Link castellano

2020(e)ko urtarrilaren 30(a), osteguna

Polacrako itsasargia

Polacra lurmuturra –urrutitik bela polakra baten antza duelako du izena horrela– Níjarko udal barrutian dago, Almerían. Ipar-ekialdean, Mesa Roldángo itsasargia du bizilagunik gertukoena, eta, hego-mendebaldean, Gata lurmuturrekoa.

Bi itsasargi horiek argitzen ez zuten itzalgunea argitzeko eta kostaldeko arriskuak gainditzeko, Itsas Seinaleen 1985-1989ko Planak haiek osatzeko beste itsasargi bat eraikitzea xedatzen zuen.

Horretarako, XVI. mendeko zelata dorre baten hondarrak birgaitu eta konpondu ziren. Oinarri mailakatu baten gainean dago dorrea, eta harlangaitzezkoa da, oinplano zirkularrekoa, eta kono-enbor formakoa. 14,5 m luze da, eta adreilu txantiloituzko gailurra eta goleta ditu errematetzat. Lehen, bazuen sarrera goratu bat, haizebean, zeinetara barrurantz biltzen zen sokazko eskailera bat igota iristen zen, etsaien erasoak oztopatzeko.

2º W eta 36º 50,5’ N dira itsasargiaren koordenatuak, eta datu nagusiak, hauek: 13.000 kandelako argi intentsitatea, 14 miliako irismena, plano fokalaren 14,55 metroko altuera lurraren gainean eta 280,55 metroko altuera itsas mailaren gainean. 1991ko irailaren 9an jarri zen martxan itsasargia, eta 14 segundoan behin errepikatzen diren argi zuriko hiru argi keinuko multzoen itxura du.

Panoramika zabal baten gaineko bistak ditu, eta Almeríako Ingurune Fisikoa Babesteko Planak eta Almeríako Gune eta Ondasun Babestuen Katalogoak babesten dute kokalekua.


Faro de la Polacra-ko Itsasargia


2020(e)ko urtarrilaren 22(a), asteazkena

Mesa de Roldángo Itsasargia

1857an, Mesa Roldánen (36º 56.503' N, 1º 54.397' W) itsasargi bat eraikitzea erabaki zen, Gata eta Tiñoso lurmuturren arteko kosta tarteko iluntasuna arintzeko.

1861ean aurkeztu zen proiektua: 3. ordenako aparatua, argi finko naturala, 2 minutuan behingo hiru argi keinu, olio lanpara, argi fokuaren 198 metroko altuera itsas mailaren gainean, 11,90 metroko altuera lurraren gainean eta 22 miliako irismena.

1863an, itsasargia argitu zen; ordura arte, suak pizten ziren zelata dorrearen gainean. Atal finko batek eta kanpoko atal birakari batek osatzen zuten aparatu optikoa. Gerora, bi metxako erregailu bat egokitu zitzaion lanparari, parafina eta petrolioa kontsumitzeko.

Itsasargiaren itxura modernizatzeko eta egungo itxura emateko, argi finko zuriarena (22 miliako irismena duten lau argi keinuko multzoak), 1923an, erloju makina batek eragindako merkurio flotagailu baten gainean pantailekin txandakatutako lau leiar bertikal jarri ziren atal birakariaren ordez, eta presiopeko petrolio bidezko lurrun lanpara bat zaharraren ordez.

1973an, itsasargia elektrifikatu zen, goritasun lanpara batekin, eta ekipamendu osoa instalatu zen (optika, merkurio flotagailudun oinarria eta erloju makina) jatorrizko aparatuaren ordez.

Eraikina ederra da, baina lekua babesgabea da, eta, altuera dela-eta, ez dago itsasora zuzenean jaisterik. Inguruan bada harrobi bat, eta bertako leherketek itsasargia ukitu dute inoiz edo behin. Errepidea malkarra eta estua da, malda handikoa, eta kaitik Carboneras izeneko herrira daraman errepidearekin elkartzen da –7 km-ra dago Carboneras–.

Egungo farozaina Mario Sanz Cruz da. Duela urte batzuk, ezagutzeko aukera izan genuen, eta, haren biografiari buruz zertxobait jakin nahi izanez gero, esteka honetan kontsultatu daiteke.


Faro de Mesa de Roldán-eko Itsasargia