Link castellano

2016(e)ko uztailaren 19(a), asteartea

Cabo Mayor Itsasargira (Santander) txangoa

Gure Elkarteak txango bat antolatu du Santanderko Cabo Mayor itsasargira.

Bidaia datorren uztailaren 31n izango da, igandea, goizeko 8:00etan irtenda. Irunera 20:30 aldera itzultzea pentsatu dugu.

Txangoaren prezioa, autobuseko txartela eta itsasargia barnetik ikustea barne (optika, linterna, biraketa sistema, …) 15 euro da. Egun horretako bazkaria norberak eraman behar du. Itsasargira bisita egin ondoren, Santander hiri zoragarriaz gozatzeko denbora izango dugu.

Gaur bertan hasiko da izena emateko epea eta uztailaren 27ra arte, asteazkena, egongo da epea zabalik. Izena emateko edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero mezu elektroniko bat bidali amigosfaroseuskadi@gmail.com helbide elektronikora edo 686437834 telefono zenbakira deitu. Bestela, Pasiotarren parrokiko lokalera etorri (Anaka kalea, 1A) uztailaren 19, 21 eta 26an, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara. Izenematea egintzat emango da ordaintzen den unean. Adingabekoek heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Zatoz! Laster arte!



2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

La Jument itsasargia

La Jument itsasargia Ouessant irlaren hego-mendebaldeko kosta parean kokatzen da, Fromveur itsasartearen hego-mendebaldeko muturrean (48°25’20’’N - 5°08’02’’W). Dorre oktogonala da, 47,40 metro altuera duena, goi aldean hegalarekin. Harri landugabean eraikita dago, beheko aldea izan ezik.

1903an itsasargi honen kokapena aukeratu zen inguru horretan gertatu ziren naufragio ugariengatik. La Jument erabat itsas azpian geratzen den arroka da itsasgora dagoenean eta bere lau oinarriak soilik ikusten dira itsasbehera denean. Horrek egin zuen eraikuntzarako erronka handiagoa izatea eta 1940an sendotzeko obrak egin beharra gertatzea.

Itsasargi honen argia lehen aldiz 1911ko urriaren 15ean piztu zen. Azkeneko farozainak La Jument utzi zuen 1991ko uztailaren 26an, urte horretan automatizatu zen eta. Honek behar bezala funtzionatzen duela zaintzen da Créac’h-eko itsasargiko kontrol estaziotik.

2009ko urte hasieran itsasargi honen hormigoizko oinarria kaltetuta agertu zen. 2010eko iraileko itsasaldiek hormigoizko oinarri hau eta plaka metalikoak sendotzea ahalbidetu zuten.

Argi gorria du, 250 watt-eko lanpara halogenoak egina 15 segundoan behin hiru distirako multzoetan eta 21 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik itsasargia monumentu historiko gisa katalogatuta dago.

Mundu mailan itsasargien argazkirik famatuenetako bat honi ateratakoa da. Argazki honen historia 1989ko abenduaren 21ekoa da. Argazkilari bat La Jument gainetik igarotzen ari zen helikopteroz ekaitz handia zen egun batean. Barnean, farozainak, helikopteroa behin eta berriz gainetik pasatzen zela ikusita, zerbait arraroa gertatuko zela pentsatu zuen. Beraz, atea ireki zuen zer gertatzen zen ikusteko. Argazkilaria hasi zen bere kamara klikatzen olatu erraldoi bat itsasargiaren egitura besarkatzen hasi zen une berean. Une horretan, farozaina atera irtenda, trumoi-hots lehor bat entzun zuen (olatuak itsasargiaren aurrealdean jo zuen kolpea). Ireki zuen bezain azkar itxi zuen atea, olatuak dena txikitu baino segundo-milaren bat justu lehenago. Mirariz zegoen bizirik. Karretean 9 irudi geratu ziren jasota eta 1990ean World Press Photo bigarren saria lortuko zuten irudi horiek.




2016(e)ko ekainaren 1(a), asteazkena

Créac’h itsasargia

Créac’h itsasargia ("harkaitz-muinoa" bretoieraz) Ouessant irlaren mendebaldean kokatuta dago (48°27’33’’N - 05°07’44’W) eta mundu mailako itsasargirik potentzia handikoena da. 54.85 metro altuerako egitura hau oso erraz ezagutzen da marra zuri eta beltzak dituelako eta egunez are errazago egiten dute itsasargia ikustea.

1860an sinatu zen dekretu inperiala itsasargi hau eraikitzea ahalbidetzeko. Obrak 1863an amaitu ziren eta urte bereko abenduaren 19an abian jarri zen. Ondoren, 1888ko azaroaren 4an elektrifikatu zen eta 1901ean sendotu.

Argiztapen sistemak aldatzen joan dira urteetan zehar eta gaur egun 2000 watteko ioduro metalikoko lau lanpara edukitzera iritsi da. Argi zuria du, 10 segundoan behin bi distirako multzoen erritmoan eginez, eta 30 itsas miliataraino iristen da.

2005eko irailaren 26tik itsasargiaren fatxada monumentu historiko gisa katalogatuta dago. Betalde, 2011ko maiatzaren 23an itsasargi hau osorik monumentu historiko izendatu zen Kultura eta Komunikazio Ministerioaren aginduz.

Bere antzinako zentral elektrikoan gaur egun itsasargi eta balizen museoa dago. Itsasoko seinaleen historiari buruzko museo honetan itsasargi eta balizen zerbitzuak utzitako bildumak daude, baita abentura tekniko eta gizatiar handi honen inguruko testigantza desberdinak ere. Itsasargiaren gainontzekoa ezin da bisitatu.

Azkenik, itsasargi honetan kontrol estazio bat dago, non zortzi agente dauden Finisterreko itsas seinaleztapenerako sistema guztiak urrunetik zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen, eguneko 24 orduz.




2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Stiff-eko itsasargia

Stiff-eko itsasargia Finisterreko departamendu bretoian kokatzen da (48°28’28’’N - 05°03’24’’W) eta Frantziako zaharrenetako bat da.

Itsasargi honek kono-enbor formako bi dorre erantsita ditu. Horietako batek, handienak, 1926 urteko linterna bat dauka. Besteak eskailera zirkular bat dauka eta kupula erdiesferiko batean amaitzen da.

1700 urtean itsasargi honen argia lehen aldiz abian jarri zen. Egurrez funtzionatzen zuen eta negu garaian soilik. 1776 urtetik aurrera urte osoan zehar piztuta egongo da. 1831n Fresnel lente bat instalatu zen eta Finisterre aldeko lehen itsasargia izango zen hori egiten zuena. 1926an lenteen multzoa aldatu eta eraginkorragoak jarri ziren eta oraindik horiek kontserbatzen dira. 1957an itsasargia elektrifikatu egin zen eta 36 urte beranduago automatizatu egin zen.

Egun, piztea eta itzaltzea zelula fotoelektriko batez kontrolatzen dira eta instalazio osoa urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol gunetik. Créach'h itsasargiaren arduradunak aritzen dira honako honen kontserbazio eta mantentze lanetan.

Itsasargi honek, 32.40 metroko altuera dauka, argi gorria du, 20 segundoan behin bi distira egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.

2006ko ekainetik monumentu historiko izendapena dauka eta 2009tik jendeak bisitatzeko zabalik dago.




2016(e)ko maiatzaren 5(a), osteguna

Nividic itsasargia

Nividic itsasargia oinarri obalatu baten gainean dagoen dorre oktogonala da eta 35,55 metroko altuera du. Ouessant irlako Pern muturraren amaieran eraikita dago (48°26’44’’N - 05°09’03’’W). Bere egiteko nagusia enkailatzeak saihestea da, lainoa denean, irlaren mendebaldean dauden arroketan.

Itsasargi hau eraikitzen 1916an hasi ziren eta 1930ean amaitu. Eraiki ondoren, hormigoi armatuko bi dorre eraiki ziren Créac'h zentraletik itsasargiraino indar elektrikoa eramaten zuten goi-tentsioko kableei eusteko. Sei urte beranduago piztu zen argia lehen aldiz.

Elektrizitatea eramaten zuen kablea desagertu egin zen Bigarren Mundu Gerran eta itsasargia itzali egin zen. 1952an argia berriz piztu zen baina makinaria zaharkitu batez. Gero, helikopteroentzako hogeita bost metro karratuko plataforma bat egin zen linterna gainean, langile teknikoak ahalik eta azkarren iristeko modua izan zezan.

1996 urtetik, eguzki-panelez ekipatuta dago argia. Bederatzi distira azkarreko argia egiten du eta 6 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko apirilaren 22(a), ostirala

Kéréon itsasargia

Kéréon itsasargia Ouessant irlatik hego-ekialdera kokatzen da (48°26’14’’N - 5°01’33’’W). Harri griseko harlangaitzezko dorre zilindrikoa da, 47.25 metro ditu eta ezaugarri bereko oinarri obalatu baten gainean kokatzen da.

Itsasargi hau luxu handienetako bat duena da. Eskailera inguratzen duen horma mosaikoen bitartez apainduta dago. Sala nagusiak, 5. mailan dagoenak, atentzioa deitzen du: paretak Hungariako haritzez eginiko panelez estalita daude eta horietako batzuk erliebean eginiko itsasargiez dekoratuta daude. Zoruan haize-arrosa handi bat dago ebano eta kaobazkoa.

Itsasargia 1909an hasi ziren eraikitzen. Argia lehen aldiz 1916ko urriaren 25ean piztu zen. Automatizatzeko lehenengo fasea 1972an egin zen, itsasargia elektrifikatu eta bi sorgailu instalatuz. 2004ko urtarrilaren 29tik erabat automatizatuta dago eta urrunetik kontrolatzen da Ouessant-eko Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Gaur egun ez da inor bizi han.

Argi zuri eta gorria ezkutatzeen bitartez da (pantaila birakari batez egina) eta gehienez 17 itsas miliatara iristen da.

2015eko abenduaren 31tik monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko apirilaren 12(a), asteartea

Trézien-eko itsasargia

Trézien-eko itsasargia lurrean kokatzen da, itsas ertzetik 500 metrora (48°25’24’’N - 04°46’44’’W). Argi direkzional batez hornituta dago, Kermorvan-eko itsasargiarekin lerrokatuta. Kono-enbor formako bere ardatza arku batzuetan amaitzen da, harri zilindrikoko balaustrada bati eutsiz.

1894ko urtarrilaren 1ean piztu zen itsasargia. Lehenengo argi hura harrikatzezko gasez elikatuta zegoen. 1900 urtean oliozko erregailu bat instalatu zen eta 1963 arte mantendu zen.

1944ko abuztuaren 15ean, eztandarik egin ez zuen jaurtigai batek itsasargiaren dorrea zeharkatu zuen eta granitozko eskailera eta bere oinarria kaltetu zituen.

1963an itsasargia elektrifikatu zen eta 1984an automatizatu zen. 1987tik jendeak bisitatzeko zabalik dago itsasargia.

37.20 metroko itsasargi honek argi zuria du, 6 segundoan behin bi ezkutatze egiten ditu eta 22 itsas miliatara iristen da.