Link castellano

2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

La Jument itsasargia

La Jument itsasargia Ouessant irlaren hego-mendebaldeko kosta parean kokatzen da, Fromveur itsasartearen hego-mendebaldeko muturrean (48°25’20’’N - 5°08’02’’W). Dorre oktogonala da, 47,40 metro altuera duena, goi aldean hegalarekin. Harri landugabean eraikita dago, beheko aldea izan ezik.

1903an itsasargi honen kokapena aukeratu zen inguru horretan gertatu ziren naufragio ugariengatik. La Jument erabat itsas azpian geratzen den arroka da itsasgora dagoenean eta bere lau oinarriak soilik ikusten dira itsasbehera denean. Horrek egin zuen eraikuntzarako erronka handiagoa izatea eta 1940an sendotzeko obrak egin beharra gertatzea.

Itsasargi honen argia lehen aldiz 1911ko urriaren 15ean piztu zen. Azkeneko farozainak La Jument utzi zuen 1991ko uztailaren 26an, urte horretan automatizatu zen eta. Honek behar bezala funtzionatzen duela zaintzen da Créac’h-eko itsasargiko kontrol estaziotik.

2009ko urte hasieran itsasargi honen hormigoizko oinarria kaltetuta agertu zen. 2010eko iraileko itsasaldiek hormigoizko oinarri hau eta plaka metalikoak sendotzea ahalbidetu zuten.

Argi gorria du, 250 watt-eko lanpara halogenoak egina 15 segundoan behin hiru distirako multzoetan eta 21 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik itsasargia monumentu historiko gisa katalogatuta dago.

Mundu mailan itsasargien argazkirik famatuenetako bat honi ateratakoa da. Argazki honen historia 1989ko abenduaren 21ekoa da. Argazkilari bat La Jument gainetik igarotzen ari zen helikopteroz ekaitz handia zen egun batean. Barnean, farozainak, helikopteroa behin eta berriz gainetik pasatzen zela ikusita, zerbait arraroa gertatuko zela pentsatu zuen. Beraz, atea ireki zuen zer gertatzen zen ikusteko. Argazkilaria hasi zen bere kamara klikatzen olatu erraldoi bat itsasargiaren egitura besarkatzen hasi zen une berean. Une horretan, farozaina atera irtenda, trumoi-hots lehor bat entzun zuen (olatuak itsasargiaren aurrealdean jo zuen kolpea). Ireki zuen bezain azkar itxi zuen atea, olatuak dena txikitu baino segundo-milaren bat justu lehenago. Mirariz zegoen bizirik. Karretean 9 irudi geratu ziren jasota eta 1990ean World Press Photo bigarren saria lortuko zuten irudi horiek.




2016(e)ko ekainaren 1(a), asteazkena

Créac’h itsasargia

Créac’h itsasargia ("harkaitz-muinoa" bretoieraz) Ouessant irlaren mendebaldean kokatuta dago (48°27’33’’N - 05°07’44’W) eta mundu mailako itsasargirik potentzia handikoena da. 54.85 metro altuerako egitura hau oso erraz ezagutzen da marra zuri eta beltzak dituelako eta egunez are errazago egiten dute itsasargia ikustea.

1860an sinatu zen dekretu inperiala itsasargi hau eraikitzea ahalbidetzeko. Obrak 1863an amaitu ziren eta urte bereko abenduaren 19an abian jarri zen. Ondoren, 1888ko azaroaren 4an elektrifikatu zen eta 1901ean sendotu.

Argiztapen sistemak aldatzen joan dira urteetan zehar eta gaur egun 2000 watteko ioduro metalikoko lau lanpara edukitzera iritsi da. Argi zuria du, 10 segundoan behin bi distirako multzoen erritmoan eginez, eta 30 itsas miliataraino iristen da.

2005eko irailaren 26tik itsasargiaren fatxada monumentu historiko gisa katalogatuta dago. Betalde, 2011ko maiatzaren 23an itsasargi hau osorik monumentu historiko izendatu zen Kultura eta Komunikazio Ministerioaren aginduz.

Bere antzinako zentral elektrikoan gaur egun itsasargi eta balizen museoa dago. Itsasoko seinaleen historiari buruzko museo honetan itsasargi eta balizen zerbitzuak utzitako bildumak daude, baita abentura tekniko eta gizatiar handi honen inguruko testigantza desberdinak ere. Itsasargiaren gainontzekoa ezin da bisitatu.

Azkenik, itsasargi honetan kontrol estazio bat dago, non zortzi agente dauden Finisterreko itsas seinaleztapenerako sistema guztiak urrunetik zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen, eguneko 24 orduz.