Link castellano

2024(e)ko maiatzaren 7(a), asteartea

10 urte argitzen - Argazki erakusketa

«Irla txiki batean, Farokulus bizi zen: gaizki hezitako ziklope bat, inguru haietako erregearen semea. Farokulusek biziki maite zuen, amildegietara igota, harkaitz eskergak lurretik ateratzea eta irlatik gertu zebiltzan ontziei jaurtitzea. Bat edo beste hondoratzen zuenean, barre algaraka hasten zen. Poseidon, joko hartaz nekatuta, irlako erregearengana jo zuen, eta semeak ontziak hondoratzeari uzteko eskatu; mendiak uretara jaurtitzen jarraitzen bazuen, itsaso guztia estaliko zuen eta Poseidonek baino ez zezakeen uren eta nabigatzaileen patuarekin horrela jolastu, bera baitzen itsasoen jainkoa. Erregeak, semeari errieta ez egitearekin aski ez, eta Poseidon uhartetik egotzi zuen, semea lasai ibil zedin. Bitartean, erraldoiak izututako marinelek, itsasoaren jainkoaren omenezko tenplu bikain bat eraikitzeari ekin zioten, babes zitzan eskatzeko. Poseidon poz-pozik zegoen, Zeusen mailako tenplu bat izango zuela ikusirik. Alabaina, tenplurako marmola zeraman barkua porturatzear zela, harkaitz erraldoi batek jo eta hondora bota zuen. Poseidon sututa zegoen. Farokulus zigortzeko, gauero esna geratzera kondenatu zuen, amildegi ertzean, buru gainean su bat zuela, eta horrela itsasoko lehen argia bilakatu zen».*

Itsasargien sorrerari buruzko istorio ugari daude, baita haiei buruzko kontakizun asko ere. Gure elkartea duela hamar urte sortu zen, farozaleen topagune izateko eta gainerakoei informazioa emateko asmoarekin.

Hamarkada honetan guztian, gure bazkideak ezinbesteko pieza izan dira elkartearen etenik gabeko hazkundean. Eta, horregatik, gure bazkideek bisitatu dituzten zenbait farori egindako argazkiak erakutsi nahi ditugu.

Horrela, gure hamargarren urteurrena ospatzeko, Euskadiko Itsasargien Lagunen elkarte kulturaletik «10 urte argitzen» izeneko argazki erakusketa antolatu dugu. 2024ko maiatzaren 20tik ekainaren 16ra bitartean egongo da ikusgai Irungo Palmera Montero gunean (Leandro Agirretxe, 1), eta sarrera doakoa izango da. Ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 08:00h-22:00h; Larunbat eta igandeetan: 10:00h-14:00h eta 16:00h-20:00h; Jaiegunetan itxita.

Inaugurazioa maiatzaren 20an egingo da, 19:00etan, eta herritar guztiei gonbita luzatu nahi diegu, Palmera Monteroko 2. aretora etor daitezen, itsasargiei buruzko istorioen bat partekatu eta erakusketa irekitzeko ekitaldian parte hartzera. Gainera, parte-hartzaile bakoitzari elkartearen oroigarri txiki bat emango zaio.



* Luz de mar: la historia de los últimos fareros. Efecto Kulechov

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina