Link castellano

2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Kéréon itsasargia

Kéréon itsasargia Ouessant irlatik hego-ekialdera kokatzen da (48°26’14’’N - 5°01’33’’W). Harri griseko harlangaitzezko dorre zilindrikoa da, 47.25 metro ditu eta ezaugarri bereko oinarri obalatu baten gainean kokatzen da.

Itsasargi hau luxu handienetako bat duena da. Eskailera inguratzen duen horma mosaikoen bitartez apainduta dago. Sala nagusiak, 5. mailan dagoenak, atentzioa deitzen du: paretak Hungariako haritzez eginiko panelez estalita daude eta horietako batzuk erliebean eginiko itsasargiez dekoratuta daude. Zoruan haize-arrosa handi bat dago ebano eta kaobazkoa.

Itsasargia 1909an hasi ziren eraikitzen. Argia lehen aldiz 1916ko urriaren 25ean piztu zen. Automatizatzeko lehenengo fasea 1972an egin zen, itsasargia elektrifikatu eta bi sorgailu instalatuz. 2004ko urtarrilaren 29tik erabat automatizatuta dago eta urrunetik kontrolatzen da Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Gaur egun ez da inor bizi han.

Argi zuri eta gorria ezkutatzeen bitartez da (pantaila birakari batez egina) eta gehienez 17 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko apirilaren 12(a), asteartea

Trézien-eko itsasargia

Trézien-eko itsasargia lurrean kokatzen da, itsas ertzetik 500 metrora (48°25’24’’N - 04°46’44’’W). Argi direkzional batez hornituta dago, Kermorvan-eko itsasargiarekin lerrokatuta. Kono-enbor formako bere ardatza arku batzuetan amaitzen da, harri zilindrikoko balaustrada bati eutsiz.

1894ko urtarrilaren 1ean piztu zen itsasargia. Lehenengo argi hura harrikatzezko gasez elikatuta zegoen. 1900 urtean oliozko erregailu bat instalatu zen eta 1963 arte mantendu zen.

1944ko abuztuaren 15ean, eztandarik egin ez zuen jaurtigai batek itsasargiaren dorrea zeharkatu zuen eta granitozko eskailera eta bere oinarria kaltetu zituen.

1963an itsasargia elektrifikatu zen eta 1984an automatizatu zen. 1987tik jendeak bisitatzeko zabalik dago itsasargia.

37.20 metroko itsasargi honek argi zuria du, 6 segundoan behin bi ezkutatze egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.




2016(e)ko apirilaren 4(a), astelehena

Kermorvan itsasargia

Kermorvan itsasargiaren dorre koadratu berezia izen bereko penintsularen muturrean aurkitzen da (48°21'43''N - 04°47'26''W). 20.35 metroko altuera duen itsasargi hau Lochrist, Trézien eta San Mateo itsasargiekin lerrokatuta dago.

Dorrearen eraikuntza eta argiztapena Louis Plantier-ek ikuskatu zuen 1849an. Argiztapen sistema desmuntatu eta gorde egin zen gerra garaian.

Automatizatuta dago 1994tik eta urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-en dagoen Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Ez da inor bizi bertan eta bisitatu ere ezin da egin.

Argia zuria da, bost segundoan behin distira bat egiten du 180 watteko lanpara batez eta 22 itsas miliatako irismena du.




2016(e)ko martxoaren 9(a), asteazkena

Irla Birjinako itsasargia (Île Vierge)

Irla Birjinako itsasargia Lilia hiri txikiko kosta parean kokatzen da, Plouguerneau komuna frantsesean (48°38'20'' N - 04°34,29'' W). Itsasargi honek, guztira 82.50 metroko altuerarekin, harriz eraikitako Europako altuena izaten jarraitzen du eta Frantziako garrantzitsuenetako bat da. Bost metro diametroko zilindro batean 360 mailako horma-eskailera dauka eta, gainera, linternara igotzeko burdinazko beste 32 maila.

Lehenengo itsasargia (oraindik zutik dago), 33 metroko altuera eta 14 itsas miliatarainoko irismena zuena, irlaren ekialdeko gain batean eraiki zen. 1842an hasi ziren eraikitzen eta hiru urte beranduago amaitu. Lehen aldiz 1845eko abuztuaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honen argiak indar gutxi zuenez, bigarren bat eraikitzea pentsatu zen eta 1897ko apirilaren 24an hasi ziren egiten eta bost urte beranduago amaitu. 1902ko martxoaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1959an elektrifikatu zen eta hurrengo urteetan berritzen joan ziren, 2008an amaitu zen arte. 2010eko lehen sei-hilabetean automatizatu egin zen eta 2010eko urriaren 29tik ez da inor bizi bertan. 2013an hasi zituen itsasargia berritzeko lanak Brest-eko Itsasargi eta Balizen Azpisailak eta bi urte iraun dute.

Argiak bost segundoan behin distira zuri erregularrak egiten ditu eta 27 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik monumentu historiko izendapena dauka. Egun, jendeak bisitatzeko irekita dago.




2016(e)ko otsailaren 20(a), larunbata

BATZAR NAGUSIRAKO DEIALDIA

Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkarteak, estatutuen 9. artikuluaren arabera, dei egiten dizu 2016ko otsailaren 21ean, 10:30ean lehen deialdian, eta 11:00etan bigarren deialdian, Pasiotarren parrokiko lokaletan, Anaka kaleko 1A zenbakian, egingo den OHIKO BATZAR NAGUSIra.




2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

Pontusval itsasargia

Pontusval itsasargia Beg-Pol muturrean eraiki zen, Brignogan-Plages herrian (48º40'41''N - 4º20'47''W). Kostaldean naufragio asko gertatzen zelako erabaki zen itsasargia eraikitzea eta 1869ko ekainean amaitu zen. Lehen aldiz 1869ko irailaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honek lotura egiten du Vierge uhartea eta Batz uhartearen artean.

Itsasargia orokorki tokiko granitoz egina dago. 14.5 metroko altuera du. Argia, zuria edo gorria, sektoreka eta 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 10 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

Batz uharteko itsasargia

Batz uharteko itsasargia uhartearen mendebaldean dago (48°44’43’’N - 04°01’37’’) eta izen bera hartzen du. Granitozko dorre zilindrikoa da, 42.60 metro ditu eta kolore beltzeko kupula metaliko bat dauka gainean.

1833an aukeratu zen itsasargi honen kokapena eta bi urte eta erdi soilik eman zuten eraikitzen, 1836ko urriaren 10ean amaituz. Bigarren Mundu Gerran bai linterna eta bai gailu optikoa suntsitu ziren. Gero, elektrifikatu egin zen eta irratifaro bat instalatu. Era berean, 1962an semaforo auxiliar bat jarri zen.

Argi zuriak 25 segundoan behin 4 distira egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.

Itsasargi hau automatizatuta dago 1995etik. Gaur egun ez da inor bizi bertan baina bisitatu daiteke.