriko bat diseinatu eta eraiki baitzuen lurrinezko makinen bitartez mugituta, zeinek bi ikatzek bereizitako distantzian eratutako arku elektriko bat elikatzen zuten, haren poloetara konektatuta.
1870ean agertu ziren Gramme sorgailuak,ordura arte erabiltzen zirenak baino indartsuagoak, txikiagoak, fidagarriagoak eta askoz ere kostu txikiagokoak. Aplikatzen hasi eta gero elektrizitatearen erabilera zabaldu eta orokortu zen eta berehala bihurtu zen ordezkaezin.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 24(a), osteguna

Izen Ospetsuak Itsasargien Historian

Pertsona asko izan dira, historian zehar, bizitza eman dutenak nabigatzailearen segurtasuna hobetu eta areagotzeko lanean. Bizitza asko salbatu da haien ahaleginari eta lorpenei esker; haien artean daude asmatzaileak, ingeniariak, eraikitzaileak, zaletu xumeak eta, portzentaje handi batean, itsasoko seinaleen eguneroko funtzionamenduaren arduradun beraiek.


GUSTAF DALEN
1869ko azaroaren 30ean jaio zen Stenstorp herriko granja batean, Suediako mendebaldean, eta minbizi sendaezin batek jota hil zen 1937ko abenduaren 9an.

Itsasargientzako lehenengo aplikazioetako bat haren asmakuntza izan zen, zehazki, azetileno gasezko distiragailua. Toki isolatuetan eta olatuen erasopean zeuden tokietan kokatutako itsasargiak eta balizak mantentzeko zailtasun etengabeak zituztelarik, eta itsasargi haietara destinatutako farozainen bizimodu penagarriak bultzatuta aritu zen ikertzen haiek arintzeko sistema autonomo bat lortzeko. XX mendearen hasieran buia batean jarri zen azetileno gasezko lehen distiragailua (manipulatzeko oso arriskutsua baina lortzeko erraza kaltzio karburotik, eta garra oso distiratsua du), potentzia bereko argi finko batek baino hamar aldiz kontsumo baxuagokoa. Negu osoan buiak funtzionatzen zuen azetilenozko metagailu bakar batekin. Horrek egin zuen Dalen-en asmakuntza berehala hedatzea.

Bere asmakuntzarekin erabat ase gabe, asmatzaileak planteatu zuen kontsumoa are eta gehiago jaisteko modua. Horretarako bide bakarra zen distiragailua soilik gauez piztu zedila lortzea. Eguzkia behatzera dedikatu zen, ohartuz, objektu ilunek energia gehiago xurgatzen zutela eta objektu argi eta distiratsuak baino gehiago berotzen zirela. Printzipio horrek, objektuen dilatazioa tenperaturarekiko proportzionala dela ere kontuan hartuta, eman zion erantzuna eguzki-balbula bat garatzeko, egunez gasaren pasoa itxiz eta hasierako gar txiki bat soilik mantenduz.

Distiragailuekin eta eguzki-balbulekin posible izan zen itsasargi babesgabeenetan automatizazioak jartzen hastea.

Hari zor zaio baita ere kapilloak automatikoki aldatzeko sistema eta lehenengo faro-irratiak fabrikatzeko proiektuaren ekimena ere bai.

1912an Zientzien Errege Akademiak Fisikako Nobel Saria eman zion "mekanismo automatikoak asmatzeagatik, gas metagailuekin konbinatuta itsasargiak eta buiak argiztatzeko erabiltzen baitira".


AUGUSTIN FRESNEL
1788ko martxoaren 10ean jaio zen Broglie herrian, Bernay ondoan (Frantzia). 1827ko uztailaren 14an, Itsasargi eta Balizen Zerbitzu Zentraleko Ingeniari Burua zelarik, gaixotasun organiko batek heriotza eragin zion.

Itsasargiak hobetzeko aplikazio optikoekin zerikusia duten deskubrimendu ugariren egilea, Kanal eta Portuetako ingeniari honek, besteak beste, bereak ditu ondorengo hauek: argi finkoaren aparatuak, distiren bitartez argi finko bariatua egiten dutenak, eraztun katadioptrikoak eta lente mailakatuak. Azken horiek izan ziren bere asmakuntza izarrak. Lente mailakatuak beste lente zentral baten inguruan aplikatzea zen eta lente zapal-konbexuek eragiten zuten aberrazio esferikoa eta bolumen txarra ezabatzen zuen multzo bakarra osatzen zuten. Horrela, garai hartako lanparek erabilitako olioak erre ondoren sortutako gar ahuletik zetorren argiaren kopuru maximoa aprobetxatzen zen.

Era honetan eraikitako lehenengo optikoa Cordouan itsasargian instalatu zen.


LUCIO DEL VALLE
Bideetako ingeniari eta arkitekto hau 1815ean jaio zen. 1874an hil zen, Itsasargien Batzordeko presidente zela.

Itsasoko seinaleztapena bultzatzeko garaian eginiko asmakuntzak garrantzitsuak izan ziren baina itsasargien eraikinek eta eraikuntzak ere garrantzia izan zuten.

Del Vallek itsasargien alorrean eginiko lan mardula Batzordean bete zituen postuetan islatuta geratzen da. Eraikitzaile gisa bere obrarik adierazgarriena Ebroren deltako burdinazko itsasargiak izan ziren, Espainian tipologia bakarrekoak, eta zeukaten abantaila zen desmuntatu eta erraz eraman zitezkeela ibaiko metaketa handitzean egoerak hala exijitzen zuenean.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Itsasargi Modernoak eta Garaikideak

Baiezta daiteke kostako argiztapenaren benetako hasiera garai modernoan dagoela. XVIII. mendetik aurrera, lehen feudo, jaurerri eta printzerrietan sakabanatutako herrialde ugari nazio gisa kontsolidatzeak ondorio bezala ekarri zuen botere bakarra, barneko kohesioa, antolaketa eta garapena sendotzea. Estatuen arteko harreman komertzialak gero eta ugariagoak dira eta itsasoko trafikoa hazi egingo da.

Ordura arte bigarren mailakoak ziren segurtasun kontuak lehentasun izatera pasako dira. Porturik garrantzitsuenetan lehorreratzeko argiak jada ez dira nahikoak eta orain beharrezkoa da kosta balizatzea, hondar-pilaketak seinaleztatzea eta barra garrantzitsuenak markatzea.

Ingalaterra izango da, denetan, itsasargi gehien zeukan herrialdea. Hemen eraiki ziren arrokako dorre ospetsuak eta itsasargi metalikoen lehenengo proiektua ere bertan egin zen.

Kolonia amerikarrak ere onuradun izan ziren, hamabi itsasargi utzi zitzaizkien eta.

Frantzian izan ezik, garrantzian atzetik jarraitzen baitzien, europar kostaldeko gainerako zonaldeak ez zeuden hain aurreratuta eta munduko gainerako tokietan itsas argiketarik ia ez zegoen.

Irlatxoetan eta itsas zabalean eraikuntza arriskutsuak, erregai eta argiztapen sistema berriak, argia indartzeko aparatu optikoak aplikatu eta seinale ozenak erabiltzen dira XIX mendean eta esan daiteke itsasoko seinale klasikoen urrezko benetako garaia izan zela.

Espainia ere garai horretan itsasargien eraikuntzan hasi zen, ia hutsetik hasita, gaur egungo gehienek eratzen duten sarea osatu arte, estatu mailako antolakuntza bakarra ezarri zen horiek administratzeko eta itsasargietako farozainen taldea sortu zen.

Gaur egun dauzkagun "Arrokako Itsasargiak" ospetsu ia gehienak garai horretakoak dira, era guztietako zailtasun izugarriak gainditu ondoren eraiki zirenak eta dorre isolatu eta bakartiaren irudi tipikoa izan dutenak, mundu guztiak irudikatzen dituen ekaitz eta enbata handien erasopean.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 20(a), igandea

Erdi Aroko itsasargiak

Erromatar Inperioaren amaierak etapa ilun baten hasiera markatuko du eta itsasoko seinaleak ere ez dira hortik kanpo geratuko. Itsasargi berriak eraikitzeari utziko diote eta lehendik zeudenak desagertu egingo dira.

XII. mendetik aurrera gauzak aldatu egingo dira. Europa iparraldean eta Mediterraneo itsasoan nabigazioa gero eta gehiago hedatzeak gaueko segurtasuna areagotu beharra indartzen du.

Erdi Aroko itsasargietan bi alderdi nabarmendu behar dira:
- Argi gehienak itsas-hiri garrantzitsuenetako portuen sarreran kokatuta zeuden eta helburu hirukoitza betetzen zuten: seinaleztatu, defendatu eta zaintzea. Irismen laburreko argiztapen sistemek batez ere balio zuten marinelak ohartu zitezen lehorreratzeko hiriak gertu zeudela.
- Sarri elizetako dorreetako argiak pizten ziren eta apaiz beraiek zaintzen zituzten.

Itsaso zabalean eraikitako lehen itsasargiaren kokapena Meloria irlan zegoen, 1154an. Pisako portutik irten eta sartzen ziren galera eta ontziei markatzeko erabiltzen zen. Bere kokapen estrategikoagatik, eraso ugariren helburu izan zen eta azkenean Meloriako gudan suntsitu zuten 1284 urtean.

Garai honetako itsasargirik adierazgarriena Frantziako Cordouan Dorrea da.


CORDOUAN ITSASARGIAREN FITXA TEKNIKOA:
- Kokapena: Girondako estuarioaren erdi aldean, Cordouan harkaitz gainean, 45º35’11’’N eta 1º10’25’’ W.
- Itxura: Dorre zilindrikoa behe aldean, eta kono-enbor formakoa goi aldean, zuria, harri grisezko kono-enbor formako basamentu gainean. Linterna eta dorreko zerrenda grisak dira.
- Ezaugarria: 2 + 1 ezkutatze, argi zuri, gorri eta berdeko sektoreka.
- Irismena: 21 milia.
- Altuera itsas gainetik: 67,5 metro.
- Bitxikeriak: kokapen honetako lehen itsasargia Eduardok, Printze Beltzak, eraiki zuen 1362 eta 1370 urte bitartean eta 16 metroko altuera zeukan. Orduan egurra erabiltzen zen erregai gisa eta ermitauek zaintzen zuten. Hauek eskubidea zuten bi libra kobratzeko handik igarotzen zen ontzi bakoitzeko. Ontziz joaten da bertara.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 18(a), ostirala

Erromatar garaiko itsasargiak

Erromatarren aurretik zeuden itsasargien erreferentzia historikoak gutxi badira, ez da gauza bera gertatzen erromatar garaiko itsasargien erreferentziei dagokienean. Garai hartan hogeitik gora bazirela konfirmatu da eta horrek ideia bat ematen du zer nolako garrantzia edukitzera iritsi ziren.

Dauden datuen arabera, haien inguruko ezagutzak nagusiki hiru oinarritatik jaso dira: adierazpen grafikoak (txanponak, grabatuak eta mosaikoak), idatzizko aipamenak eta deskribapenak, eta itsasargi haietako batzuetatik hobeto edo okerrago kontserbatuta dauzkagun aztarnak.

Datu horiek adibide adierazgarrienen kasuetan soilik gordetzen dira, izan liteke bere balio arkitektoniko edo historikoagatik aipatuak izatea justifikatuta zegoela, edo eraikinaren sendotasunagatik denboraren joanean zutik jarraitzea ahalbidetu diela. Horrela, beste eraikin apalago batzuk desagertu egingo ziren beren kokapenagatik eta elementu naturalen edo gerren eraginez, eta horrek esan nahi du gaur ezagutzen direnak baino dezente gehiago izango zirela.

LDorreen egiturak, orokorki, ez daude eredu espezifiko baten arabera eraikiak. Forma zilindrikoak, konikoak eta prismatikoak, sekzio konstante eta beherakorrekin eta solairu bat edo gehiagokoak, eta kokatzen zireneko zonaldearen arabera, egonkortasun eta sendotasun, altuera eta neurrien irizpideari gehiago erantzuten zioten tipologia normalizatu bati baino.

Argiztapenerako sistemarik arruntenak egurrez eginiko sua eta oliba-oliozko lanparak ziren.

Espainia, Italia, Frantzia, Ingalaterra, Grezia eta Asia eta Afrika iparraldeko kostak izan ziren itsasargi erromatarren kokalekuak. Garrantzitsuenetako batzuk hauek dira:
- Italia: Ostia, Messina eta Pozzuoli itsasargiak.
- Asia eta Afrikako itsasargiak: Kartago, Leptis Magna eta Laodicea.
- Frantzia: Turris Ardens eta Forum Julli.
- Ingalaterra: Dover-ko itsasargia.
- Espainia: Herkulesen Dorrea.


HERKULESEN DORREA
Coruñako iparraldean, 57 metro altuerako muino baten gainean, Herkulesen Dorreko itsasargia dago, plataforma zirkular batean zimendatua, herri eta zibilizazio ugari pasatuz nola joan diren begira.

Itsasargia, ziurrenera, K. o. I mendeko bigarren erdian edo II mendeko lehen urteetan eraiki zen Trajano enperadorearen aginduz. Arkitektoa Cayo Servio Lupo izan zen eta itsasargi, gotorleku eta talaia bezala erabili izan da.

Eraikin berezi honek lau angeluko planta du eta guztira 55 metro ditu, horietatik 34,38 metro erromatarrek eraikitakoa da eta 21 metro erantsi zitzaizkion 1789an eginiko berritze lanetan, itsasoko seinaleztapen sistema modernizatzeko egin ziren eta.

Kanpo aldetik, egitura prismatikoa ageri du eta horren gainean dorre oktogonala, izkinetan sekzio triangeluarreko errefortzuekin, oinarri koadratuaren hasiera leunduz. Dorrearen lehen gorputz honi beste bat eransten zaio, altueran beherakorra, lanpara indartsua daraman linternaren oinarri bezala balio duena.

Linterna daraman farola 1804an eraiki zen. Bere aldamenean jasotzen den dorretxo zilindrikoak eskailera kiribilak gordetzen ditu eta aldi berean tximistorratza babesten du. Lanparak, 20 segundoan behin, lau distira zuri egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 16(a), asteazkena

Antzinateko itsasargiak

Merkataritzaren garapenak itsasoz distantzia handietan bidaiatu beharra ekarri zuen neurrian, itsasoan orientatzeko suaren argia erabiltzea komeni izango zela ikusi zen, altuera eta kokapen egokiko puntuetan jarriz gauez argi horiek ikusi ahal izateko. Altuerarik ez zegoen tokietan argiak goiko aldean kokatzeko eta ekaitzak eta denboraleak jotzen zuen garaietan horiek hobeto mantentzeko, egitura artifizialen bitartez behar bezala babesten hasi ziren.

Batzuetan, marinelek, ematen zitzaien laguntzagatik eskertuta, gurtzeko zerbait bihurtu zituzten argi haiek eta tenpluak eraiki zituzten haien ohorez, sagaratu eta jainkoei dedikatu zizkieten, eta ofrendak eginez aberasten eta mantentzen zituzten.

Kondaira eta ohitura ugarik gogoratzen eta aipatzen dute su hauek egiten zirela, eta herri asko dira horiek lehen aldiz erabili izanaren ohorea edukitzeagatik lehian daudenak. Hercules eta Neso arteko borrokatik hasi eta zelta galaikoen kondairetara, Homero edo Virgilioren obretatik pasatuz.

Itsasargi edo faro izena "argi" edo "distira" hitz grekotik etor liteke. Hala ere, badaude arrazoiak uste izateko grekoak itsasoko nazio bat izatera iritsi baino lehen libiarrek eta kushitek Egipto behean zehar suzko dorreak jada eraiki zituztela. Dorre haien izen libiarra "tor" zen, eta "is" sua denez, "tor-is" edo suzko dorrea osatzen zaigu, eta hortik eratorritakoa da "turris" grekoa eta latindarra.

Azalpen onargarriago bat ateratzen da Alexandriako Pharos irlaren izena hedatzetik, bertan eraiki baitzen garai guztietako itsasargirik adierazgarriena, ondoren beste askoren eraikuntzarako eredu gisa balio izan zuena, nahiz eta eraikitakoetan lehenengoa ez zen izan.

Beste teoria batek esaten du hitz hori "Phrah" heleniarretik datorrela, egiptiarrek eguzkiari ematen dioten izena, eta Alexandriako itsasargia harekin alderatzen zen bere handitasunagatik.

Idatzizko erreferentzia gordetzen denetan zaharrena Sigeo lurmuturrean dagoen itsasargia da, izen bera hartzen duena, k.a. 650 urtean eraikia gutxi gora behera.


ALEXANDRIAKO ITSASARGIA
Itsasargi hau Pharos irlan kokatuta zegoen, Nilo ibai-ahoaren mendebaldera eta Alexandria hiriaren parean. Irla honek 12 metroko goragunea zeukan. Bereizitako parteak zeuzkan eta ekialdekoa izango zen itsasargiaren kokalekua eta haren hondakinetan eraikiko zen XV. mendean Qaitbay gotorlekua.

Irla honek aurrerapen handia lortu zuen eta kontuan hartuta kosta baxua zela eta arroka eta hondar-pilaz beteta zegoela eta ia porturik ez, beharrezkoa izan zen goi aldean seinale bat ipintzea oso ondo ikusteko moduan, itsas zabaletik zetozen nabigatzaileak portuaren sarreran nahastu ez zitezen. Erreferentzia batzuek diote k.a. 295 urtean eraiki zela eta hormetako batean aurkitutako inskripzio batek esaten omen du Sóstrato de Cnido izan zela arkitektoa.

Ibn-al-Sayj eruditoak eginiko deskribapenaren arabera, dauden guztien artean fidelena baitirudi, itsasargia hiru gorputzez osatuta zegoen eta altuera, guztira, 53 brazakoa zen, alegia, 121.9 metro.

736 urtean lurrikara batek dorrearen goiko partea eraitsi zuen eta ondoren mendebaldeko zimenduak ere kaltetuta geratu ziren itsasoaren eraginez. 995eko beste lurrikara batek kalteak eragin zituen berriz ere eta goiko partetik hogeita hamar ukondo erori ziren. 1302an, beste dardara batek ia erabat suntsitu zuen eta 1349an zegoeneko ez zen ia ezer geratzen.


RODASKO KOLOSOA
Tradizionalki munduko zazpi gauza harrigarrien artean aipatzen dena, Helios-en estatua, mundu mailan "Rodasko Kolosoa" bezala ezagutzen dena, ezin da ziur baieztatu benetan itsasargi gisa erabili ote zen ala ez.

Apolo erraldoi honen egilea Cares de Lindos izan zen eta bere garaiko Lachus artista izan zen amaitzeaz arduratu zena. Estatua horrek Rodas hirian eduki zuen kokalekuari buruz hipotesirik sinesgarrienak bi dira: alde batetik hiriaren erdigunean kokatzen duen hipotesia eta, bestetik, harri-lubetaren ertz batean kokatzen duena. Azken honetan San Nikolas eliza eraiki zen eta gaur egun irlako itsasargirik handiena dago.

K.a. 300 urtean hasi ziren eraikitzeko lanak eta 15 edo 20 urte beranduago amaitu ziren. K.a. 225 urtean lurrikara batek bota zuen belaun paretik hautsiz.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 15(a), asteartea

27 egun geratzen dira…

Lerro hauetatik jakinarazi nahi dizuegu hilabete baino gutxiago geratzen dela diseinatu dugun proiektu berriak argia ikus dezan: "Gaueko ziklopeak".

Solasaldi irekiaren bitartez, Carlos Calvo Gomez eta Mario Sanz Cruz farozainek, Suances eta Mesa Roldan-eko farozainak biak hurrenez hurren, beren bizitzako testigantza, itsasargietako oroitzapen eta historien berri emango digute, han egiten zituzten lanak eta funtzionamendua ezagutzera emanez. Itsasargien historiaz eta izan duten bilakaera teknologikoaz ariko dira. Azkenik, itsasargiaren identitatea bera ere aztergai izango da solasaldi horretan, bai eraikinari begiratuta eta bai kultur eta ondareko objektu bezala edo inguru narratibo bezala, besteak beste.

Bitartean, argazki erakusketa bat ere egongo da eta panel informatibo desberdinak ere bai, itsasargien historia eta bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digutenak: gaueko ziklopeak.

"Gaueko ziklopeak" hautatua izan da Energia Olatuak izeneko programaren barnean, Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburuak abian jarri duena herritarren kultur ekimenak sustatzeko.

Argia ikus dezan geratzen den hilabete eskas honetan itsasargien historia eta bilakaerarekin eta programatuta dauzkagun ekintzekin zerikusia duten informazio desberdinak argitaratzen joango gara.


Energia olatuek sustatuta