Link castellano

2015(e)ko urtarrilaren 31(a), larunbata

Ospatzeko moduan gara!

Kaixo denoi:

Ospatzeko moduan gara. 1000 bisitari baino gehiago izan dugu gure blogean!

Jaso dugun elkartasuna eta babesa eskertu nahi dugu, bereziki ondorengoei: Paco, Amigos de los Faros de Andalucía Elkarteko presidentea; Nathalie, Miarritzeko turismo bulegokoa; Stephane, bere laguntza jatorragatik; Francesc, Katalunian beste elkarte bat sortzeko asmo sendoa duena; Ana, bermeotarra, itsasargiez maiteminduta dagoena; Maria, Argentinako faros del mar web guneko zuzendaria; Klaus, kantabriar lurretatik estimu handia erakutsi diguna; arreta eskaini diguten erakunde ofizialei; eta gu ikusteko zuen denboran tarte bat hartzen duzuen guztioi.

Zuen bisitak espero ditugu, blog hau elikatzen jarraitzeko indarra ematen dute eta.

2015(e)ko urtarrilaren 28(a), asteazkena

Zumaiako itsasargia

Itsasargi hau San Telmo mendiaren beheko talaian kokatzen da, antzina talaiaria egoten zen toki berean (43º18´6’’N - 02º15´6’’W).

Laukizuzen formako eraikinak hiru solairu ditu: sotoa, behe solairua eta solairu nagusia. Forma oktogonaleko dorrea eraikinaren iparraldeko fatxadari erantsita dago eta foku planoak itsas gainetik 41 metrotako altuera du.

1882an eraiki zuen Francisco Lafarga ingeniariak, eta harlangaitzezko hormak ditu; pareta zuriak eta zokaloak, teilatu-hegalak eta kupula kolore urdin bizikoak ditu (zonaldeko arrantzontziek erabiltzen duten kolore bera).

Kupula, kupuliñoa, haize-arrosa, haize-orratza, tximistorratza eta muntaga helikoidalak ditu.

Optika 500 mm diametrokoa du, erdian eraztun dioptrikoa eta alde bakoitzean hamar eraztun-erdi dioptriko.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabi segundoan behin, eta 14 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 22(a), osteguna

Getariako itsasargia

Itsasargi hau arratoiaren burua deitzen zaion horren gainean kokatzen da, San Anton ermita egon zen tokitik gertu (43º18´36’’N - 02º12´06’’W).

Manuel Estibaus ingeniariak eraiki zuen 1863an. Bigarren Karlistadan bonbardatua izan zen eta, gero, 1878an berreraiki egin zuten.

Eraikinak bi solairu ditu. Dorre oktogonala, harlandu urdinez eraikia, mendebaldeko fatxadari atxikita dago, eta foku planoak itsas gainetik 93 metrotako altuera du.

Idulki gaineko ekipoak zortzi lanpara ditu argi nagusi bezala eta beste zortzi dauzka. Bi txartel fluxu-neurgailuek kontrolatzen dute biraketa.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabost segundoan behin, eta 21 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 15(a), osteguna

Igeldoko itsasargia

Donostiako itsasargi nagusiak hiru kokapen desberdin eduki ditu. Lehena, lastargizko itsasargia, Urgull mendian egon zen 1778 urtera arte. Bigarrena Igeldo mendian, dorre batean, 1855 urtera arte. Esaten da bederatzi legoataraino iristen zela, Europako onenetako bat zela. Egungoa toki berri batean aurkitzen da: Igeldo mendiaren iparraldeko maldan (43º19’40’’N - 02º00’60’’W). Azkeneko hau 1855ean eraiki zuen Manuel Peironcely ingeniariak eta neoklasiko estilokoa da.

Eraikuntza laukizuzena da. Bi solairu ditu, baina bigarrena ez da jatorrizkoa, joan den mendean eraiki zen eta. Dorrea eraikinaren iparraldeko fatxadari erantsita dago eta foku planoak itsas gainetik 130 metrotako altuera du.

Kupula, kupuliñoa, haize-arrosa, haize-orratza eta tximistorratza ditu.

Optika sei panel dioptriko eta katadioptrikoz osatuta dago. Biraketa egitea bi motorren bitartez lortzen da eta beste bat dauka erreserban.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamabost segundoan behin, eta 26 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko urtarrilaren 8(a), osteguna

Santa Clara itsasargia

Diotenez, San Bartolome ermita egon zen toki berean eraiki zen itsasargi hau, Santa Clara uharteko aldapa gutxieneko zonaldean, Donostiako Kontxako hondartza parean (43º19´30’’N - 001º59´90’’W).

1864an eraiki zuen Manuel Estibaus ingeniariak. Harlangaitzez egina dago eta izkinak eta apaingarriak harlanduzkoak ditu. XX. mendean bigarren solairua erantsi zitzaion, beharra zegoelako. Bere dorre zilindrikoa iparraldeko fatxadari lotuta doa.

Kupula, kupulatxoa eta tximistorratza ditu.

Optika danbor itxurakoa da, 300 mm diametro du eta barnean filamentu bikoitzeko lanpara bat sartuta dauka. Foku-planoaren altuera 53 metrokoa da. Argiaren erritmoa 4,5 segundoko distira batekoa da eta 9 itsas miliataraino iristen da.