Link castellano

2025(e)ko ekainaren 27(a), ostirala

Millierreko Itsasargia

Bretainiako itsasargietan barrena jarraituko dugu Tristan uharteko itsasargian utzi genuen ibilbidea.

Finistère-n kokatua, Cap Sizun-en iparraldean, Beuzec-Cap-Sizun udalerrian (48° 6′ 15″ N, 4° 27′ 54″ W), Millierreko itsasargia Frantziako kostan katalogatutako ia 150 itsasargietako bat da.

«Tan-ar-Millier» izenez ere ezaguna, Millier lurmuturreko amildegien ertzean dago, altuera apaleko aurri batzuek zedarritutako eremu batean. Itsas mailatik 34 metrora dago, farozainaren etxearen iparraldeko hormari datxekion dorre garai batean.

Harel de la Noë ingeniariak diseinatu zuen, eta Beg Léguerreko itsasargiaren anaiatzat har daiteke, garai bertsuan altxatu baitzuten Lannion ibaiaren bokalean faro hura.

Itsasargi forma klasikoa du, eta 12,60 metro luze, 7,10 metro zabal eta ia 7,50 metro garai da. Granito arruntez eraikia dago eta arbelezko teilatua du. Iparraldeko fatxadan, ezaugarri aski abangoardista eta ezohikoa dauka: dorre erdizirkular bat eta, haren barruan, 4 metroko diametrodun argia. Dorreak zinkezko teilatua du, tximistorratzez eta gezi biko haize-orratz batez hornitua. Faroaren kanpoko plataforma mentsula batzuen gainean jarria dago, eta burdina galbanizatuzko baranda dotore batek eusten dio, zeinak erdialdean obraren urtea daukan, eta beheko aldean zerrenda izarreztatu bat, apaingarri.

Eraiki zutenean, olioz elikatutako lanpara xume bat zen argiaren iturria. Geroago, 1965ean, elektrizitatea heldu zen. Lehentxeago, Bigarren Mundu Gerran, alemanek elementu optikoak erretiratu zituzten, eta itsasargia begiraleku gisa erabili. Sei farozain arduratu ziren itsasargiaz, txandaka, 1993ra arte, orduan automatizatu zuten eta. Gaur egun, urrunetik kontrolatzen dute, Bresten dagoen Operazio eta Esku Hartze Zentrotik. Argiak 19 kilometroko iritsiera du, eta bi koloreko argiak emititzen ditu, zuria eta gorria, txandaka, 6 segundoan behin.


Faro de Millier-eko Itsasargia


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina