Link castellano

2020(e)ko martxoaren 18(a), asteazkena

Pentsatu munduko itsasargi altuenean zaudela...

Bizitzen ari garen egoera hau errazteko, zerbait proposatu nahi dizuegu...

Irudikatu edo pentsatu munduko itsasargi altuenean zaudela. Zer ikusiko zenuke? Zer nahiko zenuke ikusi? Hau kontuan izanda, marrazki koloretsu bat egin, sare sozialetara igo eta gu izendatu (@faroseuskadi). Jasotako marrazki guztien artean, gure merchandaising-eko produktuak zozketatuko ditugu.

Marrazki guztiak sare sozialetan igoko ditugu eta ez ezazu ahaz leihoan edo balkoian jartzea.

Zure adina edozein dela ere, anima zaitez! Igandeko gauerdira arte daukazu parte hartzeko.


Mayor Lurmuturreko itsasargitik...

2020(e)ko martxoaren 17(a), asteartea

Adra-ko Itsasargia

Eraikitzeko lehenengo proiektua 1861ean egin zen. Ibaia bideratzeko lanak noiz amaituko zain egon gabe 8 metroko burdinazko behin-behineko dorre bat eraikitzea proposatu zen. Azkenean, egurrezko dorre bat eraikitzeko proiektua egin zen 1883an.

Antzinako ibaiaren bokalean kokatua, gris koloreko dorre koniko bat zen, eta 5. mailako aparatu bat zeukan petroliozko lanpara batekin. Argi zuria egiten zuen, 12 miliatako irismenarekin. Urteen poderioz, kostaldearen atzerakada gertatzean, desagertu egin zen itsasertzetik bereizten zuen 120 metroko distantzia, eta 1896ko urrian suntsitu zen.

Bere aurrekoaren antzeko ezaugarriekin eta lehengo linterna, optika eta lanpara aprobetxatuz, 1899ko urriaren 15ean bigarren itsasargia martxan jarri zen. 1922an, hiru ezkutatzeen multzo batek daukan ezaugarri hori lortzearren pantaila birakari batzuk jarri zitzaizkion aparatuari. Gainera, linterna haren ordez beste bat jarri zen eta elektrifikatu egin zen. Gerra garaian, beste itsasargi askok bezala, zerbitzu emateari utzi zion; tropek okupatu zuten eta abiazioak metrailadoraz eraso zuen.

1974an, horizonteko optika dioptrikoa zeukan instalazio elektriko-gasezko bat jarri zen martxan.

Itsasargiaren antzinatasunagatik eta dagoen tokian egoteagatik herriak bere egin duelako, izan ere herriko argiekin nahasten da, 1985ean proiektu bat idazteko baimena eman zen itsas mailatik 23 metrora itsasargi berri bat altxatzeko, instalazio zaharreko argi bera linterna berri batean kokatuta.

Almeriatik Malagara doan errepide nagusitik ikus daiteke, herriaren irteeran, azken herri horretara joateko norabidean.


Faro de Adra-ko Itsasargia


2020(e)ko martxoaren 11(a), asteazkena

Punta de los Baños-eko itsasargia

Duela gutxi eraikitako argi hori Punta de los Baños-en dago (36°41'45.7"N - 2°50'50.9"W), Punta Culo de Perros izeneko hondartza-eremuan eta Guardias Viejas-eko gaztelua izan zen hartatik gertu. Gazteluaren hondakinek kostako nabigazioarentzat eguneko marka gisa balio dute.

Hormigoi armatuz egina, ordura arte erabilitako diseinu klasiko edo funtzionaletatik aldentzen da haren estetika. 1992an inauguratu zen.

22 metro altuerako angeluzuzeneko dorre zuri bat dauka. 4 distirako multzotan argi zuria egiten du, 11 miliatako irismena dauka eta 3400 kandelako argi-intentsitatea.

Eguzki plakaz hornitua dago, energia iturri alternatibo bezala.


Faro de Punta de los Baños-eko Itsasargia


2020(e)ko martxoaren 4(a), asteazkena

Sabinal-eko Itsasargia

Punta Entinas-en itsasargi bat eraikitzeko zenbait proiektu egin ondoren, azkenean 1600 metro ekialderago eraikitzea erabaki zen, Gallardo punta edo Elena punta izen okerrez ezagutzen den tokian, izan ere Punta del Sabinal izena du toki horrek (36°41'13.7"N - 2°42'04.9"W).

Hirugarren mailako aparatu birakari bat eta bi dorrezainek atenditzen zuten oliba-oliozko lanpara bat zituen. Bere argi finkoa, 2 segundoz behineko distira zuriekin, 18 miliatara iristen zen, eta lehen aldiz 1863ko abenduaren 31n piztu zen. Ondoren, lanparari erregailu bat gehitu zioten,, parafinara eta petroliora egokitzeko.

Kostaldearen pixkanakako atzerakadaren eta denborale gogorren ondorioz, 1915ean 4. mailako behin-behineko itsasargi bat jarri zen martxan, jatorrizko itsasargia harriz harri lurrean 400 metro barrurago eramaten zen bitartean. Itsasargi berria 1926ko ekainaren 28ko gauean inauguratu zen, 3. mailako optikarekin, eta goritasunezko petrolio-instalazio batekin. Haren itxura zen 10 segundoz behin distira zuri bat eta biko multzotan argi egitea, eta batez beste 26 miliako irismenarekin.

1937an, gerra betean, itsasargia metrailatu egin zen, eta torreoia, errotazio-makina, linterna eta optikaren prisma batzuk kaltetu ziren eta erregailua suntsitu egin zen. 1956an lurrikara batek flotagailuaren merkurioa isuri zuen, errotazioa geldituz, eta dorrearen egituran kalte larriak eragin zituen, eraikina osorik konpontzera behartuz.

Lehen Mundu Gerraren urteetan, eta beharbada behin-behineko itsasargi hark oso zerbitzu txarrak ematen zituelako, toki horretan hondoratze batzuk gertatu ziren. Horiek saihesteko buia argitsu bat jarri zuten itsasargitik 12 kilometro mendebaldera, baina mendebaldetik etorritako lehenengo denborale handira arte iraun zuen: 14 egun.

Behin elektrifikatuta, 1982an dorrea altxatu egin zen eta linterna, optika eta lanpara aldatu ziren.

Roquetas herriarekin 15 kilometroko errepide asfaltatu estu batez komunikatua, bertara iristeko antzinako Union Salinera de España-ren padurak zeharkatu behar dira.


Faro de Sabinal-eko itsasargia