Link castellano

2023(e)ko urtarrilaren 28(a), larunbata

Istorio txiki bat, nire birraitona farozainari eta Punta Galeako Itsasargiari buruz

Gaur Narciso Díaz Martín-en istorio liluragarria ezagutuko dugu. Eskerrik asko Oscar Pérez Barriori ondorengo idatzian informazio guztia jasotzeagatik eta gurekin partekatzeagatik:


Txikitatik entzun izan nion amonari beti itsasargietan bizi izan zela bere aita, nire birraitona zena, farozaina izan zelako. 1925ean hartu zuen erretiroa. Beraz, egun batean, kontatu zidaten guztia egia ote zen jakiteko, datuak, argazkiak edo beste edozein dokumentu aurkitzeko lan zailari ekin nion.

Horren emaitza, honako istorio hau izan zen.

Nire birraitonak Narciso Díaz Martín izena zuen eta Granadan jaio zen 1860an.


1885ean Itsasargien Dorrezain izateko oposizioetara aurkeztu zen eta 208 hautagaietatik 28. postua lortu zuen. Itsasargien Dorrezain zerbitzuan sartzeko izendapena eman zioten 1887an, Eloísa Jiménez de la Torre-rekin Granadako Alpujarran dagoen Sorvilán herrian ezkondu baino justu bi egun lehenago.

Eman zioten lehenengo destinoa Santoñako (Kantabria) Faro del Pescador izan zen. 1890ean iritsi zen, eta bertan bizi eta lan egin zuen 6 urtez. Garai hartan lau alaba zituzten, haietako bat nire amona.

1896an Faro del Caballo-ra aldatu ziren, Santoñan bertan, baina itsasargi horretara joatea zeharo konplikatua da: altuera handi samarretik 700 eskailera-maila baino gehiago jaitsi behar izaten zen eta gaur egun ere hala egin behar da bertaraino iristeko. Bestela, itsasotik iritsi liteke.

1898an, Santoñako Faro del Caballon bi urte luzez bizi eta lan egin ondoren, Punta Galea itsasargira iritsi zen. Garai hartan han zegoen itsasargia Antonio Etxanobe ingeniariak proiektatutako lehenengoa izan zen eta Escarpe gotorlekuaren hondakinetan eraiki zen.

Punta Galeako "Gotorlekuko itsasargia". Egungo egoera

1901ean Gaceta de Madrid aldizkarian (gaur egungo Estatuko Aldizkari Ofizialaren baliokidea) Espainia osoko itsasargi eta farozainen zerrenda argitaratu zen eta guztira 344 zeuden. Punta Galeakoa laugarren mailakotzat jotzen zen eta farozain bakar batek zaintzen zuen.

Nire birraitona eta bere familia (7 seme-alaba izatera iritsi zen; bost neska eta bi mutil) han bizi izan ziren Punta Galean 1905ean bigarren itsasargi bat eraiki zuten arte. Hara aldatu ziren eta hango argazkiak dauzkagu gure familian.

1905eko Gaceta de Madrid aldizkarian honela deskribatu zuten itsasargia: “Galea lurmuturreko itsaslabar grisen gainean dago itsasargia, eta solairu bakarreko eraikina da. Dorrea irtengune bat da, fatxadatik irteten den gorputz batean, itsasoari begira. Gorputz horretan, dorrearen alde banatan leiho bat irekitzen da eta fatxada beraren albo simetrikoetan beste hiru, erdikoa estuagoa. Eraikina eta dorrea adreilu-kolore gorriz margotuta daude, zokaloa, erlaitzak eta hareharri zuri horixkako harlandu-kateak dituzte, eta dorrearen gainean harri bereko baranda dago. Baranda horren gainean zuriz margotutako dorrea nabarmentzen da eta kupula eta bola zuridun linterna, eta haien gainean haize-orratza eta tximistorratza.”

1905eko maiatzaren 1ean piztu zen lehen aldiz, 600 m N35ºW-era zegoen gotorlekua ordezkatuz.

Punta Galeako bigarren itsasargia, 1905ean inauguratua

1905ean inauguratutako bigarren itsasargia bi farozainek zaintzen zuten: bat nire birraitona, Narciso Díaz Martín zen (1905etik 1925 arte egon zena) eta bigarren farozaina José Calballo Tenorio (A Coruñakoa) zen, 1907 eta 1914 bitartean egon zena eta bost seme-alaba izan zituena. Ez nuen aurkitu 1914 eta 1924 bitartean zein izan zen bigarren farozaina, baina 1925ean bigarren farozaina Enrique Gerona Alarcón izan zen, Sevillakoa, hiru seme-alabekin.

1925a izan zen, hain zuzen ere, nire birraitonak erretiroa hartu zuen urtea, eta Bilbora joan zen bizitzera bere alabekin, 1937an hil zen arte.

Gero, hirugarren itsasargi bat eraiki zen, gaur egun funtzionatzen jarraitzen duen bera, eta bigarren itsasargiaren instalazioak, jada dorrerik gabe, egokitu egin ziren Itsas Salbamendu eta Segurtasun Elkartea bertan kokatzeko.

Bigarren itsasargiaren etxea, birmoldatua, Itsas Salbamenduko instalazioak bertan kokatzeko