Link castellano

2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Stiff-eko itsasargia

Stiff-eko itsasargia Finisterreko departamendu bretoian kokatzen da (48°28’28’’N - 05°03’24’’W) eta Frantziako zaharrenetako bat da.

Itsasargi honek kono-enbor formako bi dorre erantsita ditu. Horietako batek, handienak, 1926 urteko linterna bat dauka. Besteak eskailera zirkular bat dauka eta kupula erdiesferiko batean amaitzen da.

1700 urtean itsasargi honen argia lehen aldiz abian jarri zen. Egurrez funtzionatzen zuen eta negu garaian soilik. 1776 urtetik aurrera urte osoan zehar piztuta egongo da. 1831n Fresnel lente bat instalatu zen eta Finisterre aldeko lehen itsasargia izango zen hori egiten zuena. 1926an lenteen multzoa aldatu eta eraginkorragoak jarri ziren eta oraindik horiek kontserbatzen dira. 1957an itsasargia elektrifikatu egin zen eta 36 urte beranduago automatizatu egin zen.

Egun, piztea eta itzaltzea zelula fotoelektriko batez kontrolatzen dira eta instalazio osoa urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol gunetik. Créach'h itsasargiaren arduradunak aritzen dira honako honen kontserbazio eta mantentze lanetan.

Itsasargi honek, 32.40 metroko altuera dauka, argi gorria du, 20 segundoan behin bi distira egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.

2006ko ekainetik monumentu historiko izendapena dauka eta 2009tik jendeak bisitatzeko zabalik dago.




2016(e)ko maiatzaren 5(a), osteguna

Nividic itsasargia

Nividic itsasargia oinarri obalatu baten gainean dagoen dorre oktogonala da eta 35,55 metroko altuera du. Ouessant irlako Pern muturraren amaieran eraikita dago (48°26’44’’N - 05°09’03’’W). Bere egiteko nagusia enkailatzeak saihestea da, lainoa denean, irlaren mendebaldean dauden arroketan.

Itsasargi hau eraikitzen 1916an hasi ziren eta 1930ean amaitu. Eraiki ondoren, hormigoi armatuko bi dorre eraiki ziren Créac'h zentraletik itsasargiraino indar elektrikoa eramaten zuten goi-tentsioko kableei eusteko. Sei urte beranduago piztu zen argia lehen aldiz.

Elektrizitatea eramaten zuen kablea desagertu egin zen Bigarren Mundu Gerran eta itsasargia itzali egin zen. 1952an argia berriz piztu zen baina makinaria zaharkitu batez. Gero, helikopteroentzako hogeita bost metro karratuko plataforma bat egin zen linterna gainean, langile teknikoak ahalik eta azkarren iristeko modua izan zezan.

1996 urtetik, eguzki-panelez ekipatuta dago argia. Bederatzi distira azkarreko argia egiten du eta 6 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.