Link castellano

2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Ateak irekita daude!

Ateak irekita daude jadanik!

Hemen daukazu gure elkarteko idazkariari egindako elkarrizketa Cadena SER irratian, "Hoy por Hoy Irun" saioan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren "energia olatuak" programaren barnean "Gaueko ziklopeak" izeneko proiektuaz hitz egin du. Proiektu hau abenduaren gaurtik 17ra bitartean egingo da Donostiako Casares-Tomasene Kultur Zentroan.




Energia olatuek sustatuta


Gaueko ziklopeak

"Gaueko ziklopeak" proiektuko inaugurazio eguna iritsi da.

18:00etan areak irekiko ditugu. Argazki erakusketa bat egongo da eta panel informatibo desberdinak ere bai, itsasargien historia eta bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digutenak: gaueko ziklopeak. Gaur elkarrekin hitz egiteko balio izango digun oturuntza txiki bat egongo da. Erakusketa astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara bitartean, egongo da.

Arratsaldeko 19:00etan hasita, solasaldi irekiaren bitartez, Carlos Calvo Gomez eta Mario Sanz Cruz farozainek, Suances eta Mesa Roldan-eko farozainak biak hurrenez hurren, beren bizitzako testigantza, itsasargietako oroitzapen eta historien berri emango digute, han egiten zituzten lanak eta funtzionamendua ezagutzera emanez. Itsasargien historiaz eta izan duten bilakaera teknologikoaz ariko dira. Azkenik, itsasargiaren identitatea bera ere aztergai izango da solasaldi horretan, bai eraikinari begiratuta eta bai kultur eta ondareko objektu bezala edo inguru narratibo bezala, besteak beste. Bertaratu izango direnek opari txiki bat eramango dute.

Zatoz Donostiako Casares-Tomasene Kultur Etxera (Darieta bidea, 1). Sarrera dohain da. Aparkaleku publiko bat dago eraikinaren ondoan. Garraio publikoa erabil dezakezu ere bai (EUSKOTREN, Altzako geltokia; DBUS, 13, 24, 27, 31 eta 38 lineak: Arri-berri edo Santa Barbara geltokiak; RENFE, Herrerako geltokia).

"Gaueko ziklopeak" hautatua izan da Energia Olatuak izeneko programaren barnean, Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburuak abian jarri duena herritarren kultur ekimenak sustatzeko.




2016(e)ko abenduaren 9(a), ostirala

Elkarrizketa "Hoy por Hoy San Sebastián" saioan: Gaueko ziklopeak

Gure elkarteko presidenteari eta idazkariari egindako elkarrizketa Cadena SER irratian, "Hoy por Hoy San Sebastián" saioan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren "energia olatuak" programaren barnean "Gaueko ziklopeak" izeneko proiektuaz hitz egin dute. Proiektu hau abenduaren 12tik 17ra bitartean egingo da Donostiako Casares-Tomasene Kultur Zentroan.




Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko abenduaren 5(a), astelehena

Hizlariak ezagutzen... CARLOS CALVO GÓMEZ

Gure bigarren farozaina filosofian lizentziatua eta doktorea da Madrileko Unibertsitate Konplutensean.

Itsasoko seinaleetan teknikaria da 1992 urtetik. Nabigazioko laguntzen alorrean lan egiten hasi zen eta bere lehenengo destinoa Kanaria Handiko Maspalomas itsasargia izan zen eta mantenimenduko bere bi lankiderekin batera Kanaria Handiko 6 itsasargiren mantenimenduaz arduratu zen, eta Puerto de la Luz balizatzen ere aritu zen.

1994an Santanderko Portu Agintaritzara joan zen lanera eta bertako nabigazioaren laguntzarako departamenduan lan egiten du gaur egun.

2001ean Estatuko Portuen departamenduak eratutako Portuko Agintaritza desberdinetako teknikari talde batean sartu zen estudiatzeko, ingelesetik itzultzeko eta IALA (Asociación Internacional de Señales Marítimas) delako dokumentuak hobetzeko, eta 2003 urtetik Elkarte horren bileretara joaten den normalki.

2005ean proiektu bateko aditu talde batean parte hartzen hasi zen, alegia, "Turkiako portu eta kostaldeetako itsas segurtasuna hobetzea" izeneko proiektuan.

Kongresu eta ikastaro ugaritan ere hizlari bezala parte hartzen du.


Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko abenduaren 2(a), ostirala

Hizlariak ezagutzen... MARIO SANZ CRUZ

Gure lehen farozaina Madrilen jaio zen 1960an. Carboneras herriko (Almeria) Mesa Roldán itsasargiko farozaina izateaz gainera, idazlea eta kultur eragilea ere bada.

Liburu hauen egilea da: “Faro de Mesa Roldán - Apuntes para una historia” (2003), “Faros de Almería - Mucho más que señales marítimas” (2007), “Faro de Sacratif – Faros de la costa de Granada” (2010), “Calas de Almería” (2011), “Un recorrido por los faros de la costa vasca” (2011), “Voces de Carboneras” (2012), “Crónica de Carboneras” (2015) eta “Faros sobre un mar de tinta” (2016).

Taldean egindako liburu hauek koordinatu ditu: “Con el mar de fondo - Relatos de Carboneras” (2007), “Lo demás es oscuridad” (2013), “Feliz Cumpleaños, Carboneras – Libro del Bicentenario” (2014), “Donde el mar se hace carbón y otros relatos de Carboneras” (2015) eta “La narrativa tenía un precio” (2016).

Kontakizun eta poesia sailean hainbat sari ditu, prentsa eta aldizkarietan kolaborazio-lan ugari eta taldean argitaratutako kontakizun eta poesia ugari.

Onda Cero kateko "Almería en la onda" programan ere kolaboratzen du eta irratiko beste programa batzuetan ere bai.

Club de Lectura de Carboneras elkarteko arduraduna da, Jornadas Literarias de Carboneras ekintzen antolatzailea, hainbat kultur elkartetako kide da eta mota guztietako erakusketa artistikoak eta ekintzak sustatzen ditu.


Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 30(a), asteazkena

12 egun geratzen dira...

Aurreratu genizuen bezala, proiektu bat egitekotan gara Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren "energia olatuak" programaren barnean. "Gaueko ziklopeak" izeneko proiektu hau abenduaren 12tik 17ra bitartean egingo da Donostiako Casares-Tomasene Kultur Zentroan. Hemen proiektuko kartela:




Alde batetik hitzaldi-solasaldi bat edukiko dugu itsasargien historia eta bilakaerari buruz 12an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Bestalde, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara bitartean, argazki erakusketa bat egongo da eta panel informatibo desberdinak ere bai, itsasargien historia eta bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digutenak: gaueko ziklopeak.

Espero dugu gure artean izango zaituztegula ekintza hauetakoren batean.


Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 28(a), astelehena

Argiztapen Sistemen Bilakaera (II)

SISTEMA OPTIKOAK ETA IDENTIFIKATZEKO ERAK
Argi iturriak ahalik eta gehien aprobetxatzerakoan planteatzen ziren arazoak ez zeuden soilik lanparen diseinuari edo erregai motari lotuta. Funtsezko faktoreak izan ziren ea nola lortu zitekeen erradiazio eskas hori erabat ez galtzea eta nabigatzailearen begietara ahalik eta gehien iristea.

Bestalde, argien kopurua handitzean behartu zituzten bata bestetik bereizi ahal izateko metodoren bat ikertzera, marinelari adierazteko bere kokapena gutxi gora behera zein zen.

Islagailuak
Arazoa konpontzeko lehenengo ideia izan zen garraren atzean ispilu islagailu bat jartzea. Horrek sortzen zuen ikusmen-angelu mugatuaren eragozpena lehenengo argi birakariarekin konpondu zen, Carlsten (Suedia) itsasargian instalatua.

Islatzearen bitartez lortutako izpiak aprobetxatzeko modu hau katoptriko izenez ezagutzen da.

Lenteak
Argi iturri bateko izpiak islatu eta sorta paralelo batean kontzentratzeko lenteak aplikatzea lehen aldiz itsasargi ingelesetan egin zen. Lanparetako keagatik eta kristal lodiek zeukaten xurgatzeko ahalmen handiagatik ideia hori baztertu egin zen. Eragozpen hori saihesteko, 1748an, Buffon-ek iradoki zuen xaflatan ebakitzea, aldeak leunduz. Bost urte beranduago, Condorcet-ek proposatu zuen lenteak aparteko piezetan egitea. Dena den, Fresnal-ek 1819an aparatu lentikularrak deskubritu zituen arte, ez zen aitortu sistema honek zeukan garrantzia, ia esklusiboa izatera iritsi da eta.

Eraginkortasunik ez zuen kristalaren partea ezabatzean oinarrituta, aberrazioak eta distortsioak sortzen baitzituen, Fresnel iritsi zen bila zebilen soluziora lente mailakatuarekin, dioptrio izenez ezagutzen dena.

Itsasargiak bereizteko beharrak metodo desberdinak aplikatzera eraman zituzten eta gero eboluzionatzen eta hobetzen joan ziren. Oinarri orokorrak, gaur egun funtsean indarrean daudenak, ondorengoak ziren: erabilitako itxurak izan behar zuen kolore zuriko distira oso azkarrak, kopuru txikiko multzoetan eta konbinazio sinpleduna, horrela, argi bat ezagutzeko ez zedin minutu bat baino denbora gehiago behar izan. Itxurak desberdina izan behar zuen 100 miliatako erradio batean porturatzeko itsasargientzat, eta 50 miliakoa izan behar zuen kostakoentzat, eta argi finkoak saihestu ziren eta haien ordez multzokako ezkutatzeak jarri, lentearen inguruan pantailak bira eginez, eta argi gorriak eta berdeak saihestuz, tokiko argientzako soilik gordetzen baitziren, esaterako, portuetako balizatzeak egiteko.


LINTERNAK
Argia babesten duen elementua da, itsasargi baten funtsa horixe baita. Linternaren tamaina sistema optikoa eta argi iturria gordetzeko beharrezko neurrien araberakoa da, manipulatu, konpondu eta begiratu ahal izateko behar besteko espazioa emanez.

Egur edo ikatzezko itsasargietan irekiak izaten ziren eta euskarri bertikalek eutsitako kupula babesgarri bat izaten zen.

Oliozkoak kalitate baxuko eta tamaina txikiko kristalez babestuta egoten ziren.

XIX. mendearen erdialdera forma poligonala edo zilindrikoa zeukaten, zutoin bertikalekin. Aldeen kopurua itsasargiaren kategoriaren araberakoa izaten zen. Zilindrikoetan kristal kurbatuak erabiltzen ziren.

Hurrengo hobekuntza zutoin helikoidalak erabiltzea izan zen, iluntasuneko zonak saihestearren.

Argiztapen sistema gero eta indartsuagoak erabiltzean jada ez ziren beharrezkoak diametro handiko optikoak.

Aplikatzen hasi ziren beste berrikuntzetako bat kupula gardena izan zen. Bere helburua aireko nabigazioa orientatzeko ere balio izatea zen.

Horiek fabrikatzeko erabilitako materialei dagokienez, urtutako brontzea edo burdina erabili zen zutoinetarako, kobrea kupularako eta urtutako palastroa edo burdina basamenturako.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 26(a), larunbata

Argiztapen Sistemen Bilakaera (I)

Itsasargiak irismen luzeko argiak dira eta dorre gainetan kokatzen dira kostako puntu jakin eta esanguratsuetan, edo irla eta arrezifeetan, izan ere, nabigatzaileek ezagutzen dituztenean, haiekiko eta itsasoko mapa nautikoen arabera kokapena zehaztu dezakete. Behin itsasargia ikusita indibidualki identifikatuak izatea posible izan dadin, itxura argitsu bat ematen zaie, alegia, aldia deitzen zaion denbora tarte batean egiten diren argi eta iluntasun faseen multzoa da.


ERREGAIAK ETA LANPARAK
Erregai desberdinen erabilera bi baldintzen arabera ematen zen: haiek lortzeko erraztasuna eta deskubrimendu berriak.

Egurra
XVIII. mende amaiera arte itsasargi guztiak sua piztuta argiztatzen ziren, egurra erabiliz eta dorreen goiko aldean jarrita.
Egurren karga gora igotzeko lan nekezagatik, behar izaten ziren kopuru handiagatik eta euri eta elementu naturaletatik babesteko zeukaten zailtasunagatik kasu askotan ordezko gisa oliozko lanparatxoak erabiltzea ekarri zuen, azken hauek irismen askoz txikiagokoak.

Kandelak
Kandelak ere Erdi Arotik erabili ziren. Ondorengo bilakaeretan, kobrezko islagailuak erantsi zitzaizkien baina horren emaitza ez zen oso ona, izan ere garra fokuaren erdigunetik mugitu egiten zen, argiaren intentsitatean oszilazio nabariak eraginez.

Ikatza
Ikatza gero eta gehiago erabiltzen hasi zirenean, erregai konpaktuagoa eta iraupen luzeagokoa lortu zen. Nahiz eta egurrak zeuzkan funtsezko desabantailak mantentzen zituen, meategietatik garraiatu beharrak arazoak areagotuta gainera, ikatza erretzen zuten itsasargiak dezente onartuagoak ziren marinelen aldetik, distantzia luzera ikusten zirelako.

Olioa
Olioaren konbustioa ez zen ona. Airea dispertsatu egiten zen eta behar zen tokian, justu garrean, urria zen, eta ezin zuen ikatzarekin lehiatu, islagailuen bitartez indartzen zen arren. Arazo hau konpontzeko hobetze sistema desberdinak aplikatu ziren, Argand lanparak adibidez, korronte bikoitzekoa, edo metxa askotako lanparak.
Herrialde bakoitzean zeukan kostuaren eta lortzeko erraztasunaren arabera, olio mota desberdinak zabaldu ziren. Horien artean zeuden begetalak, koltzakoa, kakahuetearena, oliba, liho eta kokoarena eta animaliena, balea eta urdaia.

Petrolioa
1859an petrolioa iritsi zenean, olioak kolpe handia jaso zuen eta erabiltzeari utzi zitzaion. Hasiera batean errezeloa izan bazen petrolioa erabiltzeko, sukoitasun handikoa izateagatik eta ke handia sortzen zuelako, denborarekin egin ziren hobekuntzen bitartez gainditzen joan ziren.

Gasa
Itsasargien argiztapenerako egurra destilatzetik sortutako gasa erabiltzeko lehenengo esperientziak XIX. mende hasierakoak dira.
Erregai honek hiru eragozpen garrantzitsu zituen: fabrikatzeko beharra, presioan itxitako ontzi hermetikoetan garraiatzea eta manipulazioa.
Azetilenoa izan zen erabilitako guztien artean unibertsalena, butanoa eta propanoaren oso gainetik.

Elektrizitatea
1853an hasi ziren erabiltzen Holmes irakasleak eginiko deskubrimenduekin, sorgailu elektriko bat diseinatu eta eraiki baitzuen lurrinezko makinen bitartez mugituta, zeinek bi ikatzek bereizitako distantzian eratutako arku elektriko bat elikatzen zuten, haren poloetara konektatuta.
1870ean agertu ziren Gramme sorgailuak,ordura arte erabiltzen zirenak baino indartsuagoak, txikiagoak, fidagarriagoak eta askoz ere kostu txikiagokoak. Aplikatzen hasi eta gero elektrizitatearen erabilera zabaldu eta orokortu zen eta berehala bihurtu zen ordezkaezin.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 24(a), osteguna

Izen Ospetsuak Itsasargien Historian

Pertsona asko izan dira, historian zehar, bizitza eman dutenak nabigatzailearen segurtasuna hobetu eta areagotzeko lanean. Bizitza asko salbatu da haien ahaleginari eta lorpenei esker; haien artean daude asmatzaileak, ingeniariak, eraikitzaileak, zaletu xumeak eta, portzentaje handi batean, itsasoko seinaleen eguneroko funtzionamenduaren arduradun beraiek.


GUSTAF DALEN
1869ko azaroaren 30ean jaio zen Stenstorp herriko granja batean, Suediako mendebaldean, eta minbizi sendaezin batek jota hil zen 1937ko abenduaren 9an.

Itsasargientzako lehenengo aplikazioetako bat haren asmakuntza izan zen, zehazki, azetileno gasezko distiragailua. Toki isolatuetan eta olatuen erasopean zeuden tokietan kokatutako itsasargiak eta balizak mantentzeko zailtasun etengabeak zituztelarik, eta itsasargi haietara destinatutako farozainen bizimodu penagarriak bultzatuta aritu zen ikertzen haiek arintzeko sistema autonomo bat lortzeko. XX mendearen hasieran buia batean jarri zen azetileno gasezko lehen distiragailua (manipulatzeko oso arriskutsua baina lortzeko erraza kaltzio karburotik, eta garra oso distiratsua du), potentzia bereko argi finko batek baino hamar aldiz kontsumo baxuagokoa. Negu osoan buiak funtzionatzen zuen azetilenozko metagailu bakar batekin. Horrek egin zuen Dalen-en asmakuntza berehala hedatzea.

Bere asmakuntzarekin erabat ase gabe, asmatzaileak planteatu zuen kontsumoa are eta gehiago jaisteko modua. Horretarako bide bakarra zen distiragailua soilik gauez piztu zedila lortzea. Eguzkia behatzera dedikatu zen, ohartuz, objektu ilunek energia gehiago xurgatzen zutela eta objektu argi eta distiratsuak baino gehiago berotzen zirela. Printzipio horrek, objektuen dilatazioa tenperaturarekiko proportzionala dela ere kontuan hartuta, eman zion erantzuna eguzki-balbula bat garatzeko, egunez gasaren pasoa itxiz eta hasierako gar txiki bat soilik mantenduz.

Distiragailuekin eta eguzki-balbulekin posible izan zen itsasargi babesgabeenetan automatizazioak jartzen hastea.

Hari zor zaio baita ere kapilloak automatikoki aldatzeko sistema eta lehenengo faro-irratiak fabrikatzeko proiektuaren ekimena ere bai.

1912an Zientzien Errege Akademiak Fisikako Nobel Saria eman zion "mekanismo automatikoak asmatzeagatik, gas metagailuekin konbinatuta itsasargiak eta buiak argiztatzeko erabiltzen baitira".


AUGUSTIN FRESNEL
1788ko martxoaren 10ean jaio zen Broglie herrian, Bernay ondoan (Frantzia). 1827ko uztailaren 14an, Itsasargi eta Balizen Zerbitzu Zentraleko Ingeniari Burua zelarik, gaixotasun organiko batek heriotza eragin zion.

Itsasargiak hobetzeko aplikazio optikoekin zerikusia duten deskubrimendu ugariren egilea, Kanal eta Portuetako ingeniari honek, besteak beste, bereak ditu ondorengo hauek: argi finkoaren aparatuak, distiren bitartez argi finko bariatua egiten dutenak, eraztun katadioptrikoak eta lente mailakatuak. Azken horiek izan ziren bere asmakuntza izarrak. Lente mailakatuak beste lente zentral baten inguruan aplikatzea zen eta lente zapal-konbexuek eragiten zuten aberrazio esferikoa eta bolumen txarra ezabatzen zuen multzo bakarra osatzen zuten. Horrela, garai hartako lanparek erabilitako olioak erre ondoren sortutako gar ahuletik zetorren argiaren kopuru maximoa aprobetxatzen zen.

Era honetan eraikitako lehenengo optikoa Cordouan itsasargian instalatu zen.


LUCIO DEL VALLE
Bideetako ingeniari eta arkitekto hau 1815ean jaio zen. 1874an hil zen, Itsasargien Batzordeko presidente zela.

Itsasoko seinaleztapena bultzatzeko garaian eginiko asmakuntzak garrantzitsuak izan ziren baina itsasargien eraikinek eta eraikuntzak ere garrantzia izan zuten.

Del Vallek itsasargien alorrean eginiko lan mardula Batzordean bete zituen postuetan islatuta geratzen da. Eraikitzaile gisa bere obrarik adierazgarriena Ebroren deltako burdinazko itsasargiak izan ziren, Espainian tipologia bakarrekoak, eta zeukaten abantaila zen desmuntatu eta erraz eraman zitezkeela ibaiko metaketa handitzean egoerak hala exijitzen zuenean.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Itsasargi Modernoak eta Garaikideak

Baiezta daiteke kostako argiztapenaren benetako hasiera garai modernoan dagoela. XVIII. mendetik aurrera, lehen feudo, jaurerri eta printzerrietan sakabanatutako herrialde ugari nazio gisa kontsolidatzeak ondorio bezala ekarri zuen botere bakarra, barneko kohesioa, antolaketa eta garapena sendotzea. Estatuen arteko harreman komertzialak gero eta ugariagoak dira eta itsasoko trafikoa hazi egingo da.

Ordura arte bigarren mailakoak ziren segurtasun kontuak lehentasun izatera pasako dira. Porturik garrantzitsuenetan lehorreratzeko argiak jada ez dira nahikoak eta orain beharrezkoa da kosta balizatzea, hondar-pilaketak seinaleztatzea eta barra garrantzitsuenak markatzea.

Ingalaterra izango da, denetan, itsasargi gehien zeukan herrialdea. Hemen eraiki ziren arrokako dorre ospetsuak eta itsasargi metalikoen lehenengo proiektua ere bertan egin zen.

Kolonia amerikarrak ere onuradun izan ziren, hamabi itsasargi utzi zitzaizkien eta.

Frantzian izan ezik, garrantzian atzetik jarraitzen baitzien, europar kostaldeko gainerako zonaldeak ez zeuden hain aurreratuta eta munduko gainerako tokietan itsas argiketarik ia ez zegoen.

Irlatxoetan eta itsas zabalean eraikuntza arriskutsuak, erregai eta argiztapen sistema berriak, argia indartzeko aparatu optikoak aplikatu eta seinale ozenak erabiltzen dira XIX mendean eta esan daiteke itsasoko seinale klasikoen urrezko benetako garaia izan zela.

Espainia ere garai horretan itsasargien eraikuntzan hasi zen, ia hutsetik hasita, gaur egungo gehienek eratzen duten sarea osatu arte, estatu mailako antolakuntza bakarra ezarri zen horiek administratzeko eta itsasargietako farozainen taldea sortu zen.

Gaur egun dauzkagun "Arrokako Itsasargiak" ospetsu ia gehienak garai horretakoak dira, era guztietako zailtasun izugarriak gainditu ondoren eraiki zirenak eta dorre isolatu eta bakartiaren irudi tipikoa izan dutenak, mundu guztiak irudikatzen dituen ekaitz eta enbata handien erasopean.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 20(a), igandea

Erdi Aroko itsasargiak

Erromatar Inperioaren amaierak etapa ilun baten hasiera markatuko du eta itsasoko seinaleak ere ez dira hortik kanpo geratuko. Itsasargi berriak eraikitzeari utziko diote eta lehendik zeudenak desagertu egingo dira.

XII. mendetik aurrera gauzak aldatu egingo dira. Europa iparraldean eta Mediterraneo itsasoan nabigazioa gero eta gehiago hedatzeak gaueko segurtasuna areagotu beharra indartzen du.

Erdi Aroko itsasargietan bi alderdi nabarmendu behar dira:
- Argi gehienak itsas-hiri garrantzitsuenetako portuen sarreran kokatuta zeuden eta helburu hirukoitza betetzen zuten: seinaleztatu, defendatu eta zaintzea. Irismen laburreko argiztapen sistemek batez ere balio zuten marinelak ohartu zitezen lehorreratzeko hiriak gertu zeudela.
- Sarri elizetako dorreetako argiak pizten ziren eta apaiz beraiek zaintzen zituzten.

Itsaso zabalean eraikitako lehen itsasargiaren kokapena Meloria irlan zegoen, 1154an. Pisako portutik irten eta sartzen ziren galera eta ontziei markatzeko erabiltzen zen. Bere kokapen estrategikoagatik, eraso ugariren helburu izan zen eta azkenean Meloriako gudan suntsitu zuten 1284 urtean.

Garai honetako itsasargirik adierazgarriena Frantziako Cordouan Dorrea da.


CORDOUAN ITSASARGIAREN FITXA TEKNIKOA:
- Kokapena: Girondako estuarioaren erdi aldean, Cordouan harkaitz gainean, 45º35’11’’N eta 1º10’25’’ W.
- Itxura: Dorre zilindrikoa behe aldean, eta kono-enbor formakoa goi aldean, zuria, harri grisezko kono-enbor formako basamentu gainean. Linterna eta dorreko zerrenda grisak dira.
- Ezaugarria: 2 + 1 ezkutatze, argi zuri, gorri eta berdeko sektoreka.
- Irismena: 21 milia.
- Altuera itsas gainetik: 67,5 metro.
- Bitxikeriak: kokapen honetako lehen itsasargia Eduardok, Printze Beltzak, eraiki zuen 1362 eta 1370 urte bitartean eta 16 metroko altuera zeukan. Orduan egurra erabiltzen zen erregai gisa eta ermitauek zaintzen zuten. Hauek eskubidea zuten bi libra kobratzeko handik igarotzen zen ontzi bakoitzeko. Ontziz joaten da bertara.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 18(a), ostirala

Erromatar garaiko itsasargiak

Erromatarren aurretik zeuden itsasargien erreferentzia historikoak gutxi badira, ez da gauza bera gertatzen erromatar garaiko itsasargien erreferentziei dagokienean. Garai hartan hogeitik gora bazirela konfirmatu da eta horrek ideia bat ematen du zer nolako garrantzia edukitzera iritsi ziren.

Dauden datuen arabera, haien inguruko ezagutzak nagusiki hiru oinarritatik jaso dira: adierazpen grafikoak (txanponak, grabatuak eta mosaikoak), idatzizko aipamenak eta deskribapenak, eta itsasargi haietako batzuetatik hobeto edo okerrago kontserbatuta dauzkagun aztarnak.

Datu horiek adibide adierazgarrienen kasuetan soilik gordetzen dira, izan liteke bere balio arkitektoniko edo historikoagatik aipatuak izatea justifikatuta zegoela, edo eraikinaren sendotasunagatik denboraren joanean zutik jarraitzea ahalbidetu diela. Horrela, beste eraikin apalago batzuk desagertu egingo ziren beren kokapenagatik eta elementu naturalen edo gerren eraginez, eta horrek esan nahi du gaur ezagutzen direnak baino dezente gehiago izango zirela.

LDorreen egiturak, orokorki, ez daude eredu espezifiko baten arabera eraikiak. Forma zilindrikoak, konikoak eta prismatikoak, sekzio konstante eta beherakorrekin eta solairu bat edo gehiagokoak, eta kokatzen zireneko zonaldearen arabera, egonkortasun eta sendotasun, altuera eta neurrien irizpideari gehiago erantzuten zioten tipologia normalizatu bati baino.

Argiztapenerako sistemarik arruntenak egurrez eginiko sua eta oliba-oliozko lanparak ziren.

Espainia, Italia, Frantzia, Ingalaterra, Grezia eta Asia eta Afrika iparraldeko kostak izan ziren itsasargi erromatarren kokalekuak. Garrantzitsuenetako batzuk hauek dira:
- Italia: Ostia, Messina eta Pozzuoli itsasargiak.
- Asia eta Afrikako itsasargiak: Kartago, Leptis Magna eta Laodicea.
- Frantzia: Turris Ardens eta Forum Julli.
- Ingalaterra: Dover-ko itsasargia.
- Espainia: Herkulesen Dorrea.


HERKULESEN DORREA
Coruñako iparraldean, 57 metro altuerako muino baten gainean, Herkulesen Dorreko itsasargia dago, plataforma zirkular batean zimendatua, herri eta zibilizazio ugari pasatuz nola joan diren begira.

Itsasargia, ziurrenera, K. o. I mendeko bigarren erdian edo II mendeko lehen urteetan eraiki zen Trajano enperadorearen aginduz. Arkitektoa Cayo Servio Lupo izan zen eta itsasargi, gotorleku eta talaia bezala erabili izan da.

Eraikin berezi honek lau angeluko planta du eta guztira 55 metro ditu, horietatik 34,38 metro erromatarrek eraikitakoa da eta 21 metro erantsi zitzaizkion 1789an eginiko berritze lanetan, itsasoko seinaleztapen sistema modernizatzeko egin ziren eta.

Kanpo aldetik, egitura prismatikoa ageri du eta horren gainean dorre oktogonala, izkinetan sekzio triangeluarreko errefortzuekin, oinarri koadratuaren hasiera leunduz. Dorrearen lehen gorputz honi beste bat eransten zaio, altueran beherakorra, lanpara indartsua daraman linternaren oinarri bezala balio duena.

Linterna daraman farola 1804an eraiki zen. Bere aldamenean jasotzen den dorretxo zilindrikoak eskailera kiribilak gordetzen ditu eta aldi berean tximistorratza babesten du. Lanparak, 20 segundoan behin, lau distira zuri egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 16(a), asteazkena

Antzinateko itsasargiak

Merkataritzaren garapenak itsasoz distantzia handietan bidaiatu beharra ekarri zuen neurrian, itsasoan orientatzeko suaren argia erabiltzea komeni izango zela ikusi zen, altuera eta kokapen egokiko puntuetan jarriz gauez argi horiek ikusi ahal izateko. Altuerarik ez zegoen tokietan argiak goiko aldean kokatzeko eta ekaitzak eta denboraleak jotzen zuen garaietan horiek hobeto mantentzeko, egitura artifizialen bitartez behar bezala babesten hasi ziren.

Batzuetan, marinelek, ematen zitzaien laguntzagatik eskertuta, gurtzeko zerbait bihurtu zituzten argi haiek eta tenpluak eraiki zituzten haien ohorez, sagaratu eta jainkoei dedikatu zizkieten, eta ofrendak eginez aberasten eta mantentzen zituzten.

Kondaira eta ohitura ugarik gogoratzen eta aipatzen dute su hauek egiten zirela, eta herri asko dira horiek lehen aldiz erabili izanaren ohorea edukitzeagatik lehian daudenak. Hercules eta Neso arteko borrokatik hasi eta zelta galaikoen kondairetara, Homero edo Virgilioren obretatik pasatuz.

Itsasargi edo faro izena "argi" edo "distira" hitz grekotik etor liteke. Hala ere, badaude arrazoiak uste izateko grekoak itsasoko nazio bat izatera iritsi baino lehen libiarrek eta kushitek Egipto behean zehar suzko dorreak jada eraiki zituztela. Dorre haien izen libiarra "tor" zen, eta "is" sua denez, "tor-is" edo suzko dorrea osatzen zaigu, eta hortik eratorritakoa da "turris" grekoa eta latindarra.

Azalpen onargarriago bat ateratzen da Alexandriako Pharos irlaren izena hedatzetik, bertan eraiki baitzen garai guztietako itsasargirik adierazgarriena, ondoren beste askoren eraikuntzarako eredu gisa balio izan zuena, nahiz eta eraikitakoetan lehenengoa ez zen izan.

Beste teoria batek esaten du hitz hori "Phrah" heleniarretik datorrela, egiptiarrek eguzkiari ematen dioten izena, eta Alexandriako itsasargia harekin alderatzen zen bere handitasunagatik.

Idatzizko erreferentzia gordetzen denetan zaharrena Sigeo lurmuturrean dagoen itsasargia da, izen bera hartzen duena, k.a. 650 urtean eraikia gutxi gora behera.


ALEXANDRIAKO ITSASARGIA
Itsasargi hau Pharos irlan kokatuta zegoen, Nilo ibai-ahoaren mendebaldera eta Alexandria hiriaren parean. Irla honek 12 metroko goragunea zeukan. Bereizitako parteak zeuzkan eta ekialdekoa izango zen itsasargiaren kokalekua eta haren hondakinetan eraikiko zen XV. mendean Qaitbay gotorlekua.

Irla honek aurrerapen handia lortu zuen eta kontuan hartuta kosta baxua zela eta arroka eta hondar-pilaz beteta zegoela eta ia porturik ez, beharrezkoa izan zen goi aldean seinale bat ipintzea oso ondo ikusteko moduan, itsas zabaletik zetozen nabigatzaileak portuaren sarreran nahastu ez zitezen. Erreferentzia batzuek diote k.a. 295 urtean eraiki zela eta hormetako batean aurkitutako inskripzio batek esaten omen du Sóstrato de Cnido izan zela arkitektoa.

Ibn-al-Sayj eruditoak eginiko deskribapenaren arabera, dauden guztien artean fidelena baitirudi, itsasargia hiru gorputzez osatuta zegoen eta altuera, guztira, 53 brazakoa zen, alegia, 121.9 metro.

736 urtean lurrikara batek dorrearen goiko partea eraitsi zuen eta ondoren mendebaldeko zimenduak ere kaltetuta geratu ziren itsasoaren eraginez. 995eko beste lurrikara batek kalteak eragin zituen berriz ere eta goiko partetik hogeita hamar ukondo erori ziren. 1302an, beste dardara batek ia erabat suntsitu zuen eta 1349an zegoeneko ez zen ia ezer geratzen.


RODASKO KOLOSOA
Tradizionalki munduko zazpi gauza harrigarrien artean aipatzen dena, Helios-en estatua, mundu mailan "Rodasko Kolosoa" bezala ezagutzen dena, ezin da ziur baieztatu benetan itsasargi gisa erabili ote zen ala ez.

Apolo erraldoi honen egilea Cares de Lindos izan zen eta bere garaiko Lachus artista izan zen amaitzeaz arduratu zena. Estatua horrek Rodas hirian eduki zuen kokalekuari buruz hipotesirik sinesgarrienak bi dira: alde batetik hiriaren erdigunean kokatzen duen hipotesia eta, bestetik, harri-lubetaren ertz batean kokatzen duena. Azken honetan San Nikolas eliza eraiki zen eta gaur egun irlako itsasargirik handiena dago.

K.a. 300 urtean hasi ziren eraikitzeko lanak eta 15 edo 20 urte beranduago amaitu ziren. K.a. 225 urtean lurrikara batek bota zuen belaun paretik hautsiz.



Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko azaroaren 15(a), asteartea

27 egun geratzen dira…

Lerro hauetatik jakinarazi nahi dizuegu hilabete baino gutxiago geratzen dela diseinatu dugun proiektu berriak argia ikus dezan: "Gaueko ziklopeak".

Solasaldi irekiaren bitartez, Carlos Calvo Gomez eta Mario Sanz Cruz farozainek, Suances eta Mesa Roldan-eko farozainak biak hurrenez hurren, beren bizitzako testigantza, itsasargietako oroitzapen eta historien berri emango digute, han egiten zituzten lanak eta funtzionamendua ezagutzera emanez. Itsasargien historiaz eta izan duten bilakaera teknologikoaz ariko dira. Azkenik, itsasargiaren identitatea bera ere aztergai izango da solasaldi horretan, bai eraikinari begiratuta eta bai kultur eta ondareko objektu bezala edo inguru narratibo bezala, besteak beste.

Bitartean, argazki erakusketa bat ere egongo da eta panel informatibo desberdinak ere bai, itsasargien historia eta bilakaera hobeto ulertzen lagunduko digutenak: gaueko ziklopeak.

"Gaueko ziklopeak" hautatua izan da Energia Olatuak izeneko programaren barnean, Donostia/San Sebastian 2016 Europako Kultur Hiriburuak abian jarri duena herritarren kultur ekimenak sustatzeko.

Argia ikus dezan geratzen den hilabete eskas honetan itsasargien historia eta bilakaerarekin eta programatuta dauzkagun ekintzekin zerikusia duten informazio desberdinak argitaratzen joango gara.


Energia olatuek sustatuta


2016(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Elkarrizketa "Hoy por Hoy Irun" saioan: Txangoa Cabo Mayor Itsasargira

Gure elkarteko idazkariari egindako elkarrizketa Cadena SER irratian, "Hoy por Hoy Irun" saioan, Santanderko Cabo Mayor itsasargira antolatu dugun txangoaz hitz egiten.




2016(e)ko urriaren 12(a), asteazkena

Txangoa Cabo Mayor Itsasargira

Gure Elkarteak txango bat antolatu du Santanderko Cabo Mayor itsasargira.

Bidaia datorren urriaren 23an izango da, igandea, goizeko 8:00etan irtenda. Irunera 20:30 aldera itzultzea pentsatu dugu.

Txangoaren prezioa, autobuseko txartela eta bisitak itsasargi barnera (optika, linterna, biraketa sistema, …) eta Arte zentrora barne, 15 euro da. Egun horretako bazkaria norberak eraman behar du. Itsasargira bisita egin ondoren, Santander hiri zoragarriaz gozatzeko denbora izango dugu.

Gaur bertan hasiko da izena emateko epea eta urriaren 19ra arte, asteazkena, egongo da epea zabalik. Izena emateko edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero mezu elektroniko bat bidali amigosfaroseuskadi@gmail.com helbide elektronikora edo 686437834 telefono zenbakira deitu. Bestela, Pasiotarren parrokiko lokalera etorri (Anaka kalea, 1A) urriaren 17, 18 eta 19an, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Izenematea egintzat emango da ordaintzen den unean. Adingabekoek heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Zatoz! Laster arte!



2016(e)ko urriaren 3(a), astelehena

Dokumentala eta solasaldia

Gaur, arratsaldeko 19:00etan, "Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia" dokumentala proiektatuko da Intxaurrondo Kultur Etxean (Felix Gabilondo, 1 - Donostia). Gero, solasaldi bat egingo da Elkarteko kideekin.

Dorrezainaren lanbidea denbora laburrean desagertzera kondenatuta dago; kontua da jada ez dela jende gehiago prestatzen lan horretarako: egungo funtzionarioak erretiratzen direnean lanbidea betiko desagertuko da eta gure memorian soilik geratuko da.

Itsasargi guztietan ez da jendea bizi, eta denek ez daukate garrantzi eta kategoria bera. Batzuenetan soilik jarraitzen dute profesionalek bizitzen, izan ere, beren ardurapean dauzkaten beste itsasargi batzuk ere begiratu, konpondu eta mantendu egiten dituzte.

Dokumentalaren helburua itsasargien historia erakustea da, haien bueltan bizi eta lan egiten duten haien ahotsaren bitartez. Hau da, dorrezainen ahotsa soilik ez, baita beren familiarteko, arrantzale, artista edo idazleena ere, gai honen inguruan lan egin duten haiena.

Aukera bikaina da errealitate hori ezagutzeko. Zatoz!




2016(e)ko irailaren 26(a), astelehena

Dokumentala, solasaldia eta argazki erakusketa

Dorrezainaren lanbidea denbora laburrean desagertzera kondenatuta dago; kontua da jada ez dela jende gehiago prestatzen lan horretarako: egungo funtzionarioak erretiratzen direnean lanbidea betiko desagertuko da eta gure memorian soilik geratuko da.

Itsasargi guztietan ez da jendea bizi, eta denek ez daukate garrantzi eta kategoria bera. Batzuenetan soilik jarraitzen dute profesionalek bizitzen, izan ere, beren ardurapean dauzkaten beste itsasargi batzuk ere begiratu, konpondu eta mantendu egiten dituzte.

"Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia" dokumentalaren helburua itsasargien historia erakustea da, haien bueltan bizi eta lan egiten duten haien ahotsaren bitartez. Hau da, dorrezainen ahotsa soilik ez, baita beren familiarteko, arrantzale, artista edo idazleena ere, gai honen inguruan lan egin duten haiena.

Dokumentala urriaren 3ko 19:00etan proiektatuko da Intxaurrondo Kultur Etxean (Felix Gabilondo, 1 - Donostia). Gero, solasaldi bat egingo da Elkarteko kideekin.

Hainbat herrialdetako itsasargietara eginiko bisita ugarietan hartu ditugun argazkietako batzuk erakutsi nahi ditugu. Hori dela eta, gure Elkarteak argazki erakusketa bat antolatu du. Erakusketa 2016ko urriaren 3tik 6ra bitartean egingo da toki berberan, arratsaldeko 16:00etatik 20:30etara. Sarrera dohain da.

Zatoz! Laster arte!




2016(e)ko irailaren 14(a), asteazkena

Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia

Gaur, 19:00etan, Donostiako Tomasene Kultur Etxean, "Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia" izeneko dokumentala ikusteko aukera izango dugu.

Dokumental honetan emakume farozain baten lanaren azkeneko hilabeteak erakusten dira, erretiroa hartu aurretik, eta zeinen gogorra izan zen beretzat itsasargia itxi eta bertan bizitako oroitzapen piloa atzean uztea. Dorrezain bati ere jarraipen bat egiten zaio bere ardurapean dituen itsasargietara bisita eginez, bere lana bertatik bertara ikusi eta ezagutuz, ez soilik bere bizitokia den itsasargian, baizik eta bere ardurapean dituen guztietan ere bai. Jasotzen den beste testigantzetako bat farozain izandako batena da: nola bizi izan duen aldaketa, nola igaro den "ez dakit nongo farozain izatetik" eta toki pribilegiatuan, inbidia sortzeko modukoan bizitzetik bulego batean lan egitera eta, batez ere, dilema handi hori bizitzera, alegia, "itsasargiari gizatasuna kentzea".

Galzorian dagoen lanbide batera eginiko hurbilketa. Erretiroa hartzen duen emakume farozaina. Bere lanbideaz maiteminduta dagoen hori bere itsasargitik urrun bizitzera behartuta. Dorrezainen azkeneko belaunaldiaren ordezkari bat. Margolari bat. Historialari bat… Haiek guztiak, desagertzeko zorian dagoen ondare bati lotuta.

Aukera bikaina da errealitate hori ezagutzeko. Zatoz!




2016(e)ko irailaren 8(a), osteguna

Argazki erakusketa eta dokumentala

Marinelen gauak gidatzen dituen argi hori, itsasoa noraino iristen den eta itsas zabalean bidaiatu ondoren ontzia lotu eta zapalduko duten lurra non hasten den adierazten duen keinada hori. Itsasargi batek transmititzen duen kontzeptua ideia erromantikoa eta liluragarria da, hainbeste, badela pasio handiz ikertu eta bisitatzen duenik ere. Eta bisita horietatik sortu da erakusketa hau egiteko asmoa.

Hainbat herrialdetako itsasargietara eginiko bisita ugarietan hartu ditugun argazkietako batzuk erakutsi nahi ditugu. Hori dela eta, gure Elkarteak argazki erakusketa bat antolatu du "Itsasargiak" izenarekin.

Erakusketa 2016ko irailaren 12tik 17ra bitartean egingo da Tomasene Kultur Etxean (Darieta bidea, 1 - Donostia), arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara. Sarrera dohain da.

"Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia" izeneko dokumentala ikusteko aukera izango dugu ere bai. Itsasargien istorioa azaltzea da helburua, bertan bizi eta lan egiten dutenen hitzen bitartez. Ez bakarrik itsasargien zaintzaileek kontatzen dutenagatik, baizik eta beraien familiartekoek, arrantzaleek, artista eta idazleek beraien obran honen inguruan landu dutelako. Gero, solasaldi bat egingo da Elkarteko kideekin.

Dokumentala irailaren 14ko 19:00etan proiektatuko da toki berberan.

Zatoz! Laster arte!




2016(e)ko abuztuaren 22(a), astelehena

2016(e)ko abuztuaren 8(a), astelehena

2016(e)ko abuztuaren 5(a), ostirala

2016(e)ko uztailaren 28(a), osteguna

Argazki erakusketa: "Itsasargiak"

Marinelen gauak gidatzen dituen argi hori, itsasoa noraino iristen den eta itsas zabalean bidaiatu ondoren ontzia lotu eta zapalduko duten lurra non hasten den adierazten duen keinada hori. Itsasargi batek transmititzen duen kontzeptua ideia erromantikoa eta liluragarria da, hainbeste, badela pasio handiz ikertu eta bisitatzen duenik ere. Eta bisita horietatik sortu da erakusketa hau egiteko asmoa.

Hainbat herrialdetako itsasargietara eginiko bisita ugarietan hartu ditugun argazkietako batzuk erakutsi nahi ditugu. Hori dela eta, gure Elkarteak argazki erakusketa bat antolatu du "Itsasargiak" izenarekin.

Erakusketa 2016ko abuztuaren 3tik 7ra bitartean egingo da Laboral Kutxako aretoan (Colon ibilbidea, 13 - Irun), arratsaldeko 18:00etatik 20:30era (igandean izan ezik, 11:30 - 13:30 izango baita). Sarrera dohain da.



2016(e)ko uztailaren 19(a), asteartea

Cabo Mayor Itsasargira (Santander) txangoa

Gure Elkarteak txango bat antolatu du Santanderko Cabo Mayor itsasargira.

Bidaia datorren uztailaren 31n izango da, igandea, goizeko 8:00etan irtenda. Irunera 20:30 aldera itzultzea pentsatu dugu.

Txangoaren prezioa, autobuseko txartela eta itsasargia barnetik ikustea barne (optika, linterna, biraketa sistema, …) 15 euro da. Egun horretako bazkaria norberak eraman behar du. Itsasargira bisita egin ondoren, Santander hiri zoragarriaz gozatzeko denbora izango dugu.

Gaur bertan hasiko da izena emateko epea eta uztailaren 27ra arte, asteazkena, egongo da epea zabalik. Izena emateko edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero mezu elektroniko bat bidali amigosfaroseuskadi@gmail.com helbide elektronikora edo 686437834 telefono zenbakira deitu. Bestela, Pasiotarren parrokiko lokalera etorri (Anaka kalea, 1A) uztailaren 19, 21 eta 26an, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Izenematea egintzat emango da ordaintzen den unean. Adingabekoek heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Zatoz! Laster arte!



2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

La Jument itsasargia

La Jument itsasargia Ouessant irlaren hego-mendebaldeko kosta parean kokatzen da, Fromveur itsasartearen hego-mendebaldeko muturrean (48°25’20’’N - 5°08’02’’W). Dorre oktogonala da, 47,40 metro altuera duena, goi aldean hegalarekin. Harri landugabean eraikita dago, beheko aldea izan ezik.

1903an itsasargi honen kokapena aukeratu zen inguru horretan gertatu ziren naufragio ugariengatik. La Jument erabat itsas azpian geratzen den arroka da itsasgora dagoenean eta bere lau oinarriak soilik ikusten dira itsasbehera denean. Horrek egin zuen eraikuntzarako erronka handiagoa izatea eta 1940an sendotzeko obrak egin beharra gertatzea.

Itsasargi honen argia lehen aldiz 1911ko urriaren 15ean piztu zen. Azkeneko farozainak La Jument utzi zuen 1991ko uztailaren 26an, urte horretan automatizatu zen eta. Honek behar bezala funtzionatzen duela zaintzen da Créac’h-eko itsasargiko kontrol estaziotik.

2009ko urte hasieran itsasargi honen hormigoizko oinarria kaltetuta agertu zen. 2010eko iraileko itsasaldiek hormigoizko oinarri hau eta plaka metalikoak sendotzea ahalbidetu zuten.

Argi gorria du, 250 watt-eko lanpara halogenoak egina 15 segundoan behin hiru distirako multzoetan eta 21 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik itsasargia monumentu historiko gisa katalogatuta dago.

Mundu mailan itsasargien argazkirik famatuenetako bat honi ateratakoa da. Argazki honen historia 1989ko abenduaren 21ekoa da. Argazkilari bat La Jument gainetik igarotzen ari zen helikopteroz ekaitz handia zen egun batean. Barnean, farozainak, helikopteroa behin eta berriz gainetik pasatzen zela ikusita, zerbait arraroa gertatuko zela pentsatu zuen. Beraz, atea ireki zuen zer gertatzen zen ikusteko. Argazkilaria hasi zen bere kamara klikatzen olatu erraldoi bat itsasargiaren egitura besarkatzen hasi zen une berean. Une horretan, farozaina atera irtenda, trumoi-hots lehor bat entzun zuen (olatuak itsasargiaren aurrealdean jo zuen kolpea). Ireki zuen bezain azkar itxi zuen atea, olatuak dena txikitu baino segundo-milaren bat justu lehenago. Mirariz zegoen bizirik. Karretean 9 irudi geratu ziren jasota eta 1990ean World Press Photo bigarren saria lortuko zuten irudi horiek.




2016(e)ko ekainaren 1(a), asteazkena

Créac’h itsasargia

Créac’h itsasargia ("harkaitz-muinoa" bretoieraz) Ouessant irlaren mendebaldean kokatuta dago (48°27’33’’N - 05°07’44’W) eta mundu mailako itsasargirik potentzia handikoena da. 54.85 metro altuerako egitura hau oso erraz ezagutzen da marra zuri eta beltzak dituelako eta egunez are errazago egiten dute itsasargia ikustea.

1860an sinatu zen dekretu inperiala itsasargi hau eraikitzea ahalbidetzeko. Obrak 1863an amaitu ziren eta urte bereko abenduaren 19an abian jarri zen. Ondoren, 1888ko azaroaren 4an elektrifikatu zen eta 1901ean sendotu.

Argiztapen sistemak aldatzen joan dira urteetan zehar eta gaur egun 2000 watteko ioduro metalikoko lau lanpara edukitzera iritsi da. Argi zuria du, 10 segundoan behin bi distirako multzoen erritmoan eginez, eta 30 itsas miliataraino iristen da.

2005eko irailaren 26tik itsasargiaren fatxada monumentu historiko gisa katalogatuta dago. Betalde, 2011ko maiatzaren 23an itsasargi hau osorik monumentu historiko izendatu zen Kultura eta Komunikazio Ministerioaren aginduz.

Bere antzinako zentral elektrikoan gaur egun itsasargi eta balizen museoa dago. Itsasoko seinaleen historiari buruzko museo honetan itsasargi eta balizen zerbitzuak utzitako bildumak daude, baita abentura tekniko eta gizatiar handi honen inguruko testigantza desberdinak ere. Itsasargiaren gainontzekoa ezin da bisitatu.

Azkenik, itsasargi honetan kontrol estazio bat dago, non zortzi agente dauden Finisterreko itsas seinaleztapenerako sistema guztiak urrunetik zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen, eguneko 24 orduz.




2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Stiff-eko itsasargia

Stiff-eko itsasargia Finisterreko departamendu bretoian kokatzen da (48°28’28’’N - 05°03’24’’W) eta Frantziako zaharrenetako bat da.

Itsasargi honek kono-enbor formako bi dorre erantsita ditu. Horietako batek, handienak, 1926 urteko linterna bat dauka. Besteak eskailera zirkular bat dauka eta kupula erdiesferiko batean amaitzen da.

1700 urtean itsasargi honen argia lehen aldiz abian jarri zen. Egurrez funtzionatzen zuen eta negu garaian soilik. 1776 urtetik aurrera urte osoan zehar piztuta egongo da. 1831n Fresnel lente bat instalatu zen eta Finisterre aldeko lehen itsasargia izango zen hori egiten zuena. 1926an lenteen multzoa aldatu eta eraginkorragoak jarri ziren eta oraindik horiek kontserbatzen dira. 1957an itsasargia elektrifikatu egin zen eta 36 urte beranduago automatizatu egin zen.

Egun, piztea eta itzaltzea zelula fotoelektriko batez kontrolatzen dira eta instalazio osoa urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol gunetik. Créach'h itsasargiaren arduradunak aritzen dira honako honen kontserbazio eta mantentze lanetan.

Itsasargi honek, 32.40 metroko altuera dauka, argi gorria du, 20 segundoan behin bi distira egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.

2006ko ekainetik monumentu historiko izendapena dauka eta 2009tik jendeak bisitatzeko zabalik dago.




2016(e)ko maiatzaren 5(a), osteguna

Nividic itsasargia

Nividic itsasargia oinarri obalatu baten gainean dagoen dorre oktogonala da eta 35,55 metroko altuera du. Ouessant irlako Pern muturraren amaieran eraikita dago (48°26’44’’N - 05°09’03’’W). Bere egiteko nagusia enkailatzeak saihestea da, lainoa denean, irlaren mendebaldean dauden arroketan.

Itsasargi hau eraikitzen 1916an hasi ziren eta 1930ean amaitu. Eraiki ondoren, hormigoi armatuko bi dorre eraiki ziren Créac'h zentraletik itsasargiraino indar elektrikoa eramaten zuten goi-tentsioko kableei eusteko. Sei urte beranduago piztu zen argia lehen aldiz.

Elektrizitatea eramaten zuen kablea desagertu egin zen Bigarren Mundu Gerran eta itsasargia itzali egin zen. 1952an argia berriz piztu zen baina makinaria zaharkitu batez. Gero, helikopteroentzako hogeita bost metro karratuko plataforma bat egin zen linterna gainean, langile teknikoak ahalik eta azkarren iristeko modua izan zezan.

1996 urtetik, eguzki-panelez ekipatuta dago argia. Bederatzi distira azkarreko argia egiten du eta 6 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Kéréon itsasargia

Kéréon itsasargia Ouessant irlatik hego-ekialdera kokatzen da (48°26’14’’N - 5°01’33’’W). Harri griseko harlangaitzezko dorre zilindrikoa da, 47.25 metro ditu eta ezaugarri bereko oinarri obalatu baten gainean kokatzen da.

Itsasargi hau luxu handienetako bat duena da. Eskailera inguratzen duen horma mosaikoen bitartez apainduta dago. Sala nagusiak, 5. mailan dagoenak, atentzioa deitzen du: paretak Hungariako haritzez eginiko panelez estalita daude eta horietako batzuk erliebean eginiko itsasargiez dekoratuta daude. Zoruan haize-arrosa handi bat dago ebano eta kaobazkoa.

Itsasargia 1909an hasi ziren eraikitzen. Argia lehen aldiz 1916ko urriaren 25ean piztu zen. Automatizatzeko lehenengo fasea 1972an egin zen, itsasargia elektrifikatu eta bi sorgailu instalatuz. 2004ko urtarrilaren 29tik erabat automatizatuta dago eta urrunetik kontrolatzen da Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Gaur egun ez da inor bizi han.

Argi zuri eta gorria ezkutatzeen bitartez da (pantaila birakari batez egina) eta gehienez 17 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko apirilaren 12(a), asteartea

Trézien-eko itsasargia

Trézien-eko itsasargia lurrean kokatzen da, itsas ertzetik 500 metrora (48°25’24’’N - 04°46’44’’W). Argi direkzional batez hornituta dago, Kermorvan-eko itsasargiarekin lerrokatuta. Kono-enbor formako bere ardatza arku batzuetan amaitzen da, harri zilindrikoko balaustrada bati eutsiz.

1894ko urtarrilaren 1ean piztu zen itsasargia. Lehenengo argi hura harrikatzezko gasez elikatuta zegoen. 1900 urtean oliozko erregailu bat instalatu zen eta 1963 arte mantendu zen.

1944ko abuztuaren 15ean, eztandarik egin ez zuen jaurtigai batek itsasargiaren dorrea zeharkatu zuen eta granitozko eskailera eta bere oinarria kaltetu zituen.

1963an itsasargia elektrifikatu zen eta 1984an automatizatu zen. 1987tik jendeak bisitatzeko zabalik dago itsasargia.

37.20 metroko itsasargi honek argi zuria du, 6 segundoan behin bi ezkutatze egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.




2016(e)ko apirilaren 4(a), astelehena

Kermorvan itsasargia

Kermorvan itsasargiaren dorre koadratu berezia izen bereko penintsularen muturrean aurkitzen da (48°21'43''N - 04°47'26''W). 20.35 metroko altuera duen itsasargi hau Lochrist, Trézien eta San Mateo itsasargiekin lerrokatuta dago.

Dorrearen eraikuntza eta argiztapena Louis Plantier-ek ikuskatu zuen 1849an. Argiztapen sistema desmuntatu eta gorde egin zen gerra garaian.

Automatizatuta dago 1994tik eta urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-en dagoen Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Ez da inor bizi bertan eta bisitatu ere ezin da egin.

Argia zuria da, bost segundoan behin distira bat egiten du 180 watteko lanpara batez eta 22 itsas miliatako irismena du.




2016(e)ko martxoaren 9(a), asteazkena

Irla Birjinako itsasargia (Île Vierge)

Irla Birjinako itsasargia Lilia hiri txikiko kosta parean kokatzen da, Plouguerneau komuna frantsesean (48°38'20'' N - 04°34,29'' W). Itsasargi honek, guztira 82.50 metroko altuerarekin, harriz eraikitako Europako altuena izaten jarraitzen du eta Frantziako garrantzitsuenetako bat da. Bost metro diametroko zilindro batean 360 mailako horma-eskailera dauka eta, gainera, linternara igotzeko burdinazko beste 32 maila.

Lehenengo itsasargia (oraindik zutik dago), 33 metroko altuera eta 14 itsas miliatarainoko irismena zuena, irlaren ekialdeko gain batean eraiki zen. 1842an hasi ziren eraikitzen eta hiru urte beranduago amaitu. Lehen aldiz 1845eko abuztuaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honen argiak indar gutxi zuenez, bigarren bat eraikitzea pentsatu zen eta 1897ko apirilaren 24an hasi ziren egiten eta bost urte beranduago amaitu. 1902ko martxoaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1959an elektrifikatu zen eta hurrengo urteetan berritzen joan ziren, 2008an amaitu zen arte. 2010eko lehen sei-hilabetean automatizatu egin zen eta 2010eko urriaren 29tik ez da inor bizi bertan. 2013an hasi zituen itsasargia berritzeko lanak Brest-eko Itsasargi eta Balizen Azpisailak eta bi urte iraun dute.

Argiak bost segundoan behin distira zuri erregularrak egiten ditu eta 27 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik monumentu historiko izendapena dauka. Egun, jendeak bisitatzeko irekita dago.




2016(e)ko otsailaren 20(a), larunbata

BATZAR NAGUSIRAKO DEIALDIA

Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkarteak, estatutuen 9. artikuluaren arabera, dei egiten dizu 2016ko otsailaren 21ean, 10:30ean lehen deialdian, eta 11:00etan bigarren deialdian, Pasiotarren parrokiko lokaletan, Anaka kaleko 1A zenbakian, egingo den OHIKO BATZAR NAGUSIra.




2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

Pontusval itsasargia

Pontusval itsasargia Beg-Pol muturrean eraiki zen, Brignogan-Plages herrian (48º40'41''N - 4º20'47''W). Kostaldean naufragio asko gertatzen zelako erabaki zen itsasargia eraikitzea eta 1869ko ekainean amaitu zen. Lehen aldiz 1869ko irailaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honek lotura egiten du Vierge uhartea eta Batz uhartearen artean.

Itsasargia orokorki tokiko granitoz egina dago. 14.5 metroko altuera du. Argia, zuria edo gorria, sektoreka eta 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 10 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

Batz uharteko itsasargia

Batz uharteko itsasargia uhartearen mendebaldean dago (48°44’43’’N - 04°01’37’’) eta izen bera hartzen du. Granitozko dorre zilindrikoa da, 42.60 metro ditu eta kolore beltzeko kupula metaliko bat dauka gainean.

1833an aukeratu zen itsasargi honen kokapena eta bi urte eta erdi soilik eman zuten eraikitzen, 1836ko urriaren 10ean amaituz. Bigarren Mundu Gerran bai linterna eta bai gailu optikoa suntsitu ziren. Gero, elektrifikatu egin zen eta irratifaro bat instalatu. Era berean, 1962an semaforo auxiliar bat jarri zen.

Argi zuriak 25 segundoan behin 4 distira egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.

Itsasargi hau automatizatuta dago 1995etik. Gaur egun ez da inor bizi bertan baina bisitatu daiteke.




2016(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

Roscoff-eko itsasargia

Roscoff-eko lehenengo itsasargia (48º43'21''N - 3º58'50''W) 1880an eraiki zen izen bereko portura sartzeko bidea errazteko. 1914an dorre berri bat eraikitzea planteatu zen, izan ere ez zuen behar besteko argia egiten, baina bertan behera geratu zen Lehenengo Mundu Gerran. Proiektu hori hogei urte beranduago berreskuratu zen.

Egungo itsasargia harlangaitzezko dorre piramidala da eta 24.40 metroko altuera du. 2002 urtetik, instalazioa urrunetik kontrolatzen da, Ouessant irlan dagoen Créac'h estaziotik hain zuzen. Itsasargian jada ez da inor bizi.

Argi zuria, 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 15 itsas miliataraino iristen da.




2016(e)ko urtarrilaren 12(a), asteartea

Louët uharteko itsasargia

Louët uharteko itsasargia Morlaix badiaren sarreran kokatzen da, Bretainia frantziarrean (48°40′25″N - 3°53′20″W). Inguru harritsuan dago, Carantec kostatik 350 metrotara eta Taureau gaztelu ospetsutik gertu.

Dorre karratu zuria da, 19 metroko altuera duena, kolore beltzeko kupula batekin. 1857an eraiki zuen Fenoux ingeniariak eta 1962an automatizatua izan zen.

Farozain izandakoen etxea, itsasargiaren aldemenean dagoena, alokatu daiteke gehienez 2 egun eta 2 gaueko egonaldirako (apirila eta urria bitartean). Hamar lagunentzako tokia dauka.

Argia, 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta gehienez 23 itsas miliataraino iristen da.