Link castellano

2015(e)ko irailaren 30(a), asteazkena

Grand Jardin itsasargia

Grand Jardin itsasargia (48°40’201’’N - 02°04’971’’W) harkaitz baten gainean eraikita dago Bretainiako kostan. Bere egitura zirkularrak 10.70 metroko diametroa du oinarrian eta 6 metro goi aldean. Behetik gora honela banatzen da: sotoa, atondoa, logela, sukaldea, bigarren logela, zainketa gela zodiakoaren zeinuez apainduta, eta azkenik, linterna 24.46 metrora. Dorreak 32.71 metroko altuera du.

Lehenengo itsasargia 1865ean eraiki zen eta hiru urte beranduago piztu zen lehen aldiz. Itsasargia alemaniarrek suntsitu zuten 1944an, sotoan 400 kiloko dinamita jarriz.

Itsasargia berriz eraikitzeko lanak 1949ko apirilaren 20an amaitu ziren eta 1950eko udan piztu zen. 1978an hasi zen elektrifikatzen eta 1979an amaitu. Argi nagusia egiteko 90 watteko lanpara erabiltzen zuen eta 40 watteko beste bat erreserbarako.

Itsasargia automatizatuta dago eta Saint-Malo hiriko itsasargi eta balizen azpisailetik kontrolatzen da instalazio hau.

Argiak 10 segundoan behin bi distira egiten ditu eta 15 itsas miliatara iristen da.

Egun, 35 watteko halogenuro metalikodun lanpara batekin funtzionatzen du argi nagusirako, eta 40 watteko lanpara halogenoa du erreserbarako.

2012ko urriaren 3tik monumentu historiko izendapena dauka.




2015(e)ko irailaren 21(a), astelehena

Pierre de Herpin itsasargia

Udako oporraldiak igarota, blog honetako zereginei berrekingo diegu. Horretarako, urte batzuetan bisitatu izan ditugun itsasargi bretoi desberdinak erakutsiko dizkizuegu.

Pierre de Herpin itsasargiak (48°43’766’’ N - 01°48’904’’ W) Mont Saint-Michel badiako sarrera erakusten du. Pierre de Herpin harkaitzaren gainean eraikita dago, Grouin muturretik ipar ekialdera, Cancale herrian. Dorrea zilindrikoa da eta 23.77 metro ditu. Oinarri biribilak olatuei aurre egiteko sendotasun handia ematen dio.

Itsasargi hau eraikitzea 1864ko urriaren 25ean onartu zen baina 1876 arte ez ziren hasi eraikitzen. Grand Jardin (Saint-Malo) itsasargiaren estilo berekoa da, desberdintasun batekin, Bigarren Mundu Gerran ez zutela suntsitu. Itsasargia 1882an piztu zen.

1909an lainoa zenerako sirena bat jarri zen eta 1932an berritu zen. 1940an, okupazio garaian, itsasargia itxi egin zen baina hamabostean behin mantentze-lanak egiten jarraitu zuten. 1954an Itsasargien Komiteak soinu bidezko seinalea kendu egin zuen energia kontsumoa murriztearren. Gorabehera ugariren ondotik 1964an sirena berriz ere funtzionatzen hasi zen. 1970ean elektrifikatu egin zen.

Argia, 6 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 13.6 itsas miliataraino iristen da.

Gaur egun, 90 watteko lanpara halogenoaz funtzionatzen du argi nagusia egiteko eta 40 wattekoaz erreserbako argirako.

Itsasargi hau automatizatuta dago eta Saint-Malo eskualdetik kontrolatzen da.