Link castellano

2015(e)ko azaroaren 27(a), ostirala

La Lande itsasargia

La Lande itsasargia (48°38’207’’N - 3°53’120’’W) Morlaix badiaren behe aldean kokatzen da. Harlangaitzezko dorrea da, etxebizitza gisa erabiltzen den eraikinaren ondoan. 20.35 metroko altuera du.

Itsasargi hau 1840ko hamarkadan eraiki zen Frantziako kostaldeko argiztapen programa garrantzitsu baten barnean. Lehen aldiz 1845eko abenduaren 1ean piztu zen.

1993an automatizatu zen eta instalazioa Créac'h estaziotik (Ouessant) kontrolatzen da. Gaur egun ez da inor bizi bertan, eta bisitatu ere ezin da egin.

Argiak 5 segundoan behin distira zuriak egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko azaroaren 20(a), ostirala

Beg Leger itsasargia

Beg Leger itsasargia (48º44’4’’N - 3º32’9’’W) Lannion ibaiaren bokaletik iparraldera kokatzen da eta izen bereko hiriko portura sartzea ahalbidetzen du.

Itsasargi hau 1883 eta 1884 artean eraiki zen Lasné eta Guillemoto ingeniarien ardurapean, eta 8 metroko altuera du. Hasierako linterna argi finko zuri, gorri eta berdedunaz ekipatuta zegoen eta 1885eko urtarrilaren 1ean piztu zen lehen aldiz. Gero, 1946an, argia aldatu egin zen eta 12 segundoan behingo hiru sektore eta lau ezkutaldidun beste bat jarri zen.

Gaur egun ez dago inor bertan, baina automatizatuta dago.




2015(e)ko azaroaren 14(a), larunbata

Min Ruz itsasargia

Min Ruz edo Ploumanac'h itsasargiak (48º50'3"N - 03º29'0"W) babes porturako sarrera seinaleztatzen du eta, bide batez, Sept-Îles kanaletik bideratzen ditu nabigatzaileak, lurraren eta izen bereko artxipelagoaren artean dagoen pasabide estu bat.

Inguru apartan kokatzen da eta bertara iristea nahiko erraza da. Granito arrosazko dorre piramidal bat da, 15 metroko altuera duena.

Lehenengo itsasargia 1859 eta 1860 urte bitartean eraiki zen eta 8.90 metroko altuera zuen. Eskailera batetik igotzen zen linternara, argi gorri finko batez ekipatua, 8 itsas miliatatik ikus zitekeena. 1860ko abuztuaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1944ko abuztuaren 4an tropa alemaniarrek suntsitu zuten.

Egungo itsasargia 1948an amaitu zen eraikitzen eta urte bereko urrian piztu zen. Argia, 4 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta gehienez 12 itsas miliataraino iristen da.




2015(e)ko azaroaren 4(a), asteazkena

Les Héaux de Bréhat itsasargia

Les Héaux de Bréhat itsasargia (48°54’505’’ N – 03°05’177’’ W) Épées de Tréguier arrezifeetan aurkitzen da. Saint-Brieuc badiaren mendebaldeko ertza seinaleztatzen du.

Harri taillatuzko harlangaitzezko dorre zilindrikoa da.

Itsasargi honen historia 1832ko abenduan hasi zen, egurrezko aldamio batean behin behineko sua piztu zenean, baina urtebete beranduago ekaitz denborale batek bota egin zuen.

1837 eta 1840 artean dorre zilindrikoa eraiki zen eta urte batzuetan osatzen eta hobetzen joan ziren.

1944ko abuztuan alemaniarrek dorrearen goi aldea dinamitatu zuten. 1947 eta 1949 bitartean berreraiki zen eta egun daukan 56.60 metroko altuera eman zioten.

1979an itsasargia elektrifikatu egin zen eta aerosorgailu bat jarri zuten. Jada automatizatuta, azkeneko zaintzaileak 1982ko uztailaren 9an joan ziren bertatik.

Argia sektoreka egiten du, hamabost segundoan behin lau distira eginez.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.