Link castellano

2016(e)ko apirilaren 4(a), astelehena

Kermorvan itsasargia

Kermorvan itsasargiaren dorre koadratu berezia izen bereko penintsularen muturrean aurkitzen da (48°21'43''N - 04°47'26''W). 20.35 metroko altuera duen itsasargi hau Lochrist, Trézien eta San Mateo itsasargiekin lerrokatuta dago.

Dorrearen eraikuntza eta argiztapena Louis Plantier-ek ikuskatu zuen 1849an. Argiztapen sistema desmuntatu eta gorde egin zen gerra garaian.

Automatizatuta dago 1994tik eta urrunetik kontrolatzen da, Ouessant-en dagoen Créac'h itsasargiko kontrol estaziotik. Ez da inor bizi bertan eta bisitatu ere ezin da egin.

Argia zuria da, bost segundoan behin distira bat egiten du 180 watteko lanpara batez eta 22 itsas miliatako irismena du.




2016(e)ko martxoaren 9(a), asteazkena

Irla Birjinako itsasargia (Île Vierge)

Irla Birjinako itsasargia Lilia hiri txikiko kosta parean kokatzen da, Plouguerneau komuna frantsesean (48°38'20'' N - 04°34,29'' W). Itsasargi honek, guztira 82.50 metroko altuerarekin, harriz eraikitako Europako altuena izaten jarraitzen du eta Frantziako garrantzitsuenetako bat da. Bost metro diametroko zilindro batean 360 mailako horma-eskailera dauka eta, gainera, linternara igotzeko burdinazko beste 32 maila.

Lehenengo itsasargia (oraindik zutik dago), 33 metroko altuera eta 14 itsas miliatarainoko irismena zuena, irlaren ekialdeko gain batean eraiki zen. 1842an hasi ziren eraikitzen eta hiru urte beranduago amaitu. Lehen aldiz 1845eko abuztuaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honen argiak indar gutxi zuenez, bigarren bat eraikitzea pentsatu zen eta 1897ko apirilaren 24an hasi ziren egiten eta bost urte beranduago amaitu. 1902ko martxoaren 1ean piztu zen lehen aldiz. 1959an elektrifikatu zen eta hurrengo urteetan berritzen joan ziren, 2008an amaitu zen arte. 2010eko lehen sei-hilabetean automatizatu egin zen eta 2010eko urriaren 29tik ez da inor bizi bertan. 2013an hasi zituen itsasargia berritzeko lanak Brest-eko Itsasargi eta Balizen Azpisailak eta bi urte iraun dute.

Argiak bost segundoan behin distira zuri erregularrak egiten ditu eta 27 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik monumentu historiko izendapena dauka. Egun, jendeak bisitatzeko irekita dago.




2016(e)ko otsailaren 20(a), larunbata

BATZAR NAGUSIRAKO DEIALDIA

Euskadiko Itsasargien Lagunak Kultura Elkarteak, estatutuen 9. artikuluaren arabera, dei egiten dizu 2016ko otsailaren 21ean, 10:30ean lehen deialdian, eta 11:00etan bigarren deialdian, Pasiotarren parrokiko lokaletan, Anaka kaleko 1A zenbakian, egingo den OHIKO BATZAR NAGUSIra.




2016(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

Pontusval itsasargia

Pontusval itsasargia Beg-Pol muturrean eraiki zen, Brignogan-Plages herrian (48º40'41''N - 4º20'47''W). Kostaldean naufragio asko gertatzen zelako erabaki zen itsasargia eraikitzea eta 1869ko ekainean amaitu zen. Lehen aldiz 1869ko irailaren 15ean piztu zen.

Itsasargi honek lotura egiten du Vierge uhartea eta Batz uhartearen artean.

Itsasargia orokorki tokiko granitoz egina dago. 14.5 metroko altuera du. Argia, zuria edo gorria, sektoreka eta 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 10 itsas miliatara iristen da.

2011ko maiatzaren 23tik itsasargi honek monumentu historiko izendapena dauka.




2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

Batz uharteko itsasargia

Batz uharteko itsasargia uhartearen mendebaldean dago (48°44’43’’N - 04°01’37’’) eta izen bera hartzen du. Granitozko dorre zilindrikoa da, 42.60 metro ditu eta kolore beltzeko kupula metaliko bat dauka gainean.

1833an aukeratu zen itsasargi honen kokapena eta bi urte eta erdi soilik eman zuten eraikitzen, 1836ko urriaren 10ean amaituz. Bigarren Mundu Gerran bai linterna eta bai gailu optikoa suntsitu ziren. Gero, elektrifikatu egin zen eta irratifaro bat instalatu. Era berean, 1962an semaforo auxiliar bat jarri zen.

Argi zuriak 25 segundoan behin 4 distira egiten ditu eta 23 itsas miliatara iristen da.

Itsasargi hau automatizatuta dago 1995etik. Gaur egun ez da inor bizi bertan baina bisitatu daiteke.




2016(e)ko urtarrilaren 18(a), astelehena

Roscoff-eko itsasargia

Roscoff-eko lehenengo itsasargia (48º43'21''N - 3º58'50''W) 1880an eraiki zen izen bereko portura sartzeko bidea errazteko. 1914an dorre berri bat eraikitzea planteatu zen, izan ere ez zuen behar besteko argia egiten, baina bertan behera geratu zen Lehenengo Mundu Gerran. Proiektu hori hogei urte beranduago berreskuratu zen.

Egungo itsasargia harlangaitzezko dorre piramidala da eta 24.40 metroko altuera du. 2002 urtetik, instalazioa urrunetik kontrolatzen da, Ouessant irlan dagoen Créac'h estaziotik hain zuzen. Itsasargian jada ez da inor bizi.

Argi zuria, 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta 15 itsas miliataraino iristen da.




2016(e)ko urtarrilaren 12(a), asteartea

Louët uharteko itsasargia

Louët uharteko itsasargia Morlaix badiaren sarreran kokatzen da, Bretainia frantziarrean (48°40′25″N - 3°53′20″W). Inguru harritsuan dago, Carantec kostatik 350 metrotara eta Taureau gaztelu ospetsutik gertu.

Dorre karratu zuria da, 19 metroko altuera duena, kolore beltzeko kupula batekin. 1857an eraiki zuen Fenoux ingeniariak eta 1962an automatizatua izan zen.

Farozain izandakoen etxea, itsasargiaren aldemenean dagoena, alokatu daiteke gehienez 2 egun eta 2 gaueko egonaldirako (apirila eta urria bitartean). Hamar lagunentzako tokia dauka.

Argia, 12 segundoan behingo ezkutatze-multzoka egiten du, eta gehienez 23 itsas miliataraino iristen da.