Link castellano

2016(e)ko azaroaren 16(a), asteazkena

Antzinateko itsasargiak

Merkataritzaren garapenak itsasoz distantzia handietan bidaiatu beharra ekarri zuen neurrian, itsasoan orientatzeko suaren argia erabiltzea komeni izango zela ikusi zen, altuera eta kokapen egokiko puntuetan jarriz gauez argi horiek ikusi ahal izateko. Altuerarik ez zegoen tokietan argiak goiko aldean kokatzeko eta ekaitzak eta denboraleak jotzen zuen garaietan horiek hobeto mantentzeko, egitura artifizialen bitartez behar bezala babesten hasi ziren.

Batzuetan, marinelek, ematen zitzaien laguntzagatik eskertuta, gurtzeko zerbait bihurtu zituzten argi haiek eta tenpluak eraiki zituzten haien ohorez, sagaratu eta jainkoei dedikatu zizkieten, eta ofrendak eginez aberasten eta mantentzen zituzten.

Kondaira eta ohitura ugarik gogoratzen eta aipatzen dute su hauek egiten zirela, eta herri asko dira horiek lehen aldiz erabili izanaren ohorea edukitzeagatik lehian daudenak. Hercules eta Neso arteko borrokatik hasi eta zelta galaikoen kondairetara, Homero edo Virgilioren obretatik pasatuz.

Itsasargi edo faro izena "argi" edo "distira" hitz grekotik etor liteke. Hala ere, badaude arrazoiak uste izateko grekoak itsasoko nazio bat izatera iritsi baino lehen libiarrek eta kushitek Egipto behean zehar suzko dorreak jada eraiki zituztela. Dorre haien izen libiarra "tor" zen, eta "is" sua denez, "tor-is" edo suzko dorrea osatzen zaigu, eta hortik eratorritakoa da "turris" grekoa eta latindarra.

Azalpen onargarriago bat ateratzen da Alexandriako Pharos irlaren izena hedatzetik, bertan eraiki baitzen garai guztietako itsasargirik adierazgarriena, ondoren beste askoren eraikuntzarako eredu gisa balio izan zuena, nahiz eta eraikitakoetan lehenengoa ez zen izan.

Beste teoria batek esaten du hitz hori "Phrah" heleniarretik datorrela, egiptiarrek eguzkiari ematen dioten izena, eta Alexandriako itsasargia harekin alderatzen zen bere handitasunagatik.

Idatzizko erreferentzia gordetzen denetan zaharrena Sigeo lurmuturrean dagoen itsasargia da, izen bera hartzen duena, k.a. 650 urtean eraikia gutxi gora behera.


ALEXANDRIAKO ITSASARGIA
Itsasargi hau Pharos irlan kokatuta zegoen, Nilo ibai-ahoaren mendebaldera eta Alexandria hiriaren parean. Irla honek 12 metroko goragunea zeukan. Bereizitako parteak zeuzkan eta ekialdekoa izango zen itsasargiaren kokalekua eta haren hondakinetan eraikiko zen XV. mendean Qaitbay gotorlekua.

Irla honek aurrerapen handia lortu zuen eta kontuan hartuta kosta baxua zela eta arroka eta hondar-pilaz beteta zegoela eta ia porturik ez, beharrezkoa izan zen goi aldean seinale bat ipintzea oso ondo ikusteko moduan, itsas zabaletik zetozen nabigatzaileak portuaren sarreran nahastu ez zitezen. Erreferentzia batzuek diote k.a. 295 urtean eraiki zela eta hormetako batean aurkitutako inskripzio batek esaten omen du Sóstrato de Cnido izan zela arkitektoa.

Ibn-al-Sayj eruditoak eginiko deskribapenaren arabera, dauden guztien artean fidelena baitirudi, itsasargia hiru gorputzez osatuta zegoen eta altuera, guztira, 53 brazakoa zen, alegia, 121.9 metro.

736 urtean lurrikara batek dorrearen goiko partea eraitsi zuen eta ondoren mendebaldeko zimenduak ere kaltetuta geratu ziren itsasoaren eraginez. 995eko beste lurrikara batek kalteak eragin zituen berriz ere eta goiko partetik hogeita hamar ukondo erori ziren. 1302an, beste dardara batek ia erabat suntsitu zuen eta 1349an zegoeneko ez zen ia ezer geratzen.


RODASKO KOLOSOA
Tradizionalki munduko zazpi gauza harrigarrien artean aipatzen dena, Helios-en estatua, mundu mailan "Rodasko Kolosoa" bezala ezagutzen dena, ezin da ziur baieztatu benetan itsasargi gisa erabili ote zen ala ez.

Apolo erraldoi honen egilea Cares de Lindos izan zen eta bere garaiko Lachus artista izan zen amaitzeaz arduratu zena. Estatua horrek Rodas hirian eduki zuen kokalekuari buruz hipotesirik sinesgarrienak bi dira: alde batetik hiriaren erdigunean kokatzen duen hipotesia eta, bestetik, harri-lubetaren ertz batean kokatzen duena. Azken honetan San Nikolas eliza eraiki zen eta gaur egun irlako itsasargirik handiena dago.

K.a. 300 urtean hasi ziren eraikitzeko lanak eta 15 edo 20 urte beranduago amaitu ziren. K.a. 225 urtean lurrikara batek bota zuen belaun paretik hautsiz.



Energia olatuek sustatuta


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina