Link castellano

2016(e)ko martxoaren 9(a), asteazkena

Irla Birjinako itsasargia (Île Vierge)

Irla Birjinako itsasargia Lilia hiri txikiko kosta parean kokatzen da, Plouguerneau komuna frantsesean (48°38'20'' N - 04°34,29'' W). Itsasargi honek, guztira 82.50 metroko altuerarekin, harriz eraikitako Europako altuena izaten jarraitzen du eta Frantziako garrantzitsuenetako bat da. Bost metro diametroko zilindro batean 360 mailako horma-eskailera dauka eta, gainera, linternara igotzeko burdinazko beste 32 maila.

Lehenengo itsasargia (oraindik zutik dago), 33 metroko altuera eta 14 itsas miliatarainoko irismena zuena, irlaren ekialdeko gain batean eraiki zen. 1842an hasi ziren eraikitzen eta hiru urte beranduago amaitu. Lehen aldiz 1845eko abuztuaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honen argiak indar gutxi zuenez, bigarren bat eraikitzea pentsatu zen eta 1897ko apirilaren 24an hasi ziren egiten eta bost urte beranduago amaitu. 1902ko martxoaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1959an elektrifikatu zen eta hurrengo urteetan berritzen joan ziren, 2008an amaitu zen arte. 2010eko lehen sei-hilabetean automatizatu egin zen eta 2010eko urriaren 29tik ez da inor bizi bertan. 2013an hasi zituen itsasargia berritzeko lanak Brest-eko Itsasargi eta Balizen Azpisailak eta bi urte iraun dute.

Argiak bost segundoan behin distira zuri erregularrak egiten ditu eta 27 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik monumentu historiko izendapena dauka. Egun, jendeak bisitatzeko irekita dago.