Link castellano

2015(e)ko otsailaren 26(a), osteguna

Punta Galeako itsasargia

Punta Galeako itsasargia (43º22’306’’N – 03º02’122’’W) hiru gorputz errektangular eta mailakatu dituen eraikina da. Dorrea, iparraldeko fatxadari lotua, zilindrikoa da, harria bistan du eta ondoko lur zabala dominatzen du.

Aspaldi toki honetan su handiak egiten ziren portuko sarrera seinalatzeko, eta talaiariaren zaintzako tokia zen.

Lur honetan hiru itsasargik funtzionatu dute. Lehena, Antonio Etxanobey ingeniariaren proiektua, Escarpe gotorraren hondakinetan eraiki zen. Dorrea harlanduzkoa zen eta balkoi txiki bat zeukan. Horren gainean linterna oktogonal bat finkatuta zegoen. Argi zuri jarraitua egiten zuen, 1852an piztu zen lehen aldiz eta 10 miliatara iristen zen.

Bigarrenak, lehenengoa baino hobea izanik ere, arazo bat zeukan: itsasotik igotzen zen lainoak askotan estaltzen zuela. Hori dela eta, soinu bidezko seinale bat ipini zen, alegia, bost minutuz behin lehergai bat zartarazten zuten. Sistema hau garestia zen eta askotan huts egiten zuen. Itsasargi hau 1933an elektrifikatu zen. Zoritxarrez, urte horretan bertan, dorrea kokatzen zeneko lurra pitzatzen hasi zen.

Azkenekoa, aurrekotik 180 metrotara eraikia, 1950ean inauguratu zen. Fokua lur gainetik 8,5 metrotara dago eta itsas gainetik 83,5 metrotara. Gaur egun antzinako erlojuzko makinaria baten bitartez bira egiten du eta motor elektriko batez automatikoki martxan jartzen da.

Argia hiru distirako multzoetan egiten du zortzi segundoan behin, eta 27 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 17(a), asteartea

Gorlizko itsasargia

Itsasargiek, geografikoki kokatuta dauden lurmuturraren izena eraman ohi dute. Hala ere, Gorlizko itsasargia (43º26´00’’N - 02º56´60’’W) salbuespena da, izan ere Galizian badago Villano lurmuturra, hau baino lehen eraikitako itsasargia duena, beraz, Gorlizkoak bere udalerriaren izena hartu zuen.

1990ean eraiki zen zonalde horretan dagoen kostako bateria militarretako baten gainean, Mariano Navas eta Enrique Martinezen proiektuan oinarrituta.

Dorrea, elkarri atxikitako bi elementuk osatzen dute. Aurre aldea itsasora begira duenak kupula eta argia dauka, oinplano primatikoa du eta instalazioa eta makinaria kokatzen da bertan. Hego aldera dagoenak forma zilindrikoa du eta eskailera kiribil bat dago.

21 metroko altuera du eta 165 metroko itsaslabar baten gainean kokatuta egotean Kantauri aldeko itsasargietan altuena da.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hamasei segundoan behin, eta 22 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 12(a), osteguna

Matxitxako itsasargia

Matxitxako izena daramaten bi itsasargietatik lehena, dorrea soilik geratzen da zutik, 1852ko abuztuaren 21ean inauguratu zen eta 1909an utzi zion funtzionatzeari. Obra horien aparejadorea Juan Martinez Aparicio izan zen. Egun, lainoa denean abisatzeko sirena dago bertan. 1854 eta 1863 bitartean "farozain" eskola egon zen, garai hartan "dorrezain" izenez ezagutzen zirenak. Bertan jubilatu zen Bizkaiko azken farozaina.

110 metro hego aldera egungo Matxitxako itsasargia dago (43º27’255’’N – 02º45’171’’W), hau ere lehen mailakoa eta 1909an inauguratua. Rafael de la Cerda ingeniari ospetsuaren lana izan zen. Eraikinak planta laukizuzena du eta bi solairutako gorputz zentralaz eta altuera bakarreko alboetako bi gorputzez osatuta dago. Ipar mendebaldean harlangaitzezko dorre prismatiko oktogonala nabarmentzen da, burdin urtu laminatuzko kupula ederrarekin, elementu optikoa gordetzen duena.

Foku planoa itsas gainetik 122 metrotara eta lur gainetik 20,6 metrotara dago. Castro Urdialesetik Deba ibaira arte dagoen zonalde osoan egiten du argia. Eraikin beretik Mayor eta Ferret lurmuturrekoekin konjugatutako irrati-faroa emititzen du, 100 miliatako irispidearekin.

Distira zuria egiten du 7 segundoan behin, eta 35 itsas miliatara iristen da.




2015(e)ko otsailaren 4(a), asteazkena

Santa Katalina itsasargia

1862an inauguratu zen itsasargi hau, Lekeitioko Santa Katalina lurmuturrean kokatzen da (43º22’36’’N – 02º30’37’’W) eta itsas gainetik 46 metroko altuera du.

Armando de Lázaro y Figueras ingeniariak eraiki zuen, eta dorrea harlanduz egina da eta gainontzeko eraikina harlangaitzez.

Jatorrian argi gorri finkoa egiten zuen, olioz funtzionatzen zuen 5. ordenako aparatu optiko batez hornitua. 1935ean azetilenozko lanpara batek ordezkatu zuen eta argia zurira aldatu zen.

1957an erabat elektrifikatu zen itsasargia, optika eta linterna aldatu ziren eta dorrea handitu egin zen irismen handiagoa lortzeko.

80 maila dituen eskailera batetik joaten da itsasargira. Egun, nabigazioaren interpretazio zentro bat dago martxan bertan, Lekeitioko Udalak bultzatuta.

Argia distira zuriko multzoetan egiten du hogei segundoan behin, eta 17 itsas miliatara iristen da.