Link castellano

2015(e)ko irailaren 21(a), astelehena

Pierre de Herpin itsasargia

Udako oporraldiak igarota, blog honetako zereginei berrekingo diegu. Horretarako, urte batzuetan bisitatu izan ditugun itsasargi bretoi desberdinak erakutsiko dizkizuegu.

Pierre de Herpin itsasargiak (48°43’766’’ N - 01°48’904’’ W) Mont Saint-Michel badiako sarrera erakusten du. Pierre de Herpin harkaitzaren gainean eraikita dago, Grouin muturretik ipar ekialdera, Cancale herrian. Dorrea zilindrikoa da eta 23.77 metro ditu. Oinarri biribilak olatuei aurre egiteko sendotasun handia ematen dio.

Itsasargi hau eraikitzea 1864ko urriaren 25ean onartu zen baina 1876 arte ez ziren hasi eraikitzen. Grand Jardin (Saint-Malo) itsasargiaren estilo berekoa da, desberdintasun batekin, Bigarren Mundu Gerran ez zutela suntsitu. Itsasargia 1882an piztu zen.

1909an lainoa zenerako sirena bat jarri zen eta 1932an berritu zen. 1940an, okupazio garaian, itsasargia itxi egin zen baina hamabostean behin mantentze-lanak egiten jarraitu zuten. 1954an Itsasargien Komiteak soinu bidezko seinalea kendu egin zuen energia kontsumoa murriztearren. Gorabehera ugariren ondotik 1964an sirena berriz ere funtzionatzen hasi zen. 1970ean elektrifikatu egin zen.

Argia, 6 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 13.6 itsas miliataraino iristen da.

Gaur egun, 90 watteko lanpara halogenoaz funtzionatzen du argi nagusia egiteko eta 40 wattekoaz erreserbako argirako.

Itsasargi hau automatizatuta dago eta Saint-Malo eskualdetik kontrolatzen da.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina